Influencerren prekarietatea; gehiengoak oso gutxi irabazten du

Influencerren prekarietatea; gehiengoak oso gutxi irabazten du Mikroinfluencerrak ezinbesteko bilakatu dira marketing digitalerako, baina egindako lanarengatik kobratzen dutena ez da uste duguna bezainbeste. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/influencerren-prekarietatea-gehiengoak-oso-gutxi-irabazten-du/@@download/image/0_g_MHTREiupMEM1gR.png
2021/03/01
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Mikroinfluencerrak ezinbesteko bilakatu dira marketing digitalerako, baina egindako lanarengatik kobratzen dutena ez da uste duguna bezainbeste.
Influencerren prekarietatea; gehiengoak oso gutxi irabazten du

Egungo gazte askoren ametsetako lanbidea youtuber, twitcher, tiktoker ala instagramer izatea da, edo bestela esanda, influencer. Ez da harritzekoa; sare sozial horietan etengabe sortzen dira influencer berriak, dela gamerrak, mota guztietako gomendio emaileak, moda adituak, umoristak, abeslari eta dantzariak, eta abar luze bat. Helmuga oso argia da; geroz eta jarraitzaile gehiago, orduan eta dirutza handiagoa lortzen dute. Erraza dirudi; baina errealitatea bestelakoa da.

Caixa Fundazioak ikerketa bat publikatu berri du, eta bertan ondorioztatu dutenez, fama eta dirutza lortzen duten influencerrak oso gutxi dira. Gehiengo zabala mikroinfluencerrera iristen da, eta ez dute horrenbeste diru irabazten; ikerketak dioenez, mikroinfluencerren %95 ez da egindako lanarengatik merezi duen gutxienekoa kobratzera iristen. 

Mikroinfluencerrak milaka zenbatu daitezke; 5.000 eta 100.000 jarraitzaile bitarte dituzten guzti horiek izan daitezke mikroinfluencerrak. Erabiltzaile hauek eragin handia dute beren jarraitzaileen artean, eta marketing digitalean dauden enpresentzat ezinbestekoak dira beren produktuak iragartzeko; baina beren lana ez dago behar bezain ondo ordainduta, eta gehienek baldintza prekarioetan lan egiten dute.

Ikerketa harago doa, eta influencer hauen neke fisiko eta psikologikoa neurtu du; hara, ondorioztatu dutenez, mikfroinfluencer horien %62,2 ez dago pozik irabazten duenarekin, eta behintzat publizitatearengatik kobratzea eskatzen dute (gehiengoari doako produktuekin ordaintzen diete, ez diruarekin).

Influencer hauek ez dira horren ezagunak, eta beraiek egin behar dute lan guztia; hala post bakoitza publikatzeko 3 ordu igarotzen dituzte bataz-beste, 45 ordu hilean. Trukean, 102 euro jasotzen dituzte markaren batek iragarritako post bakoitzeko, hau ere bataz-beste. 

Ikerketan parte hartu duten influencerren %32,5 bere lanbide bilakatu nahiko luke egiten dutena, baina gehiengoari ezinezkoa zaio soilik publikatutako postekin irabazitakoarekin bizitzea. Aldiz, publizitate markak pozik daude haien lanarekin, engagement edo fideltasun handia lortzen dutelako mikroinfluencer hauen lanari esker. Bitartean, erabiltzaile asko publizitate iruzurtiaren biktima dira praktika honen erruz, influencer askok ez dutelako modu egokian identifikatzen saltzen ari diren produktua.