Henar Etxeberria Urkia: “Eskia nire bizitza izan da”

Henar Etxeberria Urkia: “Eskia nire bizitza izan da” Henar Etxeberria Urkiak (Uharte, 1996) hiru urte zituela jantzi zituen bere lehenengo eskiak eta bost urteetatik eskia bere bizitzaren parte izan da. Azken urteetan goi mailan lehiatu ondoren, punta-puntako lehiaketatik aldentzea erabaki du. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/henar-etxeberria-urkia-201ceskia-nire-bizitza-izan-da201d/@@download/image/HUTSARTEA-2.jpg
2020/12/23

Testua: Iruñe Astitz Larunbe @arkkuso

Henar Etxeberria Urkiak (Uharte, 1996) hiru urte zituela jantzi zituen bere lehenengo eskiak eta bost urteetatik eskia bere bizitzaren parte izan da. Azken urteetan goi mailan lehiatu ondoren, punta-puntako lehiaketatik aldentzea erabaki du.
Henar Etxeberria Urkia: “Eskia nire bizitza izan da”
  • Zenbat urterekin hasi zinen eskiatzen?
    Lehenengo eskiak 3 urterekin jarri nituen. Hala ere, benetan eskiatzen 5-6 urterekin hasi nintzen.
  • Futbola, saskibaloia, eskubaloia edo txirrindularitza dira akaso, kirolik ezagunenak, zergatik aukeratu zenuen eskia?
    Bost urte nituela, ahal zen guztietan joaten nintzen eskiatzera. Hori ezin zenean atletismoa egiten nuen hemen. Zalantza izan nuen futbola eta atletismoaren artean, baina azkenean atletismoa aukeratu nuen. Honela, Hiru Herri Burlatako atletismo taldean entrenatzen nintzen. Atletismoko txapelketarik baldin bazegoen, bertan parte hartu ondoren eskiatzera joaten nintzen. Honela ez nintzen etxean geratzen! –barreak–.
    7-8 urte nituela Uharteko eski taldean sartu nintzen eta orduan astean hirutan atletismoko entrenamenduak nituen. Beste bi egunetan eski entrenamenduak eta asteburuetan eskiatzera joaten nintzen.
  • Zer suposatzen du eskiak zuretzat?
    Eskia nire bizitza da. Orain arte izan dudan bizitza estiloa: goizetan klasera edo lanera joaten nintzen eta gero entrenatzera. Nire bizimodua izan da orain dela gutxira arte.
  • Eskian aritzea erraza al da baliabide aldetik?
    Konplikatua da, ez da erraza astebururo eskiatzera igotzea. Beste kiroletan, eskubaloian adibidez, partida duten egunetan, norgehiagokatik at eguna eta asteburua profitatu dezakete. Guk aldiz ez, ostiral edo larunbatean joan eta asteburu osoa bertan pasa behar izaten dugu.
    Hemen, Iruñerrian, elurrik ez dugunez, badaude gurpildun eski moduko batzuk entrenatzeko balio dutenak, baita korrika egitea, eskalatzea… Gure entrenamenduan gozagarriak dira kirol ezberdinak praktikatzeko aukera eskaintzen dutelako. Hori bai, motibatua egon beharra dago konstantzia hori mantentzeko.
  • Zu eskiatzaile profesionala izandakoa zara, zaila al da goi mailan lehiatzea?
    Profesionala niretzat dirua irabazten duena da, beraz ni ez naiz eskiatzaile profesionala izan. Alta, esan dezaket goi mailan lehiatu naizela. Estatu Espainiarreko maila Europarekin alderatuta baxuagoa da, eta beraz, nabarmentzea ez da zaila. Orduak sartu behar dira noski, baina Espainia mailan lehiatzea ez da horren zaila.
  • Eta arlo ekonomikoari dagokionez?
    Gehiena norberak bere poltsikotik ordaintzen du: munizioa (biatloirako), entrenatzera joatea, desplazamenduak, bidaiak… Nik zortea izan dut, babeslea izan dudalako eta hori oso lagungarria izan da. Mundo Nordico FPK-koek eskiatzeko behar izan dudan materiala emateaz gain, nitaz ere kezkatu izan dira. Bestalde, aipatu behar da nazioartera lehiatzera ateratzen zarenena, ibilbidea amaitzeagatik dirua jasotzen duzula.
  • Goi mailan aritu den kirolari batek, maite duen kirolean lehiatzeari uztean, zein egoeratan aurkitzen da?
    Orain nahiko ongi nago, baina berrogeialdian oso gaizki pasa nuen. Konfinamendua hasi aurreko asteburu horretan Espainiako Txapelketa nuen. Koronabirusak txapelketaren hilabete onenak kendu dizkit eta oso zaila izan da, argi bainuen nire azken urtea izango zela goi mailan lehiatzen.
    Egun atletismoari berrekin diot eta kirol honetaz gozatzen dihardut. Horretaz gain, ahizparekin batera eskiarekin zerikusia duten ekimenetan parte hartzen dut: zenbait lasterketetan… gozatzeko helburu hutsarekin.