Hiru euskal film berri Urruñan ostiralean

Hiru euskal film berri Urruñan ostiralean Aurten plazaratutako hiru euskal film eskainiko dituzte ostiralean Urruñako Itsas-mendi zineman: 'Tempraren guarpena', 'Periferiaren mugak' eta 'Kutxabira. Herriz herri euskara oinarri'. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hiru-euskal-film-berri-urrunan-ostiralean/@@download/image/hitza da gure lurra.png
2021/07/13

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Aurten plazaratutako hiru euskal film eskainiko dituzte ostiralean Urruñako Itsas-mendi zineman: 'Tempraren guarpena', 'Periferiaren mugak' eta 'Kutxabira. Herriz herri euskara oinarri'.
Hiru euskal film berri Urruñan ostiralean

Euskal Herriko hiru ekoizpen berri bistaratzeko saioa egingo dute Urruñako Itsas-mendi zineman. Filmen egileek ere parte-hartuko dute bertan. Saioa sei eta erdietan hasiko da eta bederatziak aldera amaituko da; etenaldia ere izango da tartean, mokadutxoa egiteko. Sarrerak 5 euroren truke eskuratu daitezke eta txartel bakoitzeko euro bat  Iparra-Hegoa elkartearentzat bideratuko dute.

Emanaldia Oihane Puertas eta Idoia Lahidalga gazteek estreinatu berri duten Tempraren guarpena dokumental laburrarekin hasiko da. Nafarroako Erronkari ibarreko lau emakumeren bizipenak jasotzen dituen ikus-entzunezkoa aurkeztu zuten ekainean, gradu amaierako lan gisa, eta ordutik hainbat emanaldi egin dituzte jendartean zabaltzeko.

Ikusgai izango den bigarren pelikula Ekhine Aizkorbe, Irati Egibar eta Irene Zalduaren Periferiaren mugak izango da. “Nola bizitzen eta sentitzen dute Euskal Herria eta bere hizkuntza periferia deitzen diogun horretan bizi diren euskaldunek?” galderari erantzun nahi izan diote, haien egunerokora hurbilketa eginez, euren sentipen eta bizipenen argazki bat helaraziz.

19:30ean etenaldia egingo dute Itsas-Mendiko pintxoak eta edariak dastatzeko, eta 20:00etan azken filma proiektatuko dute: Amaia Renobales eta Iban Garciaren Kutxabira. Herriz herri euskara oinarri lana. Pandemia urte honen "galera sentimentalak” apaltzeko asmoz, Iparra-Hegoa elkarteak proposatutako ekimena izan da Kutxabira, euskal diaspora eta laurogei herri baino gehiago zeharkatu dituen ibilaldia. "Herritarren ametsak bilduz, euskarari eta herri nortasunari hatsa ematea" izan du helburu.