'Igo Bolumena!' jardunaldia bihar Barakaldon

'Igo Bolumena!' jardunaldia bihar Barakaldon Ertzetatik euskara eta euskarazko kultura zabaltzeko oinarriak eta estrategiak landuko dituzte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/igo-bolumena-jardunaldia-bihar-barakaldon/@@download/image/igo bolumena.png
2021/12/01

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Ertzetatik euskara eta euskarazko kultura zabaltzeko oinarriak eta estrategiak landuko dituzte.
'Igo Bolumena!' jardunaldia bihar Barakaldon

AHIZE-AEK-k Igo Bolumena! jardunaldia antolatu du abenduaren 2rako, HPS, BFA eta Barakaldoko Udalaren laguntzarekin. Jardunaldia Barakaldoko Clara Campoamor Kultura Etxean izango da, 9:15etik 14:30era, eta ertzetatik euskara eta euskarazko kultura zabaltzeko oinarriak eta estrategiak lantzea du helburu. Horretaz gain, #Damolat ikas-unitatea aurkeztuko dute, periferietako gazteen artean euskararen eta euskarazko kulturaren transmisioa eta berrartikulazioa sustatu nahi duena.

Antolatzaileek azaldu dutenez, "euskararen ezagutza gero eta handiagoa da Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako gazteen artean, baina erabilera ez da areagotzen ari. Euskararekiko lotura badute, baina ez da praktikoa eurentzako. Gehienek euskara ikastetxean jaso dute. Familia erdaldunetakoak izan arren, haur txikiek garatu dute lotura euskararen munduarekin. Hori posible da transmisiorako zirkuituak eta edukiak badaudelako, eta egunerokoan heltzen zaizkielako hamaika ipuin, istorio edo kantu euskaraz. Nagusitu ahala, ordea, euskararen munduarekin dituzten loturak ahuldu eta lausotu egiten dira. Ez dute euskararen mundua ezagutzen, eta ez daukate euskaraz sozializatzeko biderik. Euskararekiko duten lotura ikastetxera (hezkuntza formala) eta jaien eremura murrizten da; horren ondorioz, asoziazio, jarrera eta praktika zehatz oso mugatuak eraikitzen dituzte". Ikas-unitatea, hain zuzen ere, gazteek euskararekin eta euskarazko kulturarekin duten harremana indartzeko asmoz sortu da.

Egitarauari dagokionez, hasierako ongietorri eta azalpenen ondotik, Mundua, ertzak eta gazteak gaiaren inguruan solastuko dira Eduardo Apodaka Ostaikoetxea eta Irati Agirreazkuenaga Onaindia EHU-ko ikerlariak. Jarraian, hezkuntza sistemak euskarazko kulturaren transmisioan eta artikulazioan dituen erronkez arituko da Iratxe Retolaza Gutierrez literatura irakaslea eta kultur hezitzailea. Ondoren, hezkuntza eragileekin solasaldia egingo dute. #Damolat ikas-unitatearen ildotik, ikerketaren nondik norakoaz eta emaitzaz hitz egingo dute, eta baita unitatea bera aurkeztu ere. Atsedenaldia amaitzean, transmisioan eta sorkuntzan arrakastarako gakoen bila arituko dira. Bestetik, Ta gazteok zer? mahai-ingurua egingo dute eta bertan parte hartuko dute Beñat Rodrigo Kiliki Fresko musikariak, Lizar Begoña Madariaga idazle eta artistak, eta Sara Nieto abeslari eta aktoreak. Ikasleek kultur eta hizkuntz identitateen bilakaeraren azterketaz jardungo dute ostean eta, azkenik, nondik eta nola hasi hausnartuko dute. 

Jardunaldiaren inguruko xehetasun gehiago bildu dituzte Ahize-ren webgunean