Hiru egun Ipar Korean

Hiru egun Ipar Korean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hiru-egun-ipar-korean/@@download/image/ipar_korea_01_1373443049.jpg
2013/07/08
erreportajea
Testua eta argazkiak: Haize Galarraga
Hiru egun Ipar Korean
Zorrotz programaturiko bisita gidatuen sekuentzia ez da egiazko bidaia. Turistentzako guneetako langileak ez diren beste inorekin hitz egiteko aukerarik ez badago, nola ezagutu herrialde baten benetako nortasuna? Jakinminak, hala ere, beti aurkitzen du behatxuloren bat.


Koreako Herri Errepublika Demokratikoak, Ipar Koreak alegia, eskuartean duen politika nuklearra gaitzesteko asmoz, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) zigor ekonomikoak gogortu zizkion martxoaren 7an. Hurrengo egunean bertan, Piongiango Gobernuak 1953an NBErekin sinatutako Armistizioa baliogabetuko zuela jakinarazi zuen eta, hala, Ameriketako Estatu Batuei nahiz Hego Koreari eraso egiteko eskumena aitortu zion bere buruari. Hego Korean zeuden atzerritarrei herrialdea utz zezaten gomendatu zien eta, handik gutxira, apirilaren 9an bertan, Kaesongo (Ipar Korea) zonalde ekonomiko bereziko industriagunean ziharduten 53.000 langileak erretiratu zituen.

Panorama ikusita, bidaia agentziara hots egin nuen maiatzaren 1erako lotuta genuen planak bere horretan segitzen ote zuen jakiteko. Aldaketarik ez. Pekinen trena hartu eta langileen egunean heldu nintzen Ipar Korearekin muga egiten duen Dandong hirira (Txina). 11 lagunez osatutako taldea (gidaria eta bederatzi bidaiari, denak txinatarrak; eta ni neu) abiatu ginen.

Dandongo geltokiak nazioarteko itxarongela bat du Ipar Korearanzko trena hartzen dutenentzat; Txinako poliziaren kontrola pasatu eta sofa eder batzuetan eseri ginen trenaren zain; ez zen zaila antzematea gu ginela hango turista bakarrak, gainontzekoek ez baitziruditen hain umoretsu eta alai. Hiru uniformedun ere sartu ziren; txanoaren formak ez zuen zalantzarako tarterik uzten, ipar korearrak ziren eta, gainera, guztiek zeramatzaten liderren pinak bular aldean eskegita. Alboan nuen neska txinatarrak ingelesez laburbildu zizkidan gure gidari xelebrearen oharrak: "Argazkiak ateratzeko baimena eskatu behar zaio gidari korearrari; militarrei ezin zaie argazkirik atera; kaleko jendearekin ezin da hitz egin eta gidariekin ere ez da komeni gai korapilatsuei buruz aritzea". Trenerako deitu gintuzten.

Hamar minutukoa da Dandongdik Ipar Koreako lehenengo geltokirako bidaia. Yalu ibaiak markatzen duen muga naturala zeharkatu genuen Sinu-Korear Anaiartearen zubitik; ondoan, ipar amerikarrek bonbardaturiko eta erdi eraitsita geraturiko zubia. Trena Sinuiju-n geratu orduko, uniformedun ipar korearrez bete zitzaigun bagoia, eta berehala hasi zitzaizkigun pasaporte edo telefono mugikor eske eta maletak arakatzen. Tramite luzeak ingurua behatzeko balio izan zidan: parean bi soldadu gazte eta argal kalashnikov banarekin; andenean, jendea han-hemenka, denek zeramaten soinean liderren pina eta ez nuen denbora gehiegi behar izan erregimenak ‘gomendatzen’ duen ile orrazkera identifikatzeko...

Bi astindu gogorrekin lau bat bagoi korear gehituta abiatu zen berriro ere trena. Sinuijuko etxe goibelak eta industriagune abandonatuak utzita, landa eremurantz egin genuen berehala. Trenaren trakateko monotonoa, buruzagien begirada alaiek zainduriko geltoki eta herrixkak... erromantiko samarra izan daiteke lehen kolpean, baina analisi zehatzago batek beste ohartarazpen batzuk dakartza: ia etxe guztiak dira grisak eta zaharkituak; herrixkak lotzen dituen errepidea ez dago asfaltatuta eta kasik ez dabil motordun ibilgailurik; gehienak oinez edo, akaso, bizikleta zaharretan mugitzen dira; baratzeetan nahiz kalean, euren janzkera eta orrazkera homogeneoa da. Uniforme berdeak erruz ikus daitezke, antza, militarrak eta poliziak nonahi daude, izan ere, gerora jakin dudanez, Ipar Koreak du munduko soldadu indize handiena, 45 soldadu 1.000 biztanleko; alegia, kasik Israelek, bigarren herrialde militarizatuenak, duenaren bikoitza.

Arrozagatik ez balitz...
Lur eremuak goldatuta edo ereinda ikusi nituen, baina traktoreen arrastorik ez, errazagoa zen gizonek edo behiek tiratutako goldeak ikustea; eta adin guztietako jendea sakabanatuta, zaku bat esku batean eta igitai txiki bat bestean, negu lehorraren ondorioz oraindik idor zen lurrean atera berri ziren landareen kimuak hartzen ari ziren.

Ezagunak dira Ipar Koreak bizi izan dituen elikagai eskasia izugarriak; iturri batzuen arabera, 1995 eta 1999 arteko goseteak bi milioi pertsona hil zituen. Antza, Juche izeneko doktrina ofizialak defendatzen dituen autosufizientziak eta isolamenduak neurriak hartzeko ahalmena mugatzen dute, eta ondorioak lazgarriak izaten dira. Irakurri dut korearrek egunean otordu bakarra egiten dutela, nagusiki arrozez osatua, baita eskasia nabarmenagoa dela landa eremuetan hirietan baino. Pintzekin hartu beharreko datuak dira, baina nik behintzat ez nuen korear gizenik ikusi bidaia osoan zehar.

Piongiang
Trafikoa ugaritu eta lehenengo etxe bloke erraldoiak ikustearekin batera jakin nuen Piongiangera iristen ari ginela. Europa ekialdeko hiri bat izan zitekeen, bere eraikin sobietarrekin. Ez zegoen inolako publizitate komertzialik, ordea; ikusi nituen kartel bakanek erregimenaren propaganda ziruditen eta liderren aurpegi irribarretsuak edonon zeuden. Hiritarrak presaka zebiltzala zirudien, kolore eta orrazkera bertsuak, maletatxo bat eskuan inurrien antzera zebiltzan. Gutxi ikusi nituen taldean edo berriketan, zapi gorria eta eskolako uniformea soinean zeramaten umeak izan ezik.

Gorbatarik gabeko trajedun gizona eta gona ilun bat zeraman emakumea (biak ala biak liderren pinarekin soinean) zain genituen Kim Il Sung eta Kim Jong Il buruzagien argazkiek apaindutako geltokian. Etxeko lanak ongi eginak zituzten, bazekiten gutako bakoitza nor zen eta niri ingelesez egin behar zidatela; gure gidari korearrak ziren.

Pareko plazak jendetsuagoa eta animatuagoa zirudien, baina tentsio puntu bat nabari zen zeharka begiratzen gintuzten oinezkoen artean. Taedong ibaiaren erdi-erdian, irla batean zegoen eraikita 37 solairudun gure hotela; gurea eta, ziur aski, Piongiangen eta Ipar Korea osoan geunden turista guztiena. Kalera ateraz gero, gehiegi ez urruntzea gomendatu ziguten eta, egia esan, uharte hartan sartuta, kartzela itxura zuen. Taberna, denda eta karaokea zituen, baita liderrek idatzitako obraz jositako liburu-denda bat ere; dolar amerikarrekin nahiz yuan txinatarrekin ordaindu zitekeen dena.

Hurrengo goizean Kimdarren urre koloreko monumentuak dauden enparantzara eraman gintuzten. Lore sorta bana erosarazi eta han joan ginen lerroan, estatuen aurrean erreberentzia egin eta loreak eskaintzera; turista guztiek egin beharreko tramitea zirudien. Plazaren bi alboetan, bestalde, Japoniarren eta Ipar Amerikarren aurkako erresistentziaren omenezko eskultura itzel bana dago; soldaduak aurretik eta emakume zein haurrak atzetik, guztien borroka omentzen dute brontzezko irudi erraldoiek. Izan ere, dena da sekulakoa eta ikaragarria Piongiangen. Gure atzetik, korear multzo dotore batek errepikatu zuen operazioa, eta gogoan dut zabalgunea gurutzatzen ari zen andre batek ere bat-bateko erreberentzia egin zuela liderren aurrean, zaintzaile itxura zuten traje gris distiratsudun bi gizonen begiradapean.

Zirrikitu bila

Halako planifikazio itxiek ez dute herrialde baten benetako nortasuna argitzen uzten, eta gidarien ekarpena ere nulua izan zen zentzu horretan. Esate baterako, dendaren batean sartzeko baimena eskatu nion behin eta berriz, eta erantzuna beti izan zen ezezkoa korear txanponik ez nuela argudiatuta. Baina hotelean diru apur bat aldatzea lortu eta berriro ere eskatu nionean, behin betiko ezezko borobila eman zidan hasperen luze baten ostean eta inolako azalpenik gabe. Bazkaldu ondoren eta autobusa atera aurretik turistentzako jatetxetik ateratzen nintzen bakoitzean, gidaria gainean sentitzen nuen, nire mugimendu guztiak kontrolatzen. Dena dela, bisita gidatu aseptikoenei ere zukua atera eta harritzeko gai izan nintzen. Adibidez, mendialdeko jauregi-museo batean urteetan zehar atzerriko gobernuek eta enpresa pribatuek liderrei egindako milaka opari bitxi ikusi genituen: argazki kamera soil bat, edota Estalinen kotxe ofiziala izandakoa! Eta ez dut detaile bat ahaztu nahi: garbitasunarekin obsesionatuta-edo, oinetakoak estaltzeko fundatxo batzuekin ibili ginen alde batetik bestera.

Desmilitarizatutako eremua ere bisitatu genuen militar ipar korear baten azalpen eta guzti; Gerra Hotzeko gorabeherak kontatu zizkiguten Hego Korearantz begiratzen genuen bitartean eta NBErekin akordioa sinatu zuten mahai beraren bueltan eserita. Dohain miragarri eta irribarre artifizialdun    umeen espektakulu ikusgarriaz gozatu genuen, Kim Il Sunen jaioterri xumea ezagutu genuen erromes ipar korearren ilara luzeak alboan utziz, munduko metro sakonenean ibili ginen hamar minutuz eta babestoki nuklear funtzioa zuela baieztatu ziguten sarrera-irteera ate blindatuak lehenbailehen gurutzatzen genituen bitartean, desfile sonatuak egiten diren plazan argazkiak atera genituen oinezkoen indiferentzia beldurgarriaren aurrean...

Horrela ba, Ipar Korean sartu eta hiru egun geroago, Kimdarren argazki omnipresenteak agurtuz, Txinarantz bueltan abiatu nintzen, bertakoek euren buruzagienganako duten, edo erakusten duten, errespetu eta admirazioak txundituta. Ez dut ahaztuko herrialdetik irten aurretik egin ziguten azken miaketan, argazki kamerako irudiak ere aztertu ondoren, militar batek maleta ireki arazi zidala eta, Kim Il Sunek idatzitako pare bat liburu neuzkala ikusirik, eskua eman eta irribarre handi batekin dena ondo zegoela esanez agurtu ninduela.