Hileko produktuetan soilik 6.000 euro xahutzen dituzte emakumeek

Hileko produktuetan soilik 6.000 euro xahutzen dituzte emakumeek Emakumeok bataz-beste gure bizitza ugalkorrean zehar 6.000 euro xahutzen ditugu hileko produktuetan. Zertan inbertituko zenuke diru guzti hori? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hileko-produktuetan-bakarrik-6-000-euro-xahutzen-ditugu-emakumeok/@@download/image/Menstruacion-verde2-01-725x527.jpg
2019/12/16

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Emakumeok bataz-beste gure bizitza ugalkorrean zehar 6.000 euro xahutzen ditugu hileko produktuetan. Zertan inbertituko zenuke diru guzti hori?
Hileko produktuetan soilik 6.000 euro xahutzen dituzte emakumeek

Ordenagailu bat erosten akaso, edo hainbat eta hainbat liburu, disko eta komiki eskuratzen. Bestela jatetxerik onenera gonbidatuko zenituzke zure lagunak edo bidaia zoragarri bat antolatu. Aukerak ugariak dira norbere gustuen arabera.

6.000 euro horiek ordea emakumeon kasuan hileko produktuetan joaten zaizkigu gure bizitza ugalkorrean zehar. Hala dio behintzat Intiminak, hileko kopak saltzen dituen enpresak, burutu duen ikerketa batek. Kopuru hori hilabetetan banatuz, hilero 10-15 euro gastatzen ditugu emakumeok konpresa, tanpoi, toallatxo, ibuprofeno eta menstruazio kopetan. Hori odolez zikindutako barruko arropak kenduta eta obariotako minez ohetik altxa ezinda baja hartzen duten emakumeak kontatu gabe.

Lanaren Nazioarteko Erakundeak burututako azken txostenaren arabera emakumeok %20 gutxiago kobratzen dugu. Beraz, hilekoa edukitze hutsagatik diru gehiago gastatzera behartuta egotea ez da oso justua.

Ikerketan parte-hartutako emakumeen erdiek aitortu zuten euren egoera ekonomikoagatik eta produktu hauen prezio altuagatik arazoak eduki dituztela hauek ordaintzeko. Emakumeen %60ak adierazi zuen hileroko gastuetako aurrekontuan sartu behar zituztela hileko gastuak hauei aurre egiteko eta %79ak adierazi zuen sakrifizio garrantzitsuak egin behar izaten dituztela produktu hauek ordaindu ahal izateko.

Haatik, emakume izateak ez du balio berdina mundu osoan. “Zerga arrosa” deituta aldatuz doa lekuaren arabera, leku batzuetan behar bat da eta beste batzuetan luxuzko produktu bat. Hungarian adibidez, emakumeek konpresa eta tanpoiak erosten dituztenean %27ko zerga ordaintzen dute, Italian %22koa da kopurua eta Alemanian %19koa. Aldiz, Irlandan produktu hauek ez dute zergarik, eta Espainia eta Frantzian hileko produktuei zerga minimoa aplikatzen zaie.

Hilekoarekin lotuta dagoen pobrezia ordea, ez dago finantzei lotuta soilik, eskuragarritasunarekin ere badu lotura. Inkesta burutu zitzaien emakume gehien iritziz hileko produktuak gobernuek subentzionatuak egoteaz gain, komun publiko, eskola, unibertsitate eta lanpostuetan doan biltegiratu beharko lirateke. Horrela, %45ak aitortu zuen konpromisoei ezetz esan beharra (klase batera kale egitea, zita bati ezetz esatea edo lanetik lehenagoztik atera behar izatea) hilekoa eduki eta honentzako artikuluak eskura ez edukitzeagatik. Honek ordea ez luke hala izan behar, hilekoa edukitzea ekidinezina da bai, baina beste guztia hobetu liteke mundu osoko emakumeon bizitza errazteko, ez dago aitzakiarik.