Hondakin elektronikoak birziklatzearen beharra nabarmentzeko eskultura Ingalaterran

Hondakin elektronikoak birziklatzearen beharra nabarmentzeko eskultura Ingalaterran G7ko agintarien aurpegiak irudikatzen dituen eskultura sortu dute hondakin elektronikoak erabilita. Buruzagiek hori ikusi, arazoaren inguruan kontzientzia piztu eta konponbidea emateko asmoz egin dute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hondakin-elektronikoak-birziklatzearen-beharra-nabarmentzeko-eskultura-ingalaterran/@@download/image/gwithian-inglaterra_1213952d_1280x853.jpg
2021/06/21

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

G7ko agintarien aurpegiak irudikatzen dituen eskultura sortu dute hondakin elektronikoak erabilita. Buruzagiek hori ikusi, arazoaren inguruan kontzientzia piztu eta konponbidea emateko asmoz egin dute.
Hondakin elektronikoak birziklatzearen beharra nabarmentzeko eskultura Ingalaterran

MusicMagpie izeneko enpresa digital minoristak berriztatutako produktu elektronikoak erosi eta saltzen ditu hondakin elektronikoen arazoaren inguruan kontzientzia sortzeko. Enpresa honek goiko argazkian ikusten den eskultura egiteko eskatu zion Joe Rush artistari.

Eskulturan G7-a osatzen duten agintarien aurpegiak eta bularraldeak ageri dira, eta kutsatzen ez duten mugikorren zorro edo azalak eta bestelako hondakin elektronikoak erabili dituzte irudia egiteko. Amerikako Estatu Batuetan Rushmore mendian presidenteekin egindakoaren antzeko irudia eraiki dute hondakin elektronikoak botatzeak eragiten duen kaltea nabarmentzeko. Mount Recyclemore deitu diote eskulturari, gehiago birziklatzeko mendia, alegia. Joe Rush eskulturgileak adierazi duenez, "produktu elektronikoak konpontzeko modukoak izan behar dute edo iraupen handiagokoak, gainerakoan zabortegira baitoaz". 

Eskulturan irudikatutako zazpi agintariak Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa, Yoshihide Suga Japoniako lehen ministroa, Emmanuel Macron Frantziako presidentea, Mario Draghi Italiako Lehen Ministroa, Justin Trudeau Kanadako lehen ministroa, Angela Merkel Alemaniako kantzilerra eta Joe Biden AEBetako presidentea dira. 

Ingalaterrako Kornualles kostako Gwithian herrian egin dute eskultura, Kornuallesen izan baita G7-ko kideen goi bilera duela gutxi. Agintari gehienek ostatu hartu zuten hotela toki horretatik gertu dago eta beren-beregi aukeratu zuten kokalekua, eskulturan irudikatu dituzten agintariek, haren gainetik hegan egitean, berau ikusiko zuten itxaropenez. Rush-en hitzetan, "euren kontzientzia ziztatu eta hondakinen kontu hau guztiona dela konturatzea nahi dugu. Elkarrekin hitz egin eta nahaspila hau konpondu behar da". 

Nazio Batuen txostenaren arabera, 2019an 53 milioi tona hondakin elektroniko baino gehiago sortu zen munduan, bost urte lehenago baino 9 milioi tona gehiago.