HERIOTZA BIZITZEN IKASI

HERIOTZA BIZITZEN IKASI Inoiz hilko ez bagina bezala bizi gara eta hiltzen gara inoiz bizi izan ez bagina bezala. Baina heriotzak ez du inoiz huts egiten, beste edozein animalia bezala pertsona oro hiltzeko jaiotzen da. Ezinbesteko errealitatea da. Orduan, egungo gizartea zergatik saiatzen da prozesu natural hau ukatzen? https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2019/02/28

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Inoiz hilko ez bagina bezala bizi gara eta hiltzen gara inoiz bizi izan ez bagina bezala. Baina heriotzak ez du inoiz huts egiten, beste edozein animalia bezala pertsona oro hiltzeko jaiotzen da. Ezinbesteko errealitatea da. Orduan, egungo gizartea zergatik saiatzen da prozesu natural hau ukatzen?
HERIOTZA BIZITZEN IKASI

Heriotza aipatze hutsak urduri jartzen du gehiengoa. Baliteke arrakastara eta edertasunera bideratua dagoen mendebaldeko gizartearen planetan pentsaezina suertatzea akaso. Heriotza ukatzen dugu inoiz ez garelako bizitzen hasten eta ez dugulako inoiz bukatzen erabat gu geu izaten. Gizarte bezala hilzorian gaude, pertsona gehienak bizirik egonagatik, bizirauten besterik ez baitira ari, eta horrela jarraituko dugu heriotzak tabu bat izaten jarraitzen duen bitartean.
Orain dela ehun urteko eta egungo hiltzeko moduak aztertzea interesgarria da oso. Garai haietan heriotza familiarra zen, etxekotua, dolua ikusgarria zen, publikoa, eta erabat onartua zegoen; bakean onartzen zen heriotza, bakarrik hiltzearen beldurrik ez zegoen. Gaur egun, gizarte gero eta indibidualistago honetan, guztiak alderantziz funtzionatzen du: ospitaletan hiltzen dira pertsona gehienak, heriotza onartzea kosta egiten da dolua ezkutatuz eta bakarrik hiltzen diren pertsonak geroz eta gehiago dira. Honen harira interesgarria da oso The Swedish Theory of Love (Erik Gandini, 2015) dokumentala, egungo gizarte indibidualistak dakarren bakardadeaz hausnartzen baitu. Bertan aipatzen da gero eta ugariagoak direla beren etxeetan bakar-bakarrik hiltzen diren pertsonak, inork beraiek faltan bota gabe.
Ikusi besterik ez dago hiltzear dauden pertsonek adierazten dituzten bost damurik ohikoenak: “Aukeratzerik banu nire printzipioekin leiala izan nahiko nuke, ez besteek nitaz espero dutena egiten amaitu”, “gutxiago lan egin behar nukeen”, “atzera bueltatzerik banu nire sentimenduak ausardia gehiagoz adieraziko nituzke”, “nire lagunekin harreman estuagoa edukitzea nahiko nukeen” edo “aldatzerik balego zoriontsuago izaten saiatuko nintzateke” bezalakoak.


Damu horiek mantentzearen eragile zuzena da heriotza tabu batean bilakatu izana, sexua baino tabu handiagoan. Egun geroz eta naturaltasun handiagoz hitz egiten da sexuaz baina heriotzaren inguruan isiltasuna besterik ez da entzuten. Hilezkorrak bagina bezala bizi gara, heriotza besteei gertatzen zaien zera hori balitz bezala. Ezkutuan pairatzen da eta baita ondorengo dolu prozesua ere. Horregatik, heriotzak hurbil harrapatzen gaituenean, larritu eta berehala hori ahazten saiatzen gara, ez dugu deus ikasten esperientzia horretatik. Amorrua eta ezintasuna besterik ez dira nagusitzen gugan.
Ekialdeko kulturan ordea, oso bestela bizi dute. Ez da tabua, egunerokotasunaren zati baizik. Oso errotuta dago heriotzaren inguruan modu sakon batean hausnartzea. Horrela, pentsamendu horiek sortzen dieten sentsazioak bizi ditzakete eta horietatik ikasi. Horrek dakar heriotzak hurbil harrapatzen dituenean beldurra eramangarriagoa izatea eta modu natural batean pairatzea dolu prozesua.
Egia da gogorra dela maite duzun norbaiten heriotza onartzea. Normalean, lehen egunak edo hilabeteak pasa ondoren bakarrik igaro behar izaten dira pena sakonak, arimako minak, nahasmen egoerak eta depresioak. Guztiak dolu prozesuan pasatu beharreko sentimendu ohikoak dira, baina zoriontsu izatea betebehar bat den honetan prozesu gogorra are gogorrago bilakatzen da. Hala ere, aipatutako egoera psikiko eta gogo-aldarte hauek denbora igaro ahala baretzen joango dira onarpenari lekua utziz eta pixkanaka animoa eta bizitzeko gogoa berreskuratuz, nahiz eta gertatukoa ez den inoiz ahaztuko. Zoritxarrez, pertsona asko geratzen dira penan eta desesperazioan harrapatuak, etengabeko oroimenean. Dolu mota ezberdinak baitaude eta zerikusia dute heriotza hautemateko aurretik pertsonak bakoitzak garatutako pentsamendu eta baloreekin.
Egun gizartea bideratua dagoen moduan ordea, dolu patologikoak pairatzeko aukera handiagoa dago. Negarrak ezkutatzen diren honetan, ez gara ohartzen hasieran botatakoek duten garrantziaz egoera onartzen hasteko eta luzera berriz ere irribarre egiteko. Karen Blixen-ek oso modu argian idatzia utzi zuen malkoek duten sendatzeko gaitasuna: “Ur gaziak sendatzen du oro: izerdiak, malkoek zein itsasoak.”


Hala ere, argi utzi behar da dolua bizi daitekeen esperientzia gogorrenetako bat dela. Pauta orokor batzuk dauden arren, pertsona bakoitzak bere prozesua du eta dolu denbora ere ezberdina izango da. Gehiengoak heriotzarekin lotzen baldin badu ere, fenomeno hau bihotza hausten digutenean edo lan bat galtzen dugunean ere gertatu daiteke. Oro har, galera moduan interpretatzen dugun edozein egoeretan sortzen da. Dolua gainditzea konplexua izaten da, ondo egoteko etapa desatseginak pasatu behar baitira aurretik.
Gainera, orokorki, bakarrik igaro behar izaten dira etaparik gogorrenak, batez ere heriotza baten aurrean. Egia da, aipatu bezala, lehen egunetan, hiletaraino eta datozen asteetan jende ugari interesatzen dela sufritzen ari denarengatik, bai familiakoak, zein lagunak. Baina asteak igaro ahala, nahiz eta hasieran guztiek zin egin “zerbait behar baduzu deitu lasai”, gero eta murritzagoak dira “zer moduz” galderak edota kafe baten bueltan bestearen sufrimendu eta desesperazioa entzuteko prest daudenak. Entzuteko diot, besterik gabe, zeren askok ezin izaten dute saihestu aholkuak ematea: “Jada lau hilabete pasa dira! Hasi bizitzen!”. Baina ez dute ulertzen pertsona horrek behar duen bakarra norbaitek entzutea dela. Kontatu beharra du ez irtenbide baten bila dabilelako (ez baitago zer eginik), baizik eta gertatutakoa asimilatu nahi duelako, denbora luze bat pasa ostean onartu eta horrekin bizitzen ikasteko.
Baina gizartea ez dago prest besteen dolua maneiatzeko. Zer moduz galdetzen baita soilik bueltan ondo bat entzungo dutela baldin badakite, heriotzaren lehen asteetan soilik baitago onartua erantzun ezkor bat ematea. Beraz, sufritzen ari denak horixe da esaten duena, entzun nahi den ondo hori, jakin badakien arren ez dagoela ondo. Eta are okerrago sentiarazten du jakiteak ez duela inor benetan entzungo dionik, egoera are eta jasangaitzagoa bilakatuz eta dolu patologiko bat garatzeko aukera gehiago sortuaz. Bakarrik sentitzen da, amorruz betea eta beldurtuta, amorru horrek behar ez den unean eztanda egingo duelakoan. Eta gainera, aurpegi alaia mantendu behar larunbat gauean kuadrillarekin Instagram-era igotzeko argazkian irribarretsu ateratzeko, ez dezan inork susmatu gaizki dagoela eta erotzat hartu.


Baina erotzen gizartea bera dabil eta sufrimendua patologiatzat hartzea da lehen sintoma. Mina ezkutatu nahi horrek are sufrimendu gehiago sortzen baitu. Denak sentitzen gara gaizki momenturen batean eta hori erabat naturala dela onartzen hasi behar dugu. M. J. Rubio Perez-ek ederto laburbildu zuen: “Hitz egidazu negarrez bada ere, baina ez nazazu isilarazi ez dezazun sufritu eta ez zaitez isildu min egingo didazula uste duzulako.” Heriotza isilarazteagatik maiz hiltzen gara hil aurretik.
Noiz hilko zaren eta egunero zenbat egun gelditzen zaizkizun gogorarazten dizun aplikazioa sortuko balute erabiliko al zenuke? Agian horrek balioko liguke heriotzaren dimentsioaz kontziente izateko. Baliteke gure bizi kalitatea hobetzea, benetan garrantzitsua denari lehentasuna ematen ikasiko baikenuke. Bizitzen irakasten digu heriotzak, beraz, hausnartu eta bizi hil aurretik.

DOLUAREN FASEAK

Doluak bost fase ditu, nahiz eta ez diren beti ordena berdinean ematen. Pertsona bakoitzak bere ordena eta denbora ditu:

  • Ukapena: Pertsonak ez du errealitatea onartzen (modu kontziente edo inkontziente batean). Defentsa mekanismo erabat normala da, momentuko antsietatea gutxitzen laguntzen duena. Arazoa etor daiteke pertsona etapa honetan geratzen baldin bada.
    Haserrea edo amorrua: Tristurak errudunak bilatu nahi izatera eraman gaitzake. Norbere buruari egotzi diezaiokegu errua edo besteengana proiektatu.
    Negoziazioa: Etapa honetan minak negoziazio faltsu bat bilatzera garamatza. Heriotzaren aurrean dauden pertsona asko indar jainkotiar batekin negoziatzen saiatzen dira. Negoziazioak gutxitan dakar berekin irtenbidea baina momentuko mina aritzen laguntzen du.

  

DOLU MOTAK

Norberak behar duen denboraren eta baliabideen arabera dolu mota ezberdinak azaldu daitezke:

  • Dolu arrunta: Dolu honetan, doluaren fase guztiak igarotzen joango gara, onarpeneraino. Urtebete edo bi urte inguru iraun ditzake. Bi urte ondoren dolu patologikoaz hitz egin genezake.
  • Dolu atzeratua: Ohiko dolu baten ezaugarriak ditu baina ez da hasten heriotza gertatu eta berehala, baizik eta beranduago. Orokorrean 2-3 asteren artean, batzuetan hilabete askoren ondoren azaltzen da.
  • Dolurik gabeko dolua: Erantzun emozionala ez da azaltzen, ustezko nahigabetuak ezer gertatu ez balitz bezala jokatzen du.
  • Dolu kronikoa: Dolua etapa mingarrienean geratzen da trabatuta eta sintoma depresiboak urteetan mantentzen dira. 
  • Dolu inhibitzailea: Galerak ekarritako sentimenduak azalarazteko ezintasuna.
  • Dolu baliogabea: Gure inguruak dolua onartzen ez duenean gertatzen da. Pare bat hilabete ondoren oraindik doluan jarraitzea leporatzen dietenei pasatzen zaie.
  • Depresioa: Hurbileko norbaiten galerak egoera oso mingarri batera eraman dezake pertsona, tristura ikaragarri batek lagundurik. Horrek, egundoko krisi existentziala eragin dezake. Nahiz eta pairatutako sintomek nahaste depresibo bat diruditen, behin onarpena ematen denean sintomatologia gutxitzen hasten da.
  • Onarpena: Egoera mingarria onartzen denean gertatzen da etapa hau. Norbere baliabideen arabera lehenago edo beranduago emango da. Ez da pozezko etapa bat, ulermenezkoa baizik.

ALDIZKARIKO EDUKI GEHIAGO IRAKURRI NAHI BADITUZU...

Egin zaitez GAZTEZULO kide!