Informatikari Euskaldunen XI. Bilkuran izen ematea irekita!

Informatikari Euskaldunen XI. Bilkuran izen ematea irekita! Teknologia berriak, martxan dauden proiektuak eta euskara izango dira bilkuraren eztabaidagaiak. Animatu! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/informatikari-euskaldunen-xi-bilkuran-izen-ematea-irekita/@@download/image/Captura de pantalla 2018-05-02 a las 09.00.07.png
2018/05/02
albiste-laburra
Teknologia berriak, martxan dauden proiektuak eta euskara izango dira bilkuraren eztabaidagaiak. Animatu!
Informatikari Euskaldunen XI. Bilkuran izen ematea irekita!

IEB2018 Informatikari Euskaldunen XI. Bilkura hemen da, eta aurten, burujabetza teknologikoa izango da gai nagusia. Bilkura maiatzaren 17an egingo dute, Donostiako Teknologi Elkartegian, 8:30-19:00etan. Izena emateko epea irekita dago maiatzaren 14a arte. Animatuko zara? Bete zure datuak hemen!

 

1996an izan zen bilkura hauen lehen edizioa, eta handik hona beste hamar ekitaldi antolatu dira. Emaitzak arrakastatsuak izan dira, batez beste 125 pertsona baino gehiago bildu izan dira jardunaldi bakoitzean, informatikarekin lotura duten hainbat arlotatik etorriak: irakaskuntza, industria, administrazioa eta komunikabideak nagusiki.

 

Egungo gizartean aurrera egiteko ezinbestekoa da teknologia. Are gehiago, teknologien eragina gero eta handiagoa da jendartean; bai haren izaeran, bai izango dituen eskubideengan eta baita bere buruaren jabe izateko edukiko dituen tresnetan ere. Teknologia egokiak oinarri izango dira jendarte antolatu eta burujabe bat lortzeko bidean.

 

Informatikari Euskaldunen Bilkura (IEB), teknologia horien inguruko eztabaida martxan jartzeko gune paregabea da. Urteetan izan da eztabaida honetan zeresana duten entitate guztien bilgune; instituzioak, herrigintzatik abiatutako ekimenak, arloko profesionalak eta akademiaren bilgune hain zuzen ere eta aurtengoan, berriro ere bil daitezke burujabetzaren oinarri izan daitezkeen proiektuei buruz hitz egiteko eta teknologia horien ideazio eta ezarpenerako bideak aztertzeko.

 

Informatikari euskaldunen bilkura izanik, informatikan euskaraz jarduteak berezko dituen bestelako gorabeherek ere izango dute lekua bilkurako gaien artean. Beraz, eta ohi bezala, izandako esperientzien eta garatutako softwarearen berri ematea litzateke  asmoa.

 

IZENA EMAN HEMEN