Hildako senideen abatarrak sortu eta "haiekin hitz egiteko" aukera ematen duen aplikazioa
Black Mirror telesailak teknologiaren garapenak etorkizun hurbilean ekar ditzakeen testuinguruak islatu izan ditu bere ibilbidean. 2013an, Be Right Back izeneko atalean, adimen artifizialaren bidez sortutako hildako senitartekoen abatarrekin harremana izaten zuten pertsonak ageri ziren. Hamabi urte igaro dira ordutik, eta errealitate bihurtu da aurreikuspena.
Disney-ko aktore izandako Calum Worthyk eta Hollywoodeko ekoizlea den Russell Geyserrek 2wai izeneko aplikazioa garatu dute. Worthyk azaldu duenez, "gizateriaren artxibo bizia" sortzen ari da.
Twitterren zabaldutako iragarki batean honako galdera hau egiten dute: "Eta galdu ditugun senide maiteak gure etorkizunaren parte izango balira?". Haurdun dagoen emakume bat ageri da, adimen artifizialaren bidez birsortutako hildako amarekin hizketan. Gero hildako "amona" jaioberria den haurrari ipuin bat kontatzen ikus dezakegu, biloba koskortuarekin hizketan, etab. Emakumea, abatar digitala sortzeko asmoz, amaren grabazio labur bat egiten ere azaltzen da, lelo honekin batera: "2wai-rekin, hiru minutuk betiko iraun dezakete".

Aplikazioa App Store-n eskuragai dago, iOs aplikazioa dutenentzat. Erabiltzaileek abatarrak sor ditzakete, enpresak 'HoloAvatar' deiturikoak. Animaziodun interfazeak dira, benetako pertsonak edo fikziozkoak agertzeko diseinatuak.
Badituzte diseinaturiko HoloAvatar jakinak ere, tartean Darius izeneko entrenatzaile pertsonala, Celeste izeneko astrologoa, eta Luca izeneko sukaldaria.
Iragarkiak hainbat erreakzio eragin ditu: "inoiz ikusi dudan ideiarik zitalena da"; "hau izugarria da"; "errealitatea baztertu eta doluaren ohiko prozesua saihesteko modua da"; "gizatasuna kentzen du, eta ez da zintzoa"; "mina negozio aukera bilakatzen du honek".
