Denboraren oroimena

Denboraren oroimena XIX. mendeko Nafarroako Erronkari ibarreko emakumeen errealitatea jasotzen duen hamabost minutuko dokumentala egin dute Mondragon Unibertsitateko bi ikaslek. Belaunaldi ezberdinetako bailarako lau emakume dira protagonistak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/denboraren-oroimena/@@download/image/tenpraren guarpena 3.png
2021/06/16

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

XIX. mendeko Nafarroako Erronkari ibarreko emakumeen errealitatea jasotzen duen hamabost minutuko dokumentala egin dute Mondragon Unibertsitateko bi ikaslek. Belaunaldi ezberdinetako bailarako lau emakume dira protagonistak.

Mondragon Unibertsitateko Ikus-Entzunezko Komunikazio Graduko ikasle diren Idoia Lahidalga Baglietto eta Oihane Puertas Ramirezek  XIX. mendeko Nafarroako Erronkari ibarreko emakumearen errealitatea islatzen duen Tenpraren Guarpena dokumentala sortu dute gradu amaierako lanaren aitzakian. Egileek hasieratik izan dute argi Nafarroako eremu horretan egin nahi zutela ikus-entzunezkoa eta emakumeari egin nahi ziotela aitortza: "Ikertzen hasita, konturatu ginen bailaran batez ere gizonen lanak egin zirela ezagun, eta bertan gelditzen zen emakumeaz ez zela hitz egiten. Azken urteotan emakume haiek egiten zutena ikusarazteko lan handia egin den arren, orain arte argitaratutakoak ez du bailarako emakume guztien errealitatea islatzen. Hori horrela, aukera polita iruditu zitzaigun gure gradu bukaerako lana ordura arte ikusarazi ez den gai baten inguruan egitea, memoria hori berreskuratzea". Hain zuzen ere, horixe da dokumentalaren izenburuak erronkarieraz, ibarreko garai hartako euskaran, adierazten duena: denboraren oroimena. 

Tenpraren Guarpena dokumentalean XIX. mendeko Erronkaribarko "emakumearen errealitatea ikusi eta ulertuko du" ikus-entzuleak bailarako belaunaldi desberdinetako emakumeen ahotik. Hamabost minutukoa da ikus-entzunezkoa, eta testigantzek eta garai hartako bizimodua eta giroa irudikatzen duten birsorkuntzek osatzen dute. Horrez gain, ibarreko zenbait paisaia eta txoko agertzen dira, ikusleak kontakizuna koka dezan. Dokumentalaren bidez, Erronkari ibarreko emakumeari "orain arte eman ez zaion aitortza eta ikusgarritasuna ematea" lortu nahi dute, "bailarakoena ez ezik, landa eremuko emakumeen errealitatea islatzen duela uste dugulako". Gizarte osoak berreskuratutako "memoria ezagutzeko eta horren garrantziaz jabetzeko" aukera ematen duela iruditzen zaie egileei. 

Bailarako belaunaldi ezberdinetako lau emakume dira dokumentalaren gidari: Brigida Tolosa Gayarre (Erronkari), Chelín Barace Garcés (Izaba), Gema Garro Nekotxea (Urzainki) eta Leire Alastuey de Miguel (Uztarroze). Jaso, bizi, ikusi eta sentitzen dutenaz hitz egin dute laurek; beraz, emakumeen historia emakumeek eurek kontatzen dute. Hala ere, birsorkuntza zatietan bailarako beste zenbait emakumeren parte-hartzea izan dute.

Elkarlana eta laguntza 
Aurrez aipatu bezala, Idoia Lahidalga Baglietto eibartarra eta Oihane Puertas Ramirez lasartearra dira egileak, eta bien artean aritu dira aurreprodukzioan, grabaketetan eta produkzio zein posprodukzio lanetan. Dena den, laguntza ere jaso dute, Izabako Kurruskla Kultur Elkartearekin elkarlanean egin baitute proiektu hau. Kurruskla 2007. urtean sortu zen eta ordutik bailarako zein Izabako ondarea eta tradizioak berreskuratzen aritu da. Elkarlanean aritzea "oso atsegina" izan dela nabarmendu dute sortzaileek, "beti egon baitira laguntzeko prest". Horrez gain, unibertsitateko irakasleen laguntza ere jaso dute. 

Lau hilabeteko lan-prozesua izan da; martxoan hasi zuten ikerketa lana, maiatza bukaeran amaitu zuten guztiz dokumentala, eta hilabete honetan aurkeztu dute Gradu Bukaerako Lana. Hori guztia egiteko, hainbat aldiz izan dira bailaran erronkaribartarrak elkarrizketatzen eta grabatzen. Hasierako elkarrizketak informazioa lortzeko egin zituzten, eta bukaerakoak dokumentalean testigantza gisa agertzeko. Gutxi gorabehera bederatzi egunetan egin zituzten grabaketa guztiak eta bi astez aritu ziren dokumentala muntatzen eta editatzen. 

Dokumentalaren aurkezpena
Bailaran bertan estreinatuko dute ikus-entzunezko lana hil honen amaieran. Momentuz bi hitzordu lotu dituzte: ekainaren 26an Izaban eta 27an Burgin. Hasteko, bailarako zazpi herrietan emanaldiak egitea gustatuko litzaieke eta, ondoren, handik kanpo zabaltzea, "gizarte osoak berreskuratutako memoria hori ezagutu dezan"