Inken azken gotorleku misteriotsua

Inken azken gotorleku misteriotsua https://www.gaztezulo.eus/albisteak/inken-azken-gotorleku-misteriotsua/@@download/image/6p32-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Datorren uztailean 90 urte beteko dira mendebaldeko gizarteak Machu Picchuren berri izan zuenetik. Inka herriaren gotorlekua mende luzez egon da  ezkutupean, ahaztuta, ixiltasunak inguratuta. Hala ere, hiriari buruzko misterioak eta mitoak ez dira oraindik erabat argitu eta beharbada, ezta argituko ere.

Francisco Pizarro konkistatzaile espainiarra 1532an Peru aldera iritsi zenean, inken inperioak milioi bat kilometro karratu zituen (Euskal Herriko lurraldea baino 50 aldiz zabalagoa) eta inkek egindako bideak Ekuadorretik Txileko Santiagoraino iristen ziren. Guztira, bospasei milioi lagun eta ehun bat tribu bizi ziren inken agintepean. Hiriburua Cuzco zen.
Garai hartan Atahualpa zen inka burua. Mexiko aldean gertatu bezala, konkistatzaileak indiarren arteko borrokez baliatu ziren inperio handi hartaz jabetzeko. 1533an Pizarrok Atahualpa bahitu, eta buruzagia libre uztearen truke, erreskate bitxia eskatu zuen, Atahualparen gela betetzeko adina urre. Inkek urrea eraman zuten, baina Pizarrok ez zuen hitza bete eta Atahualpa hiltzea agindu zuen.
Jakina, konkistatzaile espainiarrak kristau zintzoak ziren eta horrexegatik, hil baino lehen Atahualpa bataiatu zuten. Are gehiago, ba al dakizue nor izan zen bere aita besoetakoa? Pizarro. Eta zein izen jarri zioten? Francisco, Pizarroren izena, alegia. Inka buruak, hala ere, hiltzaileak madarikatu zituen hil baino lehen. Eta harrigarria da, baina hilketa hartan parte hartutako guztiak berehala hil ziren, batzuk sufrimendu handiz, gainera. Atahualpa bataiatu zuen fraileari, esaterako, urre goria isuri zioten begietan inkek. Urre bila joan eta urre artean hil!
Borrokari eutsi zioten inkek haien lurrak utzi behar izan zituzten poliki-poliki. Azkenik, Vilcabamba probintziara erretiratu ziren eta bertan, gerrilla borrokari ekin zioten. Konkistatzailei aurre egin zien azken buruzagia Tupac Amaru izan zen. Gogoratzen al zarete duela zenbait urte gerrillari talde batek Japoniak Liman zuen enbaxada hartu zuenekoa? Gerrillari haiek MRTA taldekoak ziren, hau da, Tupac Amaru Mugimendu Iraultzaileko kideak.
Historia errepikatu egiten dela esan ohi da, eta ez da erabat zuzena. Baina kasu honetan, Tupac Amaruren patuak eta gerrillarienak antz handia izan zuten. Izan ere, Fujimori Peruko presidentearen aginduz, ejerzitoa enbaxadan sartu zenean, MRTAko kideak hil egin zituzten. Tupac Amaruk, etsita, bere burua espainiarren esku utzi zuen. Ez omen zuen Atahualparen lezioa ondo ikasita eta espainiarrek, ez zutela hilko hitz eman arren, burua moztu zioten bere jarraitzaileen aurrean 1572an.
Misterioz inguratuta
Mito eta misterio asko dago Machu Picchuri buruz: inken azken gotorlekua izan zela, espainiarrek ez zutela han sartzerik lortu, mende luzez ahaztuta egon dela.... Hiria 2.700 metrora dago eta ia-ia osorik 600 metroko altuera duten haitzarteez inguratuta. Antza, inken erresistentziaren azken urteetan garrantzi handia izan zuen. Zenbait historialarik diotenez, Tupac Amaru hil ondoren, Vilcabamba probintziako inkek oihanera jo zuten eta horrexegatik, hainbat eta hainbat hiri biztanlerik gabe geratu ziren eta denboraren poderioz, oihanak lur haiek berreskuratu zituen. Halaxe gertatu omen zen Machu Picchurekin: soldaduek hiria utzi eta nekazari familia batzuk baino ez ziren bertan geratu. Dena den, 1911ko uztailean, Hiram Bingham EEBBetako senadore eta irakaslea Machu Picchura iritsi zenean, han ez zen inor bizi. Noiz utzi zuten hiria azken biztanleek? Zergatik? Auskalo. Dirudienez, ordea, inperioa gainbeheran etorri ondoren, inka talde batek erlijio eta ohitura zaharrei eutsi zien Machu Picchun zenbait urtez (zenbait mendez agian?), isolatuta kristautasunaren eraginetik at.
Espainiarrek hirian sartzerik izan ote zuten ere ez da oraindik argitu. Halakorik edo kontrakoa dioen agiririk ez da orain arte topatu. Batzuek diotenez, espainiarrek ez zuten hiriaren berri. Zaila dirudi, kontuan hartzen badugu konkistatzaileek inka eta beste indiar askoren laguntza izan zutela inperioaz jabetzeko, eta ziur asko, indiar haiek Machu Picchu ezagutu behar zutela. Beste batzuen arabera, aldiz, espainiarrek, ahaleginak egin arren, ez zuten hirian sartzerik lortu. Egia esan, konkistatzeko toki zaila behar zuen izan. Baina Peru aldeko beste hiri eta toki batzuk ere ez ziren konkistatzen errazagoak eta hala ere, espainiarrek eskuratu egin zituzten. Baliteke espainiarrak Machu Picchun sartu eta ikuspuntu militarretik edo, interes gabekoa zenez, bertatik alde egin izana.
Beste misterio bat: mendeotan guztiotan ez al du inork Machu Picchuren berri izan?  Bingham euskal abizena hartutako indiar batek eraman zuen hirira: Melchor Arteaga. Beraz, argi dago hainbat indiarrek bazekitela non zegoen Machu Picchu. Kontua da indiar haietako asko, nolabait, isolatuta bizi izan direla mende luzez. Baina, are gehiago, 1614ko eta 1782ko bi agirik Machu Picchuri buruz hitz egiten dute. Misterioak misterio, hor dugu Machu Picchu, suntsitutako zibilizazio baten aztarna.