Iñigo Vidondo, abiadura patinatzailea: "Patinajea kirol olinpikoa balitz, beste modu batera

Iñigo Vidondo, abiadura patinatzailea: "Patinajea kirol olinpikoa balitz, beste modu batera https://www.gaztezulo.eus/albisteak/inigo-vidondo-abiadura-patinatzailea-quotpatinajea-kirol--olinpikoa-balitz-beste--modu-batera-hartuko-nukequot/@@download/image/2012572734inigo_1360705751.jpg
2012/05/04
elkarrizketa
Testua: Maialen Goñi
Iñigo Vidondo, abiadura patinatzailea: "Patinajea kirol  olinpikoa balitz, beste  modu batera
Gasteiztarra da, eta 23 urte bete berri ditu. Nazioarteko Txapelketetan parte hartzen ohituta dago, eta hirian ere irristaka ibiltzen da batetik bestera. Abiadura patinajea krisian dagoela kontatu digu Iñigo Vidondok, eta ongi pasatzera hurbiltzeko gonbitea luzatu. Ezin uko egin!  

Hasieratik hastearren, hamar urtetxorekin jarri zinen lehen aldiz patinen gainean.
Eskolan futbolean hasi nintzen, baina entrenatzeko denbora soberan nuenez, gurasoek beste kirol bat probatzeko esan zidaten. Zerrenda ikusi nuenean, izotz gaineko hockeyak erakarri ninduen, baina haiek ezezkoa eman zidaten, kolpe gehiegi jasoko nituelako –barrez–. Beraz, patinatzen hasi nintzen. Gure entrenamenduen ostean, dena den, abiadura patinajean aritzen ziren ni baino zaharragoak, eta haiek ikusita, probatzeko gogoa sartu zitzaidan, oso dibertigarria iruditu zitzaidalako.

Txukun izango zenituen belaunak!

Ez pentsa! Kiroldegian ibiltzen ginenez, ez nituen horrenbeste urratzen.

Baina babesgarriak erabiliko dituzue…

Kaskoa soilik da derrigorrezkoa, eta ez ditugu belaunetakoak ezta ukondoetakoak erabiltzen, abiadura patinajean gogaikarriak direlako. Beraz, gure babes bakarra kaskoa da.

Eta erortzerakoan? Urradurak nonahi?

Bai, txapa eta pintura konponketak behar izaten ditugu, badakizu! –barrez–. Betadinea eta ukenduak erredurak sendatzeko, gasatxo bat babesteko, eta patinatzera berriro ere!

Askotan erortzen zarete?

Nire mailan, ez. Erorketak izaten dira, noski, baina ez haurren artean bezainbeste. Kasu gehienetan, aurrean baten bat erori eta saihestu ezinik lurrean amaitzen dugu, edota beste norbaitekin estropezu egin eta bata bestearen atzetik erortzen gara, domino piezen moduan. Baina bakarka goazenean ez da horrelakorik gertatzen.

Dena den, garrantzitsua izango da material egokia erabiltzea, ezta?

Maillota janzten dugu, pistako txirrindulariek bezalaxe, eta gure kaskoa ere haiek erabiltzen dutenaren antzekoa da. Nik betaurrekoak jantzi ohi ditut, haizetik babesteko, eta patin bereziak erabiltzen ditugu: orkatilaraino iristen zaizkigu, eta karbono-zuntzezkoak dira, pisu gutxiago dutelako. Noski, kalitatearen arabera aukera oso zabala da, eta horien artean nireak nahiko maila altukoak dira. Egia esan, oinera bereziki egokitutakoak egiten dizkit ekoizleak berak, nire gustura moldatutakoak. Gainera, 110 mm-ko gurpil handiak erabiltzen ditut.

Haien gainean igotakoan, batetik bestera ibiliko zara irristaka hirian…

Bai, entrenamenduaren ostean patinekin itzultzen nintzen etxera haurra nintzela, eta amari enkarguak egiteko ere erabiltzen ditut.

Beraz, kirola egiteaz gain, ibilgailu moduan ere erabiltzen dituzu patinak.

Hasiera batean, ongi pasatzeko baino ez nituen janzten, baina hobetu ahala patinajea zerbait gehiago zela konturatu nintzen. Lehen aldiz lasterketa batean parte hartu nuenean, urrezko domina eskuratu nuen, eta horrek ikaragarrizko indarra eman zidan lehiatzen jarraitu eta modu serioagoan aritzeko. Jubenila nintzela, gainera, Espainiako selekziotik deitu zidaten, eta nazioarteko patinatzaileekin lehiatzeko aukera izan nuen. Hasieran sekulako egurra jaso nuen, baina ez dut inoiz horregatik animorik galdu; nazioarteko lasterketetan parte hartu dut urtero, lesio gogor bat eduki nuenean izan ezik.

Zer gertatu zitzaizun?

2005ean iskiotibiala urratu nuen, eta hilabete batez mugitu ezinik egon nintzen. Aurre-denboraldi eskasa egiteagatik gertatu zitzaidan, giharrak gehiegi kargatu bainituen. Gaztea nintzen, eta luzaketak egiteari ez nion behar adinako garrantziarik ematen; orain, ordea, patinatu aurretik, ondoren, eta baita bitartean ere luzatzen ditut giharrak. Lesioa gainditzea kosta zitzaidan, ongi ikasia dut lezioa.

Hankak kargatzen zaizkizue bereziki, ezta?

Bai, gisa honetako lesioak oso ohikoak dira patinatzaileen artean. Bizkarra ere asko nekatzen zaigu, lasterketa osoan zehar jarrera bera mantendu behar dugulako. Alde onetik begiratuta, hala ere, udan hartu nuen min, eta txapelketak galdu nituen arren, oporrak aprobetxatu nituen.

Ba al duzu bereziki gogoratzen duzun lasterketaren bat?

Koreako Munduko Kopa! Atzerrira lehiatzera joan nintzen lehen aldia izan zen, hamazazpi urtetxorekin. Patinajearen munduko izar handiekin aritzeko aukera izan nuen; gainera, bereziki atsegin dudan patinatzaile batekin ihesaldi bat egin nuen, eta zoragarria izan zen! Irten aurretik oso urduri nengoen, ahatetxo bat uretara lehen aldiz sartu aurretik bezalaxe, eta irteerako pistola-tiroa eman zutenean lurrera erori nintzen! –emozioz kontatzen du–. Dena den, atzerrira irteteak nire buruarengan sinesten lagundu zidan, eta patinajeaz gaindiko esperientziak bizi izan nituen.

Mundu mailan, non daude onenak?

Azken bi urteetan Kolonbiak lortu ditu domina gehien Munduko Kopan, eta Korea ere ez dabil oso urrun. Patinajea ikaragarri hedatu da bertan, harrien azpitik ere irteten baitira patinatzaileak! Europari dagokionez, Frantzia, Italia, Belgika eta Herbeheretako patinatzaileek ere maila bikaina dute, bereziki iraupen-lasterkariek. Baina kontua zera da: herrialde horietan patinatzaileak profesionalak dira, eta beraz, gu baino askoz gehiago entrenatzen dute. Guk, ordea, ezin dugu halakorik egin, eta pistako patinajea kirol olinpikoa ez izateak ere asko eragiten du horretan.

Zein modutan?

Nik, esaterako, Olinpiar Jokoetara joateko aukera izango banu, beste modu batera hartuko nuke patinajea. Uneotan gustatzen zaidalako eta disfrutatu egiten dudalako patinatzen dut, baina hemen ez dugu 2.000 euroko diru saririk jasotzen lasterketak irabazteagatik, eta ez gara profesionalak.

Ikasketekin uztartu behar izaten dituzu entrenamenduak.

Halaxe da. Goizetan, eguraldi ona eginez gero, bizikletan ibiltzera joaten naiz, eta txarra egiten badu, gimnasiora. Ondoren etxean ikasten dut, eta arratsaldetan berriro ere entrenatzera. Baina hau ez da nire lanbidea; oso ona izan behar duzu patinajetik bizitzeko, eta ia ezinezkoa da. Gainera kirol garestia da: bidaiak, etengabe gastatzen diren gurpilak, materiala, elikagai eta edari energetikoak, gorputzerako gelak… Udalen eta Gobernuaren laguntzarik gabe ezinezkoa da lasterketak antolatzea.

Oso egoera txarrean dago, beraz, patinajea…

Bai, martxa honetan akabo! Horren adibide garbia da Iruñean antolatu behar zuten Europako Txapelketa bertan behar geratu izana.

Eta non egingo dute?

Galdera ona! Inork ez du konpromisorik hartu, eta oraingoz ez dakigu egingo den ere.

Txapelketa horietara joateko, dena den, gogor entrenatzen ari zara.

Bai, azken aldian Gasteizen entrenatzen dugu –Iruñean ere entrenatu izan du–, nahiz eta ez dugun instalazio egokirik. Gehienetan Ariznabarrako kiroldegiko pistara joaten gara, baina ez ditu patinajeko pisten baldintzak betetzen. Bestetan, Sansomendiko zirkuituan aritzen gara; 415 bat metroko atletismo pista modukoa da, baina asfaltatuta dago. Abiadura handia hartzen dugu, eta niri ikaragarri gustatzen zait.

Gehienez ere, zein abiadura hartzen duzue?

Jaitsieraren batean 100 kilometro orduko abiadura hartu nuen nik.

Entrenatzen ari zinela?

Ez, ez, lasterketa batean, Koreako maratoian. Jaitsiera oso gogorrak zituen, eta trena egin genuen, bata bestearen atzean jarrita.

Abiadurak egiten al du patinajea zirraragarri?

Dudarik gabe! Esaterako, 1.000 metroko lasterketetan, gainerako lehiakideak kontrolatu behar izaten dituzu hasieran, horien arabera zuk ere erritmoa hartu ahal izateko; azken bi itzulietan, aldiz, odola irakiten jartzen zaigu, irabazteko gogoa dugulako denok, eta abiada ikaragarria hartzen dugu!

Zein da abiadura lasterketarik gogorrena?

Froga konbinatua: puntuazio eta eliminazio froga. Baina niri ez zait gehiegi gustatzen —barrez—.

Azalduiguzu.

Itzuli bikoitietan puntuak lortzen dituzte patinatzaileek, alegia, bigarren, laugarren, seigarren, etab.garren itzulietan lehenengo eta bigarren postua lortu duten lasterkariek bi puntu eta puntu bakarra jasotzen dute, hurrenez hurren. Itzuli bakoitietan, ordea, azkena doan patinatzailea kanporatzen dute. Beraz, itzuli bikoitietan aurrean doazenek egiten dute gogor, puntuak lortzeko, eta bakoitietan azkenek hartzen dute abiadura, kanporatuak izan ez daitezen. Amaieran hamar lagun geratzen dira, baina lasterketa ez du meta lehenengo igarotzen duenak irabazten, lasterketa osoan zehar puntu gehien lortu dituenak baizik. Ulertzen?

Bai, ulertu dut froga nolakoa den, eta baita zergatik ez duzun gustuko ere! –brometan–. Azken aldian gero eta patinaje lasterketa gehiago antolatzen dituzte herri krosekin batera.

Bai, eta hori da patinajea krisitik ateratzen lagun dezakeen bakarra! Lasterketa herrikoietan patinatzaileentzako frogak antolatzen hasi dira hainbat tokitan, baina bertan parte hartzeko, kasu batzuetan, maila altua eta gutxieneko baldintzak eskatzen dituzte. Badakit zaila dela, baina nik muga horiek kentzearen alde egingo nuke, edonork parte hartu ahal izan dezan eta kirola bultzatu dezaten. Izan ere, aita edo ama batek halako lasterketa batean parte hartzen badu, haren familia ikustera joango da eta seme-alabek ere aukera handiagoa izango dute ohitura jarraitu eta patinatzen hasteko. Eta gazte horren lagunek ere beharbada irristaka amaituko dute.

Gazteak aipatu dituzula, nolakoa da Euskal Herriko patinatzaile harrobia?

Oso urria. Nik patinaje klaseak ematen ditut, eta oso gutxik probatzen dute abiadura modalitatea; baina ez nahi ez dutelako, gurasoentzako eskola kirola soilik egin dezaten erosoagoa delako baizik.

Helduen artean, ordea, iluntzetan geratu eta hirian taldean ibiltzeko joera zabaldu da.

Gasteizen, esaterako, Gaubela taldea sortu dute; ostegunetan geratzen dira, iluntzeko 20:30etan, eta batetik bestera ibiltzen dira. Patinajea sustatzeko modu egokia da. Dena den, ez da patinaje taldea, elkartea baizik, eta aisialdiagatik baino ez dute egiten.

Zure ametsa Joko Olinpikoetan parte hartzea da, baina oraingoz ezinezkoa denez, zein da zure jomuga?

Munduko txapelduna izan nahiko nuke. Horretarako gogor entrenatu behar dut, eta Espainian egingo ditudan txapelketetan emaitza onak lortu, sailkatu eta Europako Lehiaketatara, baldin eta egiten badituzte, joateko.

Ez da ba helburu erreza!

Oso zaila da! —barrez—. Eta gainera, finantzaketek ere asko eragiten dute, diru kontuak tarteko parte hartzaile kopurua aldatu egingo baita. Baina nik lanean jarraituko dut.