Indie rockak emakume ahotsa du

Indie rockak emakume ahotsa du Indie rock munduan iraultza txiki bat gertatzen ari dela dirudi eta emakumea du buru. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/indie-rockak-emakume-ahotsa-du/@@download/image/3bc3ab50-9aee-11e8-9702-5946bae86e6d.jpg
2019/07/12

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Indie rock munduan iraultza txiki bat gertatzen ari dela dirudi eta emakumea du buru.
Indie rockak emakume ahotsa du

Orain dela gutxi bisitatu zuen gure lurraldea Courtney Bartnett-ek. Biarritzeko Atabal aretoa topera zegoen Australiarraren letra zorrotzak melodia finekin harilkaturik entzuteko gogoz; horien artean baita Anari ere. Sold out hura ez zen salbuespen zoragarri bat izan. Gitarra soinuak zaharkituak gelditu direla dirudien honetan eta rockak azken oihuak bota dituela askok konbentzituta diotenean, indie rockeko emakumeak geroz eta ikusgaiagoak bilakatzen ari dira.

Denborak esango du joera hau etorkizuna ote den, baina egun bederen, emakumezkoek kaleratutako hamaika disko bikainez gozatzen gabiltza. 90. hamarkadako riff eta lelo itsaskorretatik abitatuta, egungo indie rocka berrasmatzen dabiltza emakumezko musikariak talentua eta atrebentzia uztartuz. Ezin ulertu daiteke gaur egungo eszena beraiek gabe, azken urteetako diskorik interesgarrienen egileak izan baitira. Pitchfork musika webgune famatua ia etengabe dabil azken emakumezko promesak goraipatzen, eta ez da gutxiagorako. Hona hemen nire aukera pertsonalak:

Julien Baker
Memphis-eko musikari gazteak txundituta utzi ninduen Turn Out The Lights (2017) bigarren lanarekin. Mingarriki pertsonala den lan autoekoiztua. 45 minututan zehar drogen adikzioa, autoestimu falta, osasun mentala edota fede krisia bezalako gai konplexuak jorratzen ditu mina eta enpatia esploratuz. Everything To Help You Sleep abestia lo ezin itogarri bezain ederra da. Batzuetan gitarraz lagunduta, bestetan pianoarekin  psikera bidaia zirraragarria da. Lan gogoangarria.

Angel Olsen
Olsen-ek ez du beharbada aurkezpen handiegirik behar jada, baina despistaturen bat hau irakurtzen baldin badabil ere, badaezpada hementxe uzten dut. My Woman (2016) bere hirugarren diskoa azpimarratuko nuke batez ere, honi esker lortu baitzuen egungo rockeko ahotsetako bat bihurtzea. Bere diskorik aberatsena da, hainbat estilori keinua egiten baitio eta bere aurreko folk soinuetatik urruntzen baita. Halere ez du bere intentsitatea eta egiazkotasuna galdu. Boteretsu azaltzen da oraingoan ere, hipnotiko, rockeroago. Courtney Barnett eta Sharon Van Etten-en arteko nahasketa bailitzan, erraztasunez biluzten da mikrofonoaren aurrean emozioek pil-pil egiteraino.

Snail Mail
Lindsey Jordan-en Lush (Matador, 2018) diskoa urteko ustekabea izan zen. 19 urte besterik ez dituen musikari honek indie-rockeko abesti bilduma dotorea oparitu zigun. Gitarra garbi eta koloretsuek talka egiten dute bere ahots triste eta nostalgiaz betearekin. Horrela deskribatuta ez dirudi ezer berririk dakarrenik, eta beharbada halaxe da, baina gauzak ondo egiten direnean originaltasunak protagonismoa galtzen du. Pristine edo Heat Wave bezalako abestiek ez dute inongo nobedaderik eskaintzen, baina zeinen onak diren! Sinpletasuna da bere tresna nagusiena, osagai gutxirekin asko esatea.

Lucy Dacus
Batez ere Historian, bere bigarren lana azpimarratzekoa da. Letragile zorrotza eta inongo edergairik behar ez duen musikagilea dela frogatu du estatubatuarrak. Zintzotasuna eta apaltasuna, horiek dira bere arma sekretuak. Zirimiriaren antzera, konturatu gabe emozionatzen zaitu bere proposamenak. 90. hamarkadako soinutik asko edaten du bere ahots suabe bezain irmoak eta sonoritate klasikoko gitarrek. Melodiak berriz, ametsezkoak dirudite. Ez badidazu sinesten entzun Nonbeliever edota Night Shift bezalako abesti bikainak.