Iñigo Subiza: "Entzierroa nire bizitzaren kontraesan txiki bat da"

Iñigo Subiza: "Entzierroa nire bizitzaren kontraesan txiki bat da" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/inigo-subiza-quotentzierroa-nire-bizitzaren-kontraesan-txiki-bat-daquot/@@download/image/53p32-1_1366744063.jpg
2005/06/03
elkarrizketa
Jon Odriozola
Iñigo Subiza: "Entzierroa nire bizitzaren kontraesan txiki bat da"
Iñigo Subiza 1972an jaio zen Iruñean. Nafarroako txokolate ezagun baten abizen bera du, eta baita grazia ere. Giza hezitzailea da lanbidez, eta Popi eta Zaratrako pailazo taldeko partaidea. San Ferminetako entzierroa "herri baten festetako adierazpena" iruditzen zaio.

Nondik datorkizu San Ferminetako entzierroarekiko zaletasuna?
15 urterekin "parte hartzen" hasi nintzen, zezen plazan doan sartzeko. Korrikalari modura, 24 urterekin ekin nion.

825 metro daude Santo Domingoko aldapatik zezen-plazaraino. Zein zatitan korrika egiten duzu?

Txikitan amarekin joaten nintzen, aita Santo Domingon korrikan ikustera; horrexegatik, orain ere, aldapa erditik udaletxerainoko bidea egiten dut. Hala ere, batzuetan, Estafetako bihurguneraino heltzen naiz.

"Dira, dira, zezenak dira, beltz-beltzak dira…" dio kantak. Zerbait eranstekorik?

Zezenei errespetua diedala; hala ere, batzuetan jendetzak beldur gehiago ematen dit.

"…harrapatzen bazaitu, jo ta bertan hilko zaitu".

Entzierroan irteteko, axolagabekeria eta beldurraren arteko nahasketa bat behar da.

Bizitzak ematen dituen adarkadak omen dira gogorrenak.

Baita amodioak emandakoak ere; horrelakoetan, zaila izaten da  adarkada horiek sendatzea. Dena den, nik zauriak orbainduta ditut.

Sokamuturra, entzierroen anaia txikia al da?

Ez, beste zerbait da. Leitzako San Tiburtzio festak oso gogoko ditut, han bigantxen aurrean ibiltzeko ohitura dut.

Julen Madina bezalako "divinoak" entzierroko korrikalari "galaktikoak" al dira?

Ez, eta horrelakoak ez ditut begiko, gizarteak jainkotu egin baititu. Julen Madina oso kritikatua da, baina Iruñean bertan badira okerragoak.

"
Galaktikoa" izateko asko falta al zaizu?
Ez nuke "galaktikoa" izan nahi: zezenen aurrean korrika egitea atsegin duen korrikalari xumea besterik ez naiz.

Beldurrak zer irudi du?

Mila ditu: aurpegi zuria, isiltasuna… Behin batean, gure osaba bat entzierroan sartu zen: tupust egin zuen, eta zezenak ikusi orduko, galtzetan kaka egin zuen. Beraz, hortik kontuak atera.

Entzierroa ere, ekonomiaren antzera, globalizatu egin al da?

Erabat. Tamalez, batzuentzako, entzierroa telebistan ateratzen den gertakari hori besterik ez da. Hori baino askoz gehiago da, baina.

Gaupasa egin eta entzierroan ateratzea bateragarriak al dira?

Bai, noski: normalean, lagunak eta ni hala irteten gara. Zezenaren adarrak ikusi orduko… akabo aitzurra!

Purismoaren defendatzaile al zara? Gerriko gorria, galtza zuria…

Garai batean, jendeak laneko arroparekin korrika egiten zuen: Santo Domingon, harakinak mantala eta guzti ateratzen ziren… Bakoitzak, erosoen zaion eran egin behar du arineketan. Oso kritikoa naiz, telebistan ongi ateratzearren, kolore jakin batez janzten direnekin.

Dirua eskainiko balizute, elastikoan publizitatea eramango al zenuke?

Ez, baina ezagutu ditut horrelakoak. Publizitate hori telebistan atera nahi izanez gero, zezenaren aurrean korrika egitera behartua zaude.

Aditu batzuen arabera, zezenen aurrean lizentziatzeko, San Ferminetako entzierroak ez omen dira aproposenak.

Ados nago. Ikasten joateko, hobe da Erriberako festetan hastea. Nik Leitzan "ikasi" nuen, eta inoiz, Tafallako entzierroetan ere parte hartua nago.

Entzierroak atsegin bai, baina zezenketak gogoko ez dituen horietakoa al zara?

Bai, hala da. Peñekin zezen-plazara joan ohi naiz, baina harmailetan ondo pasatzeko.

AEBetako Estatu Idazkariak, Donald Rumsfeldek, behin Iruñeko entzierro batean "lasterketa motz" bat egin omen zuen.

Ez naiz harritzen. Denis Rodman saskibaloi jokalariaren eta bere bizkartzainen ondoan korrika eginda nago ni. Lotsagarria izan zen: nolako oihartzuna izan zuen kontu hark!

Zezenengandik ihesi, Rumsfeld trafiko-seinale batera igo omen zen…

Larrialdi gordinenetan, lurrean etzaten naiz, eta hildakoarena egiten dut.

AEBetako PETA talde ekologistako kideek, animaliek pairatzen dituzten tratu txarrak salatzeko, erdi biluzik egiten dituzte manifestazioak…

Ez zait gaizki iruditzen, kontsekuentea izanez gero, aurrera! Entzierroa nire bizitzaren kontraesan txiki bat da.

William R. Rivas PETAko ordezkariaren aburuz, "zezenketak eta entzierroak ez dira tradizioa, negozioa baizik".

Entzierroa negozio bihur daiteke, bai. Esaterako, oso gaizki iruditzen zait balkoiak entzierroetarako alokatzea.

William R. Rivas: "Zezenik gabeko giza entzierro baten aldekoa naiz".

Alde zaharrekook, egunero izaten izaten ditugu zezenik gabeko entzierroak, administrazioarekin.

Korrikalariek eta zezenek irrist egin ez dezaten, aurten produktu bat emango dute lurrean.

Hori oso ondo antolatutako marketing saioa izan da! Baina arazoa ez da hori: Udalak hobe luke San Ferminetako beste arlo batzuei jaramon egingo balie.