Helduentzako lo kantak?

Helduentzako lo kantak? Nork esan du lo kantak haurren kontua direla? Maider Lasak helduentzako lo kanta sexualak sortu ditu eta proiektua erabat gauzatzeko zure laguntza behar du. Hori dela eta itsulapikoa.eus atarian "crowfunding" kanpaina martxan jarri du https://www.gaztezulo.eus/albisteak/helduentzako-lo-kantak/@@download/image/slider-c48a7ef56179cbd70e899d2fd209ca34whatsapp-image-2021-02-15-at-182714jpeg.jpeg
2021/02/18

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Nork esan du lo kantak haurren kontua direla? Maider Lasak helduentzako lo kanta sexualak sortu ditu eta proiektua erabat gauzatzeko zure laguntza behar du. Hori dela eta itsulapikoa.eus atarian "crowfunding" kanpaina martxan jarri du
Helduentzako lo kantak?

Lo kantak umetan entzuten ditugun abesti mota jakin batzuk dira, amaren bularrarekin eta magalarekin lotuak, babes eta segurtasun sentsazioa iradokitzen digutenak. Gehienetan nagusi egiten garen heinean entzuteari uzten diogu eta bularra segurtasun espazio bat izatetik espazio sexual batean bilakatzen da, eremu tabu bat, konflikto bat, ezkutatu beharrekoa bihurtuz. Hausnarketa hau egin ondoren, honako hau etorri zitzaion burura Maider Lasari: Zergatik ez ditut egiten helduentzako lo kanta sexualak? 

Sexualitatea gaur egun, oraindik ere, zailtasun eta blokeo ugariren iturri da askorentzat, eta sexu- heziketa eta lanketa osasuntsua ez dago oso normalizatua eta edonoren esku. Tabua izaten jarraitzen duen gaia da eta gure egunerokotasunean oso presente duguna, gure osotasunaren osagaia den energia garrantzitsua baita energia sexuala, energia sortzailea, bitala. 

Ikertu eta baztertuta dugun energia hau kanporatzea, ikusgarritasuna emate, lantzea, garbitzea, mugitzea eta ezagutzea da proiektu honen helburua musika eta adierazpen artistiko honen bitartez. 

NOLA? 
Alde batetik gustatuko litzaioke Lasari bilera batzuk sortzea adin tarte eta errealitate anitzeko pertsonekin sexua eta sexualitateari buruz hitz egiteko. Galderak egin, komentatu, bakoitzaren bizipenak entzun... Garrantzitsua da berarentzat arautik kanpo geratu diren gorputzei ere espazioa ematea eta baita ere adin tarte guztietako pertsonen artean sexuari buruzko errealitateak partekatzea. Egunerokotasunean ez dugun espazio bat sortzea bilatu nahi du naturaltasun eta jakiteko irrika sortuz, zenbat eta gehiago jakin norberari buruz gero eta askeagoak baikara. 

Bilera hauetan, batetik, bizipenak, emozioak eta ideiak partekatzeko saio intelektual bat proposatuko nahi du eta, bestetik, ariketa eta dinamiken bitartez arreta gorputzean eta emozioetan jarriz energia hau mobilizatzeko jarduerak egin. Poesia bisualak, performanceak, irudiak, dantzak.... sortzea izango litzateke proposamenetariko bat, gorputzetik sortutako energia horretan arreta jarriz, eta horiek grabatzea. 
Topaketa hauetan grabatutako materiala editatuz (azaltzen den jendearen baimena edukiz, noski) irudiak lo kanta batekin lotzea da asmoa. 

Euskal lo kanta tradizionalak burura sarri datozkion melodiak dira sortzailearentzat. Lasarentzat balio garrantzitsua dute gure jatorriari, sorlekuari eta arbasoei buruzko informazio handia ematen dutelako, 
Eta gaur egun, mundu zabaleko eta kultura askotako musika entzuten dugularik, ezinbestekoa iruditzen zaio gure herri eta nortasuna duten abesti hauen transmisioa. Horrez gaindi, lo kantak ez dira edozein abesti, badute bereziak egiten dituen funtsezko ezaugarri bat: maitasunetik abestu izaten diren abestiak dira eta maitasuna, egunerokotasunaren gurpil eroan ahazten zaigun eta aurrera egiteko behar-beharrezkoa dugun bibrazio espantsiboa da artistarentzat.. 

Azkuek bere garaian egindako bilketa batetik hamar lo kanta tradizional berreskuratu ditu. Horiek bertsionatzea da asmoa, funtsa mantenduz gaur egungo behar eta teknologietara edo korronte musikaletara hurbiltzea. Ahotsa bakarrik erabiliko luke, garbi, loop batekin jolastuz eta energia bital hau lantzen den irudiekin lotuz. 

Ez du zerbait probokatzailea edo kitzikagarria izatea nahi, gaiari ikuspuntu poetiko eta iradokitzaile batetik begiratzea baita helburua. Sexualitatea lantzeak ez du pornografiaz aritzea esan nahi. Sexualitatea egunerokotasunera eta normaltasun batera ekartzea gustatuko litzaioke. Musika, ahotsa eta irudien bitartez energia hori gure gorputzetan dagokion toki osasuntsua ematea da xedea.


Azkenik, zuzeneko ekitaldiak ere aurreikusten ditu, non grabatutako dantzak, performanceak eta poesia bisualak proiektatuko diren, Maider Lasak zuzenean abestiak abesten dituen bitartean. Proiektu honetan zehar sortutako materiala disko batean erregistratua geratzea bilatzen du, cd edo dvd batean, horrela nahi duenak etxera eramateko aukera izan dezan entzuteko behar eta nahi duen momentuan. 

NORI DAGO ZUZENDUA? 
Adin guztietako pertsonei zuzenduta egongo da: umeak sexualitatearekiko beste prozesu batean daude oraindik eta beraientzako ez litzateke egokia izango prozesu eta ikuskizun osoa, baina hala ere kantak entzutea aberasgarria izan liteke beraientzat ere; euskal kultura eta izan garena birgogoratu eta transmititzen jarraitu nahi duen jendeari; esperientzia auditibo-sentsorial eta intelektual bat izan nahi duen jendeari; sexua eta sexualitatea gorputzean presente jarraitu nahi duen jendeari, eta horri espazioa eta onarpena eman nahi dionari; gaia gehiegi ez interesatu arren, ematen den ikuspegia (lo kantak eta sexualitatea, elkarrekin) kuriositatez sor liezaiokeenari... 

CROWFUNDING KANPAINA 
Sortzaileak ez daki zenbateko aurrekontua beharko lukeen, baina badaki gutxirekin eta dituen baliabideen aurrera eraman dezakeela. Gutxienekoa 500 eta 1000 euro bitartekoa izan liteke eta gehienekoa 5.000 euroko. 


Crowfunding kanpainan parte hartu eta laguntzen dutenentzat sariak egongo dira: lan saioa parte hartzea, grabazioan parte hartzea, azken ekitaldian parte hartzea eta diskoa eskuratzea.