Hur Gorostiaga: "Hemen bada bere herriarekin arduratutako gazteria"

Hur Gorostiaga: "Hemen bada bere herriarekin arduratutako gazteria" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hur-gorostiaga-quothemen-bada-bere-herriarekin-arduratutako-gazteriaquot/@@download/image/13p16-1_1370948236.jpg
2001/11/02
elkarrizketa
Ander Usabiaga
Le journal du Pais Basque / Euskal Herriko kazeta egunkari berria da, eta Hur Gorostiaga bertako zuzendaria dugu. 29 urteko hiriburutar hau, Euskaldunon Egunkarian zortzi urtez lanean aritu ondoren, Euskal Herriko egunkari zuzendaririk gazteena da egun.  

Euskal Herriko egunkari zuzendari gazteena zaitugu. Zertan nabarituko da hori?
Ez dakit bada! Horrelako proiektu bat aurrera ateratzeko ausardia behar da. Badakizu, zenbat eta gazteagoa izan, orduan eta ausardi edo erokeria handiagoa… Lan talde osoa ere gaztea da, batez beste 30 urte ingurukoa. Horrek indarra emango digu aurrera egiteko. Jendeak proiektu honetan sartzeko apostua egin du, inongo ziurtasunik gabe, ez baitakigu salmentak nola joango diren, baina hala ere, gogo eta indar handiz.

Sud Ouest egunkariaren monopolioa hautsi nahi duzuela diozue. Ez da lan makala, ezta?

Monopolia hautsi nahi dugula diogunean, erran nahi dugu egungo informazio iturri bakarraren ondoan, beste iturri bat sortu nahi dugula, beste nota bat izango dela teklatuan. Jendeak doinu berriak entzungo ditu.

Jendeak eskertuko duela uste duzu, beraz.

Baietz uste dut. Finean, gure proiektua ez da guk nahi genuelako sortu, jendeak beharra zuelako baizik. Gure erronka behar horri ahal bezain ongi erantzutea da; ongi erantzuten badiogu, ez dugu bizirauteko arazorik izango.

Euskal Herri osoko informazioa lantzea ere helburu duzue. Hego Euskal Herriko komunikabideei Ipar Euskal Herria bazterrean uztea leporatu zaie behin baino gehiagotan. Ez dirudi oso lan erraza denik…

Ez, oso-oso zaila da. Dena den, badira Euskal Herri osoan oihartzuna edo eragina duten gaiak eta beraz, gai horiei buruz joan behar dugu. Zaila da, baina gai batzuk ezinbestean jorratu behar dira.

Egunkari abertzalea al da Euskal Herriko kazeta?

Ez. Guk lotura politiko oro ukatzen dugu, baina Euskal Herria erreferentzia gisa hartzen dugu, gure eremu naturala baita, kultura, hizkuntza, harreman historiko edota geografia aldetik begiratuta. Egunerokoak erakusten digu eremun natural batean gaudela; hor ditugu, esaterako, Akitaniako, EAEko edo Nafarroako agintarien arteko bilerak.

Zein jarrera hartuko duzue euskal departamentuaren auziaz edo euskal gatazkaz?

Euskal departamenduaren auzia aktualitateak inposatzen duenean besterik ez da jorratzen. Gure ustez, berriz, departamentua gehiengoaren nahia da eta gehiengoak nahi duen heinean, dagokion tokia emango diogu. Horrek ez du esan nahi alde edo kontra gaudenik, baina bai garrantzia izango duela. Gauza bera euskal gatazkari buruz. Garrantzi handiko gaia da eta mutur guztiak aintzat hartuko ditugu. Ez da logikoa, adibidez, atentuak aipatzea eta tortura salaketak, atxiloketak edo presoen urruntasuna bazterrean uztea. Horiek denak jorratu beharreko gaiak dira, gatazka beraren ondorio dira eta.

Euskal Herriko kazeta elebiduna da, eta baita euskaltzalea ere, ezta?

Dudarik gabe. Euskara Euskal Herriko hizkuntza da, lehen hizkuntza, eta garrantzia emango diogu. Frantsesez ere euskara lagun daitekeela uste dugu. Gaur egun, Iparraldean eta Nafarroan batik bat, sekulako erasoa dago euskararen kontra eta euskaldunok bideak behar ditugu gainerakoei euskara zer den eta zein
eskubide zapalketa jasaten ari garen azaltzeko.

Hego Euskal Herrian eguneroko prentsa elebidunak tradizio handiagoa du. Zenbaiten ustez, ordea, prentsa elebidunak ez du gehiegi lagundu euskararen zabalkundean…

Egoera ezberdina da. Lapurdin, Behenafarroan eta Zuberoan gutxiengoa da euskaraz irakurtzeko gai. Hego Euskal Herriko gazteen artean, berriz, gehiengoak euskara ikasi du eskolan. Hemen %10 inguru besterik ez da. Egunero euskara kazetan sartuta, normalizazio baterantz goazela uste dugu. Gure nahi fermuena da gero eta gehiago sartzea. Gure asmoa gizartearen aurretik joatea da.

Baionako zure bulegotik nola ikusten duzu Ipar Euskal Herriko gazteria?

Oso indartsu. Gazteek beren lurraldearekiko kezka dute. Azken urteetan asko hitz egiten ari da kontsumismoaz, uniformizazioaz,  baina horren aitzin, hemen bada bere herriarekin arduratutako gazteria.