Ion Areitio: "“Sei urterekin irabazi nuen lehenengo proba. Ordutik, gelditu gabe!”"

Ion Areitio: "“Sei urterekin irabazi nuen lehenengo proba. Ordutik, gelditu gabe!”" https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2010/07/02
elkarrizketa
Ion Areitio: "“Sei urterekin irabazi nuen lehenengo proba. Ordutik, gelditu gabe!”"
Datorren azaroan beteko ditu 18 urte, baina askok nahi lukete bere palmaresa. Ion Areitio hondarribiarra hainbatetan izan da munduko txapeldun trialsin diziplinan, eta bide emankorrena egiteke du oraindik. Baserrian ere aritzen da lanean, baratzean eta ukuiluan; abelburu, untxi eta oiloak hazten. Mutil osoa.

Hondarribiko aireportuan dugu hitzordua, hobe gehiago zehaztu izan bagenu, aireportua toki zabala baita zinez. Ionek eta bere amak kotxez gidatu gaituzte malda gora Mugarrieta baserriraino, etxeraino. Jaizkibel magaletik bistak ikusgarriak dira: Bidasoaldea berde-berde Larrun eta Aiako Harria mendien babesean. Aitonak agurtu gaitu ukuilutik eta zakurrek ere ongietorria eman digute zaunka, oilarrak ere bota du kukurrukua. Etxea gurutzatu eta amonarekin egin dugu topo sukaldean, gisatu-lurrun gozo artean. Ionen atzetik terrazaren zabaltasunera irten gara, mahai inguruan eseri eta begirada paisaia berdean iltzatu dugu. Bukolikoegia dela pentsatuko du baten batek, baina hala izan da. "Horrela bai!", horrela lan egitea pribilejioa da kazetariarentzat.

Txapeldun handia zara Ion, baina aitortu behar dizut zaila izan dela elkarrizketa hau prestatzeko informazioa biltzea. Kiroletan hain da handia desoreka…

Batez ere hau ez delako kirol olinpikoa. Gainera, ez dakit, mountainbikean ibiltzea gustuko duenak erraza du hartu, mendira joan eta ibiltzea. Trialsinarena konplikatuagoa da eta jende gutxiago erakartzen du. Asko gustatzen zaizu edo… ezer ez.

Eta susmoa dut honetan aritzen diren neskak are gutxiago izango direla.

Gutxi dira, oso gutxi. Hemen Euskal Herrian badabil Aretxabaletako bat. Eta Kataluniako bi ahizpa ere bai. Gutxi.

Beno, azterketak amaituta, ezta?

Bai, selektibitatea egin dut egun hauetan, batxilergoa bukatu dut.

Eta orain zer?

Gasteizera joango naiz IVEF/SHEE [Gorputz Hezkuntza] ikastera. Trialsinen aritzeagatik bekak ematen dizkidate eta bostekoa nahikoa zait sartzeko. Gasteizen biziko naiz astean zehar, han baditut lagunak, eta entrenatzeko lekua ere bai.

Pentsatzen dut azterketa garaitan ihesbide moduko bat izango dela trialsina zuretzat.

Ez pentsa. Azterketa egunetan ez naiz gehiegi entrenatzen. Joan den astean, adibidez, behin bakarrik joan nintzen, hustera.

Eta, txapelketetan, nola bideratzen duzu urduritasuna? Maniaren bat akaso…

Maniarik ez daukat, eta urduritasuna… lehengo frogan bakarrik, lehenengo zonan. Hori pasatuta, lasaitu egiten naiz.

Ezinbesteko galdera: nolatan hasi zinen honetan?

Hemen, etxean, aitak eta osabak beti eduki izan dituzte mendian ibiltzeko motoak eta bizikletak. Orain dela hamar urte baino gehiago, nik sei nituenean, lagun batek komentatu zidan hemen ondoko herrian, Irunen, bazegoela trialsin proba bat, eta parte hartzera animatu ninduen. Lotsa ematen zidala esan nion, baina bera ere etorriz gero animatuko nintzela. Joan nintzen eta, niretzako lehenengo proba izan bazen ere, bigarren postua lortu nuen. Orduz geroztik… gelditu gabe!

[Ionen amak, Izaskunek kafetxo beroak atera ditu guztiontzat; pasta eta guzti. Esandakoa, halakoetan kazetariaren lana pribilejio hutsa izaten da. Esnea ez omen da etxekoa, aspaldi utzi zioten ekoizteari lana izugarria zelako. Orain haragitarako bakarrik hazten dute ganadua, 45 bat abelburu].

Euskal Herrian badaude txapeldun handiak, Benito Ros nafarra adibidez. [Berriki lehenengo postua eskuratu du Euskadiko Txapelketan, Areitioren aurretik]

Bai, konfiantza handia dut berarekin. Ekipo berean gabiltza eta askotan gelditzen gara entrenatzeko.

Baina ez duzu miresten…

Ba, egia esan, honetan ez dut idolorik…

Zu zeu!

Hori da! –barrez–.

Eta baserrian? Nolatan hasi zinen honetan? Halabeharrez pentsatzen dut.

Aitona izan da beti baserriko lanak aurrera atera dituena. Baina, uste dut 2005ean izan zela, aitona gaixotu egin zen eta gaixorik pasatu zituen hiru bat urte. Orduan, amak eta biok hartu genituen baserriko ardurak gure gain. Aitona ongi jarri da berriz, baina laguntzen diogu hala ere.

Bizikleta gainean bezain trebea honetan ere?

Beno… moldatzen naiz…

Bi gauzak uztartu dituzu baserria ere entrenamendurako gune bihurtuta.

Neguan agudo iluntzen du eta horregatik indoor bat daukat prestatuta paleekin. Baina, normalean, astean zehar, Hondarribiko espigoian entrenatzen dut. Gero, asteburutan, kanpora ateratzen naiz.

Komeni da lurrazal ezberdinetan frogak egitea, ezta?

Bai. Hemen Hondarribian, adibidez, arroka arteko zuloekin trebatzen naiz, baina ona da beste leku batzuetan zailtasun berriak probatzea.

Hirietan ere gero eta gehiago ikusten dira tankera honetako bizikletak. Badirudi gurpil gaineko kirolak (skatea, patinak eta orain trialsina) ari direla hiriak hartzen.

Bai, jende asko dabil street deitzen dioten moda horretan sartuta. Hirian barna ibiltzen dira, barandetan eta espaloietan saltoka… baina ez dute txapelketetan parte hartzen, ez zaie gustatzen. Hori bai, street modak jende pila bat mugitzen du.

Sasoia eta teknika ez ezik, kontzentrazioak ere ezinbestekoa dirudi honetan.

Nik, egia esan, burua ez dut lantzen. Espigoian entrenatzen naiz bizikletarekin, mountainbikea hartu edo korrika ere aritzen naiz fondo pixka bat egiteko… baina burua ez. [Irribarre pikaro xamarra irten zaio Ioni. Agian amaren ardura izango da semearen burua lantzea… Ezetz dio Izaskunek, "Bera bere airera dabil! Baina egia da aitak askotan laguntzen diola urduritasuna kontrolatzen eta lasaitzen"].

Futbolariek tokeak zenbatzen dituzten moduan, zuk neurtu al duzu inoiz zenbat denbora egon zaitezkeen bizikleta gainean hankarik lurrean jarri gabe?

Ez, ez daukagu horretarako ohiturarik. Egia da diziplina batzuetan ibiltzen direla neurtzen saltoen garaiera eta antzekoak… baina guk ez dugu ohiturarik.

Gehiegi kontrolatzen ez dugunontzat: zertan datza trialsin froga bat?

Froga batean zonalde ezberdinak bereizten ditugu, bakoitza 60 bat metrokoa eta oztopoz betea. Gehienez bi minutu eta erdiko denboran egin behar ditugu zonalde bakoitzeko metro horiek, hanka lurrean jarri gabe, penalizatu egiten delako. Gehienez bost aldiz jar daiteke hanka lurrean, eta biak atereaz gero, kalera zoaz zuzenean. Bestalde, zonalde bakoitzaren barruan bide bat baino gehiago markatzen da, zailtasun-maila desberdinekoak.

Entrenamenduak, baserria eta, gainera, ikasketak. Nolakoa da egun arrunt bat zuretzat?

Goizeko 7:00ak inguru jaikitzen naiz; gosaldu eta 8:00etarako eskolara. 14:00etan edo 15:00etan itzultzen naiz etxera, eta ikasteko edo lanak egiteko aprobetxatzen dut arratsaldea, nahiz eta orain, aitona sendatu denetik, gutxiago dudan egiteko. Entrenatzera, normalean, 18:00ak aldera joaten naiz bi ordurako.

Denbora faltak lapurtu al dizu zer edo zer?

Ez, ondo antolatuz gero denerako dago denbora.

Parrandarako ere bai?

Bai, bai, bai –barrez–.

Herrira jaisteko ere bizikleta?

Motoarekin ibiltzen naiz gora eta behera. Hala ere, azkenaldian inguruko baserrietako gazteak elkartzen gara parranda ondoren bueltarako taxi bat hartzeko.

Munduko Txapelketa irabazitakoa zara benjamin, alebin, infantil eta kadete mailatan. Orain, goren mailara pasatuko zara laster. Saltoa nabaria izango da, ezta?

Beno, Euskal Herrian eta Espainian ere dagoeneko profesionaletan aritzen naiz, entrenamendu moduko bat da niretzat. Europan eta mundu mailan oraindik ez; azkeneko urtea daukat juniorretan. Baina bai, jauzia handia da. Nahiz eta orain arte goian ibili naizen, profesionaletara pasatuta beheko postutan gelditzearekin kontent. Elitera pasatzeak hori dauka, lau bat urte eman beharko ditut ikasten eta ikasten, azpian; iritsiko da gora egiteko momentua. Espainiako Txapelketan, adibidez, bitan aritu naiz profesionaletan eta hor ibil naiz, bosgarren… oso kontent.

Urte asko daramatzazu honetan. Zenbat bizikleta eduki dituzu?

Ba sei urtetik hamar urtera arte bai, aldatu nuen bizikletaz. Baina ordutik hona, tamaina aldetik behintzat ez dut beharrik izan. Beste kontu bat da urtero modelo berriak ateratzen direla…

Zenbat diru eramaten duzue soinean eta hanka artean txapelketetan?

Norberaren araberakoa da hori. Seriezko bizikletak 2.000 euroren bueltan dabiltza, baina karbonozko eskulekua jartzen badiozu, pedal onak, gurpilari zuloak egiten badizkiozu pisua galtzeko… txirrinda 4.000 eurora ere iritsi daiteke. Kapritxoen araberakoa da.

Zuk badaukazu babeslerik.

Bai. Koxx marka frantsesak ematen dizkit bizikletak, arropa eta ordezko piezak.

Dirutza daramazue, baina bizi al daiteke honetatik?

Ez, bakarrik lau edo bost profesional daude honetatik bizi direnak. Beste guztiok hobby bezala bakarrik daukagu hau.

Bestela, ogibidea baserrian ala baserritik kanpo ikusten duzu?

Baserria beti hemen egongo da. Lehenengo ikasi eta gero… baserria, bada ezpada, hemen egongo da beti. Dena egin daiteke.

Baina, orduan, gustatuko litzaizuke baserrian aritzea.

Bai, bai.

Hori epe luzera. Epe laburrera, zer erronka duzu?

Ba, orain, hilabete amaieran Italiara joango gara Munduko Kopan maila gorenean lehiatzera. Gero, abuztu hasieran, Alemaniara, Europako Txapelketara. Eta, ondoren, abuztu amaieran eta iraila hasieran Kanadara Munduko Txapelketara.

Bidaiatzeko modu polita!

Bai. Europan zehar mugitzeko aita, ama eta hirurok ibiltzen gara autokarabanan. Baina Kanadara, adibidez, Federazioarekin joango naiz.

Jende asko hurbiltzen al da txapelketa hauek ikustera?

Bai, beno, normalean betikoak elkartzen dira. Bakarrik herriren batean indoor txapelketa bat antolatzen denean biltzen da jende gehiago. Bestela… betikoak.

Betiko horiek ere autokarabanan ibiliko dira alde batetik bestera, ez?

Bai, hori da! –barrez–.

[Grabagailua itzali ondoren ere jarraitu dugu tarte batean hizketan, mahainguruan, gustura. Familia atsegina da Ionena; abegitsu hartu gaituzte eta baserriko letxuga freskoak oparituta agurtu esker onez. Orain artekoagatik zoriontzea eta aurrera begira zorterik onena opatzea besterik ez zaigu geratzen].

Ionen Kuttunak



Musika talde bat: Ez dut musika gehiegi entzuten. Autokarabanan, adibidez, Kepa Junkera ibiltzen da buelta eta buelta.
Ikusteko: Rally dokumentalak
Irakurtzeko: Eskolan agintzen dizkiguten nobelak ez behintzat.
Trialsina ez bada: Rallya
Miresten duzun norbait: Ari Vatanen
Paisaia bat: Gure etxetik ikusten duguna
Ilargira, zer gabe ez? Amonak prestatzen didan janaririk gabe, inora ere ez.

Ion Areitioren Palmaresa


2002: Munduko txapelduna benjamin mailan.
2004: Munduko txapelduna alebin mailan.
2006: Munduko txapelduna infantil mailan.
2008: Munduko txapelduna kadete mailan.
2009: Espainiako txapelduna junior mailan, bigarrena Europan eta bigarrena Munduko Txapelketan. Hamaikagarrena Ranking mundialean.
2010: Bosgarrena Espainiako Txapelketan profesional mailan. Zazpigarrena Ranking mundialean.