Ilunpetan ikusteko aukera ematen duten lentilla infragorriak sortu dituzte

Ilunpetan ikusteko aukera ematen duten lentilla infragorriak sortu dituzte Begiak itxita ere erabil omen daitezke eta ez omen dute energia-iturririk behar. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ilunpetan-ikusteko-aukera-ematen-duten-lentilla-infragorriak-sortu-dituzte/@@download/image/pexels-n-voitkevich-5843363.jpg
2025/05/29

Testua: Maitane Legarreta

Begiak itxita ere erabil omen daitezke eta ez omen dute energia-iturririk behar.
Ilunpetan ikusteko aukera ematen duten lentilla infragorriak sortu dituzte

Txinako eta Estatu Batuetako zientzialariek argi infragorriak argi ikusgarri bihurtzen dituzten lentillak sortu dituzte, eta, ondorioz, gauez edo ilunpetan ikusi ahal izatea ahalbidetzen dute, baita begiak itxita izanda ere. Ez dute energia iturririk behar eta gardenak direnez, argi infragorria eta bestelakoa ikus daitezke aldi berean. Hala ere, infragorria hobeto ikusten da begiak itxirik direla. 

Nanopartikulak polimero malgu ez-toxikoekin konbinatu dituzte lentilla hauek egiteko, eta seguruak zirela ziurtatuta, saguekin eta gizakiekin egin dituzte probak. Proba horien bitartez, saguek uhin luzera infragorriak ikusten zituztela jabetu ziren. Esaterako, kaxa ilun baten eta infragorriz argiztatutako beste baten artean aukeratzerakoan, lentilladun saguek kutxa iluna hautatu zuten eta lentillarik ez zutenek, aldiz, ez zuten lehentasunik erakutsi.

Hala, zientzialari hauek nabarmendu dute lentillarik gabe subjektuek ezin dutela ezer ikusi, baina lentillekin argi infragorrien keinada ikus dezaketela, eta begiak ixtean gaitasun handiagoa izaten dela argi infragorria ikusteko.

Daltonikoentzat ere lagungarria izan daiteke hau. Izan ere, ukipen-lente horien bidez, argi infragorrien espektroak bereiz daitezke, eta, koloreen bidez kodetu ditzakete infragorrien-uhin luzerak. Teknologia honen bidez, argi gorri ikusgarria berdearen antzeko bilaka daiteke eta, hala, daltonikoentzat ikusezina dena ikusgarri bilakatu. 

Oraingoz, LED argi-iturritik proiektatutako erradiazio infragorria baino ezin dute detektatu, baina nanopartikulen sentikortasuna handitzeko lanean ari dira, argi infragorriaren maila baxuagoak ere antzeman ahal izateko.