Hitzen Lihoa kultur zikloa hasiko da gaur Oiartzunen, utopia ardatz hartuta

Hitzen Lihoa kultur zikloa hasiko da gaur Oiartzunen, utopia ardatz hartuta Gaur, Danele Sarriugarte eta Miren Narbaizaren emanaldia izango da. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hitzen-lihoa-kultur-zikloa-hasiko-da-gaur-oiartzunen-utopia-ardatz-hartuta/@@download/image/miceydanele.jpg
2023/11/08
Gaur, Danele Sarriugarte eta Miren Narbaizaren emanaldia izango da.
Hitzen Lihoa kultur zikloa hasiko da gaur Oiartzunen, utopia ardatz hartuta

Oiartzungo Hitzen Lihoa elkarteak izen bereko kultur zikloa antolatu du gaurtik igandera bitarte. Seigarren edizioan utopiaz hausnartuko dute eta "literatura, hausnarketa, musika, analisia, bertsoa, gozamena, kritika, taldea, sormena, kolorea, eraldaketa eta forma" izango ditu osagai zikloak. “Bost egunez utopiaz pentsatzea eta utopia praktikatzea; gizarte hobe bat irudikatzea eta entseatzea. Sinistuta baikaude hori dela bidea. Hori dela utopien lekua”, azaldu dute.

Gaur, asteazkena, 19:00etan, manifestua egingo da Landetxe Kultur Aretoan. Jarraian, Popperra, afterra, utopia emanaldia izango da, toki berean, Danele Sarriugarte eta Miren Narbaizarekin. Etorkizunaz idazteko eskatu zioten Danele Sarriugarteri, eta orainean ez etsitzearen garrantziari eskaini zion Popperra, afterra, utopia izeneko testua. Miren Narbaiza musikariaren doinuak izango ditu lagun.  Gonbidapena hemen eskuratu behar da.

Bihar, berriz, Utopia edo distopia: norantz goaz? pote filosofikoa egingo dute, 19:00etan, Landetxe tabernan. Alba Garmendiaren hitzaldi laburra izango da lehenengo, eta ondoren bertaratutakoen arteko solasaldia izango da, utopiaz pentsatzeko eta hitz egiteko. 

Hurrengo egunean, azaroaren 10ean, Utopia: espekulazio-ariketak hitzaldia izango da, 18:30ean, Landetxe Kultur Aretoan. Oier Guillanek gidatuko du, eta Lorea Agirre eta Harkaitz Cano etorkizun desiragarrien inguruan hausnarrean arituko dira: “Nolakoa da biharko egun desiragarri hori? Zer utopia kultural irudikatu dezakegu Euskal Herriarentzat? Arteak eta kulturak zer eginkizun dute irudikapen horretan? Nola zeharkatzen du hizkuntzak utopia, eta utopiak hizkuntza? Galderak izango dituzte abiapuntu, eta, beharbada, erantzunak jasoko ditugu”.

Larunbatean, 11:00etan, Utopiaren idazketa plastikoa. Zer da utopia zuretzat? tailerra antolatu dute Arizmendienean. Nagore Legarretak gidatuko du lantegia eta "erronka sentsoriala" izango dela aurreratu dute. Aurrez, galdera honi erantzutea eskatuko diete parte-hartzaileei: “Zer da utopia zuretzat? Erantzuna papertxo batean idatzita eraman beharko dute. Argia, proiekzioak, materialak, opakotasuna eta gardentasuna izango dituzte lan-tresna. Aurretik izena eman beharko da hitzenlihoa@gmail.com helbidera idatzita.

Arratsaldeko 18:00etan, Jausiz eta Hitz esana izeneko emanaldiak eskainiko dituzte, Landetxe Kultur Aretoan. Alain Mendizabalek, Izar Aizpuruak eta Josu Ibargurenek Jausiz poesia liburuan oinarritutako emanaldia aurkeztuko dute. Hausnarketa, elkarrizketa eta dantza uztartuko dira, poesiatik, "baina poesiaz haratago". Mejillon Tigreko kideek, aldiz, Hitz Esanaspoken word formatuko poesia-emanaldia eskainiko dute, errepikari, erritmoari eta hitzen soinuari arreta berezia ematen diona. Bi emanaldien artean, Landetxe tabernan jan-edana izango dela jakinarazi dute. Sarrerak sarrerak.oiartzun.eus webgunean daude eskuragarri, edo egunean bertan, leihatilan, hamar eurotan.

Azkenik, igandean, Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat liburuaren irakurketa jarraitua egingo dute, goizeko 11:00etan hasita, Kontzejupean. Herritarren artean irakurriko dute testua, ahoz gora. Eguerdiko 14:00etan, bertso-bazkari literarioa antolatu dute Girizian. Kristalezko begi bat liburuan oinarrituta, idazleak berak egingo du gai-jartzaile lana; bertsotan, berriz, Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal eta Alaia Martin arituko dira. Sarrerak Landetxe tabernan, edo hitzenlihoa@gmail.com helbidera idatzita eskura daitezke.