“Hirurotatik inork ez zuen espero hain ondo aritzea”

“Hirurotatik inork ez zuen espero hain ondo aritzea” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hirurotatik-inork--ez-zuen-espero-hain-ondo-aritzea/@@download/image/20091223195102__1362561730.jpg
2009/12/04
elkarrizketa
Testua: Antxoka Agirre. Argazkiak: Galder Izagirre.
Miren Amurizak eta Jone Uriak 19 urte dituzte, eta Beñat Gaztelumendik 22. Hirurak lehen aldiz ari dira Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian. Eta ustekabekoa ematea lortu dute: bakoitzak Final-laurdeneko bana irabazi du, kanporaketako bertsolari gazteena izan arren. Beste kointzidentzia bat ere topatu dugu bertsozale guztiak harrituta utzi dituzten bertsolari gazte hauen artean: hiruak lotsatiak dira, baina dena ematea tokatzen denean batere kikiltzen ez diren lotsati horietakoak.   

Tolosan jarri dugu hitzordua. Finalaurrekoen hirugarren kanporaketa jokatu aurretik. Saioa hasi baino bi ordu eta erdi lehenago gelditu gara aretoaren sarrera nagusian.

Txapelketak sekulako ikusmina sortu du zaleen artean. Kanporaketa guztietan leporaino bete dituzte aretoak, eta zenbait kasutan sartu ezinik gelditu dira zale asko, sarrerak agortu direlako. Tolosan ere nabari da giro bero hori.

Miren, Beñat eta Jone pozik daude. Final-laurdenetan euren saioa irabazi dute, eta finalaurrekoen lehen itzulian ere oso lan ona egin dute. Ezagun bat gerturatu zaio Joneri zorionak emateko; beste lagun batek finalera iritsi behar duela esan dio Mireni; animoak ematera hurbildu zaie bertsolari beterano bat. Txapelketaren lehen erdian eurak izan dira protagonista nagusiak.

Barrura sartzea erabaki dugu, argazkiak atera eta bide batez elkarrizketa egiteko bake pixka baten bila. Ezin esan ordea aretoa hutsik dagoenik. Eszenatokiari, soinu ekipoari edo harmailei azken ukituak ematen ari dira antolatzaile mordoska bat joan etorrian.

Hirurek lehenengo aldia duzue Txapelketa Nagusian. Orain arte ezagutzen zenutenarekin alderatuta, zertan nabaritu duzue diferentzia handiena?

Beñat Gaztelumendi: Txapelketaren inguruko ikusmina. Herrialdeetako txapelketetan ere zale asko mugitzen da, baina honek marka guztiak hausten ditu. Eta taulatu gainean ere nabari da tentsio berezi bat. Sortzen den ikusmin horri guztiari erantzun behar zaio, egiten dugunak ere askoz oihartzun handiagoa izaten du, eta ondorioz, asko dauka jokoan bertsolari bakoitzak.
Jone Uria: Komunikabideen jarraipena handiagoa da. Algorta ez da oso gune bertsozalea, baina egunotan jende dezentek gelditu nau kalean komentarioren bat egiteko edo animoak emateko. Badirudi mundu guztiak duela Txapelketaren berri.  
Miren Amuriza: Handitasun hori da guretzat berriena.

Hainbeste jende, hainbeste komunikabide...  Aholku mordoa jasoko zenuten honezkero.

M.A.: Batek baino gehiagok aholku bera eman dit: horrelako aukerak gutxitan tokatuko dira parean, eta ondo pasatzera joan. Jonek esan zidan, adibidez, bere saioaren ondoren, eta Julio Sotok ere bai berea pasatu zuenean.
J.U.: Algortako bertso eskolan Fredi Paiak beti esaten dit nork bere buruarengan konfiantza izatea  dela garrantzitsuena. Eta iruditzen zait egia dela, norberak bere buruarengan sinetsi behar duela ondo egiteko. Noski, sinestearekin bakarrik ez duzu ezer ziurtatzen, baina uste dut inportantea dela.
B.G.: Niri taulatu gainean daukadan freskura ez galtzeko esan zidan Ainhoa Agirreazaldegik, horrek izan behar zuela nire lehentasuna. Eta saiatuko naiz kasu egiten.

Lagunen eta ingurukoen animoak ere ez zaizkizue faltako.

J.U.:  Algortako Bertso Eskolakoak eta familiakoak egoten dira beti hor. Zestoako saiora pankarta eta guzti joan ziren: Aupa Jone, geurea da garaipena! Gero, sekulako ilusioa egin zidan baita ezagutzen ez ninduen jendearen animoak jasotzeak ere. "Aupa neska!" esan zidaten saioaren irteeran.
M.A.: Niri bertso udalekuetako lagunek jarri dizkidate pankartak. Oso Pirritx eta Porrotx zaleak gara denok, eta hauen leloekin eta Piraten logotipoarekin egin zituzten pankartak. Gainera, Gasteizen Porrotx ikusleen artean zegoela ikusi nuen, eta grazia egin zidan... Gero betiko jendea hor egon da, baina baita espero ez nuen jende asko ere, oso bertsozalea izan gabe ni ikustearren saiora hurbildu diren ezagun pila bat.
B.G.: Niri anaiak egiten dizkit pankartak. Oso ondo marrazten du, eta beti egiten du karikaturaren bat. Bergarako saioan zaharrari, egurra jarri zuen, eta baita, Gainditu nahi hauenak sufri dezala, Gipuzkoako Txapelketan nik esandakoa parafraseatuz.

Nola definituko zenukete bertsolari gisa batak bestea?

B.G.: Miren bertsolari sendoa ikusten dut, eta irudi hori ematen du taulatu gainean, baina aldi berean, badauka puntu intimo bat.
M.A..: Kar, kar... Jone matematika ikasten ari da unibertsitatean, eta matematikoa da bertsotan ere. Oso segurua da, eta bertsoa hasten duenean badakizu taka-taka-taka emaitza ondo aterako duela. Umorea eta txinparta ere badauzka.
J.U.: Beñat ere bertsolari segurutzat dut nik. Badirudi ez duela inoiz hutsik egingo. Eta badaki kolpe onak ematen, bai umoretik eta baita seriotasunetik ere.

Aurretik ere egin izan dituzue merituak. Eskolartekoetan txapelak irabazitakoak hirurak, Gipuzkoakoan txapeldunorde izandakoa Beñat, Bizkaikoan lan polita egindakoak Miren eta Jone... Hala ere, Txapelketako sorpresa positiboa izan zaretela esan daiteke zalantzarik gabe. Zuentzat ere sorpresa izan al da?

J.U.: Nik uste gu hirurotatik inork ez zuela espero hain ondo aritzea, edo ez behintzat bere kanporaketa irabaztea. Ni, behintzat, saioa pasatu, taulatutik jaitsi eta Txapelketaz ikusle bezala gozatzen hasteko ideiarekin joan nintzen neurera. Finalerdietara pasa nintzela ikusi nuenean sekulako sorpresa hartu nuen, eta burua berriro lanean jarri behar izan nuen egoera berrira egokitzeko.
B.G.: Nik pasatzeko aukera ikusten nuen. Parte hartzen duzun momentutik beti dago aukera gauzak ondo egitekoa. Baina kanporaketa irabaztea... Etxean aritu izan naiz imajinatzen kanporaketa irabazten nuela, baina irudimenaren jolas modura.
M.A.: Ba nik uste dut imajinatu ere ez dudala egin horrelakorik.
J.U.: Ez, ez, nik ere ez. Nire saioari begira, pentsatu nuen bigarren gelditu nintekeela, baina azkena ere bai.
B.G.: Azken aldian plazetan dezente ibili naiz, eta ondo ikusten nuen nire burua. Baina kanporaketa zailena tokatu zitzaidan, eta bertsolari horiekin ez nuen neure burua aurretik ikusten.

Zein da, orain arte, Txapelketako momenturik onena?

J.U.: Saioan, batez ere bi ofizioetan, oso gustura sentitu nintzen, eta zortziko handian azken puntua errepikatu nuenean ez nuen nire ahotsa entzuten, jendeak eskaini zidan txalo zaparradak dena estali zuelako. Sekula ez zitzaidan horrelakorik gertatu.
M.A.: Ni, Laudion bukatutakoan, laino batean banengo bezala jaitsi nintzen eskaileretatik. Mundu guztia zorionak, besarkadak eta musuak ematen... ez nintzen erreakzionatzeko gai. Poz-pozik hartu nuen lo gau hartan, jada Txapelketan egin beharrekoa eginda neukala pentsatuz. Eta handik astebetera Gasteizen berriro ere lehen postua finalerdikoan... Momentu bat ez, momentu asko ari zaizkit tokatzen.  
B.G.: Nik Bergarako saioan ohorea sentitu nuen. Maialenek egin zuena harrigarria izan zen, historiarako saio bat iruditu zitzaidan, eta taulatu berean egon ahal izatea sentsazio ederra izan zen niretzat. Uztaritzen, berriz, Mirenek aipatu duen sentsazio bera izan nuen. Zure buruari ere sorpresa ematen diozunean sentitzen duzun arintasun arraro hori.

Hiruak bertsolari gazteena zineten zuen final-laurdenekoan eta hirurek lehen postua lortu zenuten. Kasualitate hutsa izan da edo ikusten diozue bestelako esplikazioren bat?

B.G.: Nik uste dut lasaien gu joan ginela.
M.A.: Debuta egiten dugunak izanda, geuk dugu galtzeko gutxien. Parte hartu ahal izate soila opari bat da guretzat. Aurreko Txapelketetan ondo ibilitakoek aurretik lorturiko izen on hori arriskuan jartzen dute, nolabait, lehen kanporaketa hauetan, eta gu baino presio handiagoarekin aritzen dira.

Gaztea izateak zein abantaila eta zein desabantaila izan ditzake bertsotan egiterako orduan?

J.U.: Sorpresak ematea errazagoa da bertsolari ezezaguna izanda. Finalista izan den bati guri baino gehiago eskatzen diote. Eta desabantaila nagusia esperientzia falta da, nire ustez. Bertsolari helduagoek guk baino bizipen gehiago izan dituzte, eta zenbait gairi erantzuteko, bizipen horietan oinarritu daitezke.
B.G.: Beste abantaila bat da bizitzan ardura gutxiago ditugula momentu honetan. Libre gaude edozein bertso saiotara joateko, eta joaten bagara bertan gelditu gaitezke parrandan... Bertsotako martxa hori errazago jarraitu daiteke 20 urterekin...
M.A.: Gure publikoa ere badaukagu. Gero eta gure adineko jende gehiago da bertsozalea.

Parte-hartzaileen zerrendari gainbegiratua emanda, 40 urteak gainditzen dituen bakarra Andoni Egaña dela ikus daiteke, eta kasik bi herenak 30 urtetik beherakoak zaretela. Nola ikusten dituzue datu hauek?  

J.U.:  Txapelketa nolabait bada zure burua ezagutzera emateko erakustoki bat. Eta Egañaren belaunaldikoek edo zaharragoek jada ez dute horren beharrik. Horrek dezente jaisten du adinaren batezbestekoa.
B.G.: Gainera, gazteak oso ohituta gaude txapelketetara. Ni 10 urte nituenetik nabil eskolartekoetan. Herrialdeetako txapelketetara iristen garenerako ibilbide bat daukagu egina, eta horrek ere laguntzen du Txapelketan aurrera egiten.

Bistakoa da Bertsozale Elkarteak asmatu duela belaunaldi berrien erreleboa ziurtatzen. Zeintzuk dira, zuen ustez, arrakasta honen gakoak?

M.A.: Bertso eskolen sare zabal bat dago, lanean oso ondo ari dena. Eta Eskolarteko Txapelketek ere balio dute bertsolari berriak trebatzen hasteko, Beñatek zioen bezala. Baina iruditzen zait hori bezain garrantzitsua dela bertsolari gazteen artean sortu den harreman sarea, eta horretarako ere hainbat bitarteko jarri dituzte. Bertso udalekuak, Eskolarteko finalisten bidaiak, UEUko ikastaroak, Bertso Egunak... Horrela ezagutu dugu elkar askok, harreman onak sortu dira, eta harreman horien babesean errazagoa da aurrera egitea.
B.G.: Bertso eskoletatik bertsolariak ateratzen dira, baina baita bertsozaleak ere. Hor badago jende asko bere burua Txapelketan bertsotan egiteko gai ikusten ez duena, baina antolakuntzan, edo gaiak aukeratzen, edo beste mila kontutan, daukan onena emateko prest dagoena. Horiek ere oso inportanteak dira.

Erraztasunak ez ezik ardurak ere ematen zaizkizue gazteei. Hirurok ibili izan zarete bertso eskolak ematen.

M.A: Bai. Jasotakoa itzultzeko modu bat da geuretzat: atzetik datozenei dakigun apurra erakustea.

Zuentzako zer da bertsolaritza? Zein da eman dizuen gauzarik preziatuena?

J.U.:  Lagun asko. Sentitzen duzuna adierazteko modu bat. Eta batez giroa, jendea, parrandak...
M.A: Niri baita. Eta gero pertsonalki asko ikasteko, bide bat ere bai. Jendearen aurrean sortzeko aukera ez dauka edonork; eta ezta jendearen txaloak entzuteko, hori sentitzeko, aukera ere.
B.G.: Zure burua probatzeko oso eskola ona da bertsolaritza. Ni gainera oso lotsatia naiz...
J.U.: Ni ere bai.
M.A: Ni ere bai.
B.G.: Barruan neukana esateko modua eman dit bertsoak. Bestela ez nuen esango, hor geldituko zen, gordeta. Hasieran niretzako saio batetara joan, jendez beteta dagoen elkarte batera sartu, denei gabon esan, mahaian eseri eta kontu horiek guztiak txoke terapia gogor samarra izan ziren. Baina ondo etorri zait.

Bada marka, hiru bertsolarirekin gelditu eta hirurak lotsatiak izatea.

J.U.: Ba, bai.
M.A: Lotsatiak bagara, baina gero dena ematea tokatzen denean hazi egiten diren horietakoak.
B.G.: Badaukagu eskizofrenia puntu bat.
Azken haste hauetan suposatzen dut bertsoa eta bertsoa ibiliko zaretela buruan.

Nekagarria da? Nola deskonektatzen duzue?

B.G.: Nik bizikleta hartu eta hiru bat ordu egiten ditut kanpoan.
J.U.: Koadrilakoak ez dira oso bertsozaleak, gaia ez dugu askotan aipatzen, eta hor deskonektatzen dut.
M.A: Ez dakit nekatzera iritsi naizen, baina seguru nago bukatzen dudanean deskantsu ederra hartuko dudala.

Ikusten duzue zuen burua finalean?

M.A: Publikoan bai!! Kar, kar... Koadrilakoen ondoan eserita...
J.U.: Nik uste dut nahiago dudala sailkatu baino ikusle bezala lasai-lasai disfrutatu. Ez dakit jendeak sinetsiko duen baina...
B.G.: Aukera emanez gero publikoan egon edo taulatu gainean, nik nahiago dut taulatu gainean. Baina ez, aurten, behingoagatik, ez da izango.

Eta suertatuko balitz, nola imajinatzen duzue egun hori?

M.A: Ez da erraza...
J.U.: Hasteko ez dakit nire belaunek ez ote luketen huts egingo taulatura igotzerakoan. Eta gero egun osoko saio bati eustea... Uste dut ez dudala inoiz hainbeste denbora jarraian egin bertsotan.
B.G.: Nik Gipuzkoako Finalaren erreferentzia daukat. Hura ere handia izan zen...  Bertsotan egitea baino kasik gogorragoa iruditzen zait hor eserita hainbeste denbora eman beharra. Tentsioa barrua jaten ari zaizu pixkanaka. Gogoan dut Gipuzkoakoan kartzelara iritsi nintzenerako sekulako korapiloa neukala tripan...

Ikusten al duzue norbait zaharrari irabazteko moduan?

J.U.:  Nik beti esan dut Egaña ikusten nuela berriro ere Txapeldun, eta norbaitek kentzekotan Unai izan zitekeela hori. Baina orain ez dakit Unai finalera iritsiko den. Maialen oso indartsu ikusten dut, baina ez dakit.
M.A: Orain arte finaletan egon diren guztiak onak dira, eta edonork egin dezake oso ondo. Baina nik ere zail ikusten dut.
B.G.: Gainera irabazi egin behar zaio, berak ez du galduko.

Beñat Gaztelumendi



Añorga. 22 urte. Ikus-Entzunezko Komunikazioko ikaslea. Eskolarteko Txapelketetan eta gazte sariketetan sari asko irabazitakoa. 2007ko Gipuzkoako Txapelketan bigarren egin zuen, bertsozale guztiak aho zabalik utziaz. Igeldo, Hernani, Santutxu eta Orioko bertso eskoletan ibilitakoa.

97ko Txapelketa Nagusian Jon Maiaren habanerak eta Irazuk gerra zauriei buruz finalean kantatutakoek hunkitu zuten gehien. 2005eko finalean BECen izan zen magiak bera ere liluratu zuen.Txapelketa prestatzeko Orio, Zarautz eta Hernaniko bertso eskolakoekin elkartu izan da. 

Miren Amuriza



Berriz. 19 urte. Euskal Filologia ari da ikasten. Bizkaiko Eskolarteko hiru txapel eta Euskal Herriko bat irabazi ditu. Berrizko bertso eskolan aritzen da.

2005eko BECeko finalaren magia aipatzen du zale bezala izandako esperientzia gogoangarrienen artean.

Maddalen Arzallusekin prestatu du aurtengo Txapelketa. Eta bakarka, paperaren aurrean ehunka ariketa eginaz.     

Jone Uria



Getxo. 19 urte. Matematika ikaslea. Bizkaiko txapeldun izana Eskolartekoan.

2001eko Txapelketa Nagusiko Finaleko giroa eta jendearen txalo zaparradak barruraino iritsi zitzaizkion. 2005ekoan, lehen kanporaketetatik Paia anaiak animatzen aritu zen, jo eta su.

Abuztuan ez zuen prestakuntza handirik egin parranda eta opor giroak kutsaturik, baina irailean astean bitan elkartu izan da Algortako bertso eskolakoekin.