Ingurune digitaleko emakume gazteentzako Gladys Sarirako hautagaitzak aurkezteko epea zabalik da

Ingurune digitaleko emakume gazteentzako Gladys Sarirako hautagaitzak aurkezteko epea zabalik da Arlo digitalean lan egiten duten eta gehienez 40 urte duten emakumeei zuzenduta dago, eta proposamenak ekainaren 20ra arte bidal daitezke. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ingurune-digitaleko-emakume-gazteentzako-gladys-sarirako-hautagaitzak-aurkezteko-epea-zabalik-da/@@download/image/79775sin-titulo-1.jpg
2022/05/10

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Arlo digitalean lan egiten duten eta gehienez 40 urte duten emakumeei zuzenduta dago, eta proposamenak ekainaren 20ra arte bidal daitezke.
Ingurune digitaleko emakume gazteentzako Gladys Sarirako hautagaitzak aurkezteko epea zabalik da

PuntuEus-ek eta EHUko Informatika Fakultateak Gladys Sariaren bigarren edizioa aurkeztu dute. Sari honek euskal ingurune digitaleko edozein arlotan lan egiten duten emakume gazte euskaldunak bilatzen ditu, haien ibilbidea aitortu, proiekzioa sustatu, mundu teknologikoan erreferente berriak sortu eta gazteenen artean bokazioa sustatzeko asmoz. 

Informatika Fakultateko ordezkariak, Olatz Arbelaitzek, nabarmendu duenez, "azken urteetan, informatika eta teknologiekin lotutako ikasketetara gerturatzen den emakume kopuru txikiak, urte askotan gure lurraldean zein mundu osoan %15aren azpitik egon denak, eragin zuzena du etorkizunean esparru digitalean arituko diren emakumeen kopuruan, emakume horiek gizarteari egingo dioten ekarpenean. Sari honek, erreferenteak sortuko dituenez, Informatika Fakultatearentzat eta era berean gizarte osoarentzat sekulako garrantzia du”.

Gladys Saria aurten gehienez 40 urte beteko duten emakumeei zuzenduta dago. Ekimenean parte hartzeko bi modu daude: nork bere hautagaitza aurkeztuta edo hirugarren pertsona batek hautagaia izendatuta. Izena emateko epea ekainaren 20ra arte egongo da zabalik egitasmoaren webgunean

Lehiaketako epaimahaiak batez ere bi irizpide nagusi izango ditu kontuan baloratzeko garaian: hautagaiak duen etorkizuneko proiekzioa eta orain arte izandako ibilbide profesionala. Irabazleak 3.000 euroko saria jasoko du eta bere ibilbidea biltzen duen bideoa grabatuko zaio. Horrez gain, antolatzaileekin adostutako eskoletan eta Kaixomundua.eus, DBH, Batxilergo eta Lehen Heziketako ikasleentzako lehiaketaren sari banaketan gazteei hitzaldi motibatzaileak emateko aukera izango du.

Jarraitzeko asmoz
Bere lehenengo edizioan, hogeita hiru hautagaitza aurkeztu ziren, eta antolatzaileek adierazi dutenez, “iaz aurkeztutako proposamenek maila oso altua erakutsi zuten eta gelditzeko etorri den saria dela uste dugu".

Ane Iturzaeta Agirre (Donostia, 1995) izan zen iazko lehen edizioko irabazlea. Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza eta Informatika Ingeniaritzako Gradu Bikoitza ikasi zuen Deustuko unibertsitatean. Gaur egun Custom Engineer lana egiten du, eta bezeroen enpresak, sektore publiko zein pribatuetakoak, aurrera eramaten laguntzeaz arduratzen da, adimen artifiziala eta datuak erabiliz.