Ikasturte berriari eskatzen diodana

Ikasturte berriari eskatzen diodana https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ikasturte-berriari-eskatzen-diodana/@@download/image/33p45-1.jpg
2003/09/05
erreportajea
Amets Arzallus
Ikasturte berriari eskatzen diodana


Pilota, jaiak eta "Betizu", "Betizu", jaiak eta pilota, joan da uda ETB-1ean. Ez da aparteko berrikuntzarik izan, "Basetxea"-ko protagonistak aurkezle lanetan jartzea izan ezik. Berrikuntzak ez baitute udan behar, berrikuntzak denboraldi berriaren haserarekin behar lukete. 

Ez naiz ni agintzen hasiko, eta ez diet esango hau bai, eta hau ez, sofan eserita oso erraz hitz egiten baita. Baina jatetxean otordua nola, hala aukeratuko dut nik denboraldi berri honetan telebistatik jan nahiko nukeena.

"Goenkale"k lehengo arrakastari eusten baldin badio, segi dezala, Arraldeko herritarrak, nor bihurtu direlako denborarekin, eta ia inoiz gertatu ez zen bezala, euskal hiztun batzuk erreferente bihurtu baitira masarentzat. Hau da, Maria Luisak tipologia konkretu bat oroitarazten dio jendeari, eta Ortentsik beste bat.

"Betizu" ere ez nuke aparte utziko. Ez gaztetxoentzat egon litekeen programarik pedagogikoena delako, "Betizu"k ere baditu isatsetik heltzeko arrazoi batzuk. Baina haurrak euskaraz bizi daitezen, hil ala bizikoa da ETBk beraiei zuzendutako saio indartsu bat izatea. Bestela, segidan lotuko lituzke kate erdaldunak, "Basetxea" eta "Gran Hermano" edo "Loft Story"-rekin gertatzen den bezala. Eta konbentzituta nago, azken urte honetan, "Shin Chan" izan dela Euskal Herriko haurrentzat euskara irakaslerik onena. 

Baina, "Goenkale" osteko saio arinetan aldaketa batzuk estimatuko nituzke. Telebistak hainbeste arinkeria eskaintzen badu, zerbaitegatik izango da. Alegia, jendeak eskatu, edo eskatu ez, baizik eskertu egiten duelako. Egin dezagun froga saio serioagoren bat eskaintzeko. Saio mamitsuagoren bat. Hor daude, esaterako, "Esanak Esan", "Oinak Izarretan", eta halakoak. Zergatik ez dira horiek prime-time ordutegian jartzen? Audientziarik lortzen ez dutelako? Ez nago hain ziur. Baina hala baldin bada, sor ditzatela eduki txukuna duten eta ikusteko eta ikasteko modukoak diren saioak. Denen onerako izango da.

Iragarkien krisia



Aspaldi honetan ezer gutxik harritu gaitu. EITBren zabal-zabalik iragarkien moda pasatu zen, Patxirena ere bai, Budweiser-en garrasiena ere bai, ea nor azaltzen den inpaktatuko gaituen iragarki berri batekin. Zain, aspertzen hasiak gara.

Emakumezkoen tourra



Gizonezkoen Tourrean sailkapeneko ehun eta zazpigarrenaren zulatua ere zuzenean ikusten dugu. Ez dugu ikusi, baina, Joane Somarriba aldatzetan gora zein ongi igo den. Gizonak hainbeste, eta emakumezkoak hain gutxi, egoera honek badu itzuli on baten beharra.