Inoiz baino jaiotza gutxiago

Inoiz baino jaiotza gutxiago Koronabirusak uste zenaren kontrako efektua eragin du eta datorren urtean nabarmen jaitsiko da jaiotza tasa. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/inoiz-baino-jaiotza-gutxiago/@@download/image/c-section-births-not-linked-to-obesity-in-children-scientists-say-136441637203202601-191206191018.jpg
2020/06/22

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Koronabirusak uste zenaren kontrako efektua eragin du eta datorren urtean nabarmen jaitsiko da jaiotza tasa.
Inoiz baino jaiotza gutxiago

Itxialdiak baby-boom berri bat ekarriko zuela uste zuten askok, baina datuek kontrakoa diote; Brookings-ek argitaratutako ikerketaren arabera, soilik AEBetan 500.000 jaiotza gutxiago egongo dira. Arrazoia? Etxean gordetzera behartu gaituzte, bai, baina egoera ez da erraza izan. Beldurra, estresa, etorkizun ekonomiko iluna... guzti horrek haurra bilatzeko unea atzeratzera eraman ditu bikote asko. Bestalde, haurdunaldia klinika bitartez egin nahi zutenek ere unea atzeratu behar izan dute. 

Historian ala izan da beste pandemiekin ere; 2008ko krisi ekonomikoak, 1918-ko gripeak... halako gertaerek nabarmen gutxitzen dute jaiotza tasa. Oraingoan baina, historiako tasarik baxuena izan daiteke, beste faktore batzuk ere hor daudelako; haurrak izatera hasten diren gurasoen adina, osasuna, bizimodua... 

GAZTEAK, SEXURIK GABE

Aldi berean, AEBetako eta Europako gazteek inoiz baino sexu gutxiago praktikatzen dute, eta oso berandu hasten dituzte harremanak (kontrakoa pentsa dezakegun arren). Ikerketa berriek diotenez, sexurik praktikatzen ez duten AEBetako 18 eta 24 urte bitarteko gazteen kopurua %19 zen 2000 urte inguruan eta %30.9 igo da 2018an. Europako datuak ere antzekoak dira. Gazteak ez dira sexu gutxiago duten bakarrak; helduen artean ere, bataz-bestekoa nabarmen jaitsi da.

Arrazoia ez dago argi, baina dirudienez hainbat dira joera honen eragileak; alkoholaren eta tabakoaren kontsumoa jaitsi da, gazteak ez dira gurasoen etxetik joaten 30 urte bete arte (bataz-beste), gutxiago ateratzen dira, langabezia jasaten dute...

Estatistika okerrenak Japonian aurkitzen dira; bertan, ezkondu gabeko 18-34 urte bitarteko japoniarren %70 ez dute bikoterik, eta erdia oraindik sexurik sekula praktikatu gabekoa da. Bestalde, 24 urtetik beherako emakume japoniarren %45 ez dute sexurik praktikatu nahi, eta 30 urtetik beherako japoniarren %30 ez dute zitarik izan nahi. Japonia herrialde asexualenean bilakatu da; gainontzeko herrialdetan joera bera izango ote da?