HIKA TEATROAK ETA OINKARI DANTZA TALDEAK ‘GAZTE’ KALE IKUSKIZUNA ESTREINATUKO DUTE

Hika Teatroak eta Oinkari Dantza Taldeak Gazte kale ikuskizuna sortu dute, gazteekin egina eta gazteak mintzagai dituena. Sortzaileek adierazi dutenez, "betiko gazte sentitzea askoren desio eta ametsa izan arren, gazteen kontra aritzeko joera oso hedatua dago gizartean, hedatuegi. Pandemia garai honetan, adibidez, komunikabideak segurtasun neurriak hausten dituzten gazteei buruzko albisteekin bete dira. Axolagabekeriaz jokatzea egotzi zaie behin baino gehiagotan, haien jokaerak kriminalizatuz eta haien ahotsa isilaraziz. Zer dute gazteek esateko, ordea? Zein iritzi dute bizitzen ari garenaz? Zein iritzi gizarte honen egoera politiko sozial eta kulturalez? Zein iritzi gurasoez, hezkuntza sistemaz?". Horrela, gazteek euren barrukoak kanporatzeko aukera dute ikuskizun honen bidez.
Kaleak "horren hutsik eta itzalita" izan diren garaian , kaleko ikuskizun bat sortzearen premia nabarmendu dute: "Badu errebeldiatik, aldarrikapenetik, badu, gutxi arte ohiko zen moduan, plazak jendez gainezka sentitzeko gogo eta ilusiotik. Badu askatasun egarritik eta, batez ere, badu dantza jendeari hurbiltzetik".
Ohiko moduan, dantza eta musikak garrantzi handia dute ikuskizunean. "Estetika eta lengoaia propio baten bila jarraitzeko asmoak eraginda", ikuskizunak euskal dantza du abiapuntu eta garaiko dantza modernoak eta gorputz mugimendua uztartzen ditu, ahotsari eta testuari ere tokia utzita. Musika aldetik ere berrikuntzari ateak ireki dizkiote; euskal folkloreko doinuei uko egin gabe, zuzenean entzungo diren erritmoek oinarri elektronikoa izango dute, hip hop kulturaren kutsu handiarekin eta elektronikak sortzen dituen giroekin lagunduta.
Agurtzane Intxaurraga arduratu da ikuskizunaren zuzendaritzaz eta dramaturgiaz. Ikuskizuneko testuak ere berak idatziak dira, dantzarien kontakizunetan oinarrituta. Eneko Gil koreografo eta dantzariak, berriz, koreografiak sortu ditu. Haiekin batera, 17 eta 25 urte bitarteko hamar dantzari arituko dira. Musikari dagokionez, DJ Zigor, Little Martin DJ eta Eneko Dieguez saxofonista izango dira emanaldietan zuzenean jotzen.
Estreinaldia gaur Hondarribian
Gaur estreinatuko dute ikuskizuna Hondarribiko Kasino Zaharreko lorategian, 19:00etan. Larunbatean berriz, Zarautzeko Kalerki jaialdian taularatuko dute Munoa Plazan, 22:00etan.
Aurrerantzean ere izango dira hitzordu gehiago: uztailaren 11n Villabonan, uztailaren 18an Sopelan, uztailaren 21ean Aretxabaletan eta uztailaren 23an Zornotzan.
Elkarlanari jarraiki
Amantalen ahotsa ikuskizunean egin zuten topo lehen aldiz Oinkari Dantza Taldeak eta HIKAk 2012ko azaroan. Gerra zibilean amantala jantzita bizitzari aurre nola egin erakutsi zuten emakumeei buruz mintzatu ziren. Handik urte batera, 2013ko uztailean, Itsasoaren emazteak ikuskizuna sortu zuten elkarlanean, euskal dantza tradizionala oinarri hartuta, Euskal Herriko kostaldeko arrantzaleen emazteen bizipenak kontatu zituzten orduko hartan. Sagartu, kaleko dantza ikuskizuna izan da orain arte elkarlanean sortu duten azkena; 2017an estreinatu eta hiru urtez plazaratu dutena, zuzeneko musika, antzerkia eta dantza uztartuz.