[KRONIKA] COURTNEY BARNETT: DOTOREZIAREN INDARRA

[KRONIKA] COURTNEY BARNETT: DOTOREZIAREN INDARRA Astearte gau buru zuria zela ahaztea erraza zen Biarritzeko Atabalera sartu eta berehala. Jende mordoa barran alai hizketan, bazegoen ikusmin berezi bat Courtney Barnett australiarrak zuzenean eskaini zezakeena ikusi eta entzuteko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kronika-courtney-barnett-dotoreziaren-indarra/@@download/image/IMG_1096.jpg
2019/05/29

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Astearte gau buru zuria zela ahaztea erraza zen Biarritzeko Atabalera sartu eta berehala. Jende mordoa barran alai hizketan, bazegoen ikusmin berezi bat Courtney Barnett australiarrak zuzenean eskaini zezakeena ikusi eta entzuteko.
[KRONIKA] COURTNEY BARNETT: DOTOREZIAREN INDARRA

Ikusmin horren parte musikazaleekin batera, tartean musikari eta kulturgintzako zenbait aurpegi ezagun zeuden (Maialen Lujanbio, Ruper Ordorika, Felix Buff, Anari). Alta, aipamen bereziena azken momentuan iritsi eta aurreraino iritsi nahi izaten duen jende horri. Are bereziagoa, azken momentua iritsi, aurreraino joan nahi izan eta gainera ondoren kontzertu osoa isildu gabe hizketan pasatzen duten horiei. Gomendio bat: interesik ez baduzue ez da derrigorrezkoa sarrera erostea, baina hala ere, kontzertura etortzera tematzen bazarete jarri zaitezte atzean faborez; zuen ezusterako, kontzertuetan jende asko egoten baita musikaz gozatzeko gogoz.

Barneak husteko terapia espres honen ondoren dator kronika, barkatu atzerapena. Barnett-en aurretik Our Girls deitutako hirukoa taularatu zen. Onerako ala txarrerako Australiarraren oso antzeko proposamena iruditu zitzaidan, abeslaria bere ahizpa txikia izan zitekeen. Abesti pare bat entzuteko aukera soilik izan nuen, baina aitortu behar dut taldeaz gehiago jakiteko irrika piztu zidatela, beraz, hementxe aipamena zuek ere entzunaldi bat eman nahi izan ez gero ere.

Hasierako gonbidatuek amaitu eta ordu erdira agertu zen Courtney Barnett agertokira. Inongo imintziorik gabe, hiru musikariek euren instrumentuak hartu eta berehala ekin zieten abesti andanak interpretatzeari. Lehen momentutik Barnett-ek bereganatzen du protagonismoa ezinbestean, oholtzan ibiltzeko duen moduak ziurtasuna helarazten baitu, duda izpirik gabe jakingo balu bezala munduan dagokion tokia horixe dela, oholtza.

Liluragarria da Barnett gitarra jotzen ikustea, bere konfiantza berretsiko balu bezala, inongo puarik gabe sokak irmotasunez zarrastatzen zituen, instrumentua bere gorputzaren hedapena balitz bezala. Halere, bere birtuosismoa abestien mesedetara erabiltzen du, ez bere egoa puzteko. Horrela, bere bi diskoetako abestiak ia txandaka bata-bestearen atzetik interpretatu zituen, hitz gutxi, baina musikaren bidez mezu asko. Zenbait abestitan Barnett-en abesteko moduak asko zuen trobalaritik, koblakari moderno bat bailitzan letra zorrotzak jaurtitzen zituen ia hitz egiten ariko balitz bezala. Besteetan ordea, melodia finak arilkatuz poparekin dantzan ikusi genuen Need a little time bezalako abestietan, edota garrasi betean I'm not your mother, I'm not your bitch gordinean. Atmosfera ezberdin horiek ederki azpimarratzen zituzten argiztapenek. Aipatutako azken abestian Barnett ahotsa zartatzen zebilen bitartean, argi gorriz jantzi zuten argiek australiarra, demonio baten itxura emanez.


Hiruko formatuak behartzen duen sinpletasunetik dotorezia helarazten zuten abestiek. Australiarrak ez du deus berririk asmatzen, Nirvana zantzuak zituen bere jarrerak, rockaren garai hobeak gogoraraziz, baina aldi berean badute kantuek hitzez azaltzea zaila den ukitu moderno bat. Haatik, zintzotasunez egina dagonenean musika, estiloak ez du axola eta parafernaliak soberan daude. Tell me how you feel jartzen zuen bateriako bonboan, bere azken diskoari erreferentzia eginez; ezin hobeto ordu eta erdiko hitz larrizko rockaren ondoren. Milesker Courtney!