Hatxe musikariak bideoklipak eta diskoa finantzatzeko kanpaina jarri du martxan

Hatxe musikariak bideoklipak eta diskoa finantzatzeko kanpaina jarri du martxan 'Panpin hautsien dantza II' proiektuko kantuak grabatu eta hiru bideo egin nahi ditu Maria Elorza zinemagilearekin, Ainara Gurrutxaga antzerkigilearekin, Idoia Beratarbide ilustratzailearekin, eta Myriam Perez Cazabon dantzariarekin. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hatxe-musikariak-bideoklipak-eta-diskoa-finantzatzeko-kanpaina-jarri-du-martxan/@@download/image/retrato-2.jpg
2021/10/07

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

'Panpin hautsien dantza II' proiektuko kantuak grabatu eta hiru bideo egin nahi ditu Maria Elorza zinemagilearekin, Ainara Gurrutxaga antzerkigilearekin, Idoia Beratarbide ilustratzailearekin, eta Myriam Perez Cazabon dantzariarekin.
Hatxe musikariak bideoklipak eta diskoa finantzatzeko kanpaina jarri du martxan

Idoia Hernandez (Errenteria, 1998) musikariaren proiektu pertsonala da Hatxe. Disziplinen arteko elkarlana du oinarri, eta antzerki, dantza zein poesia ikuskizunetarako musika sortu du. Panpin hautsien dantza kontzertua estreinatu zuen iazko otsailean eta, honekin batera, izen bereko disko laburra argitaratu zuen, lau kanturekin. Orain hiru abesti berri sortu ditu - Panpina, Zauria eta Kali -eta bideo bana egin nahi die Maria Elorza zinemagilearekin batera, aurretik berarekin Histeria kantuaren bideoklip esperimentala egin ondotik. Horretarako, finantziazio kanpaina jarri du martxan. Bideoklipez gain, Panpin hautsien dantza II diskoa grabatuko du hiru kantu horiekin baina, diru-bilketaren kopurua igo ahala, kantu gehiago grabatu ahalko ditu.

Panpina kantuaren bideoan hainbat elementuren presentzia eta teatralizazioa izango dira nagusi. Portzelanazko panpinak, jostailuak, telak eta etxeko tresnak erabiliko dituzte. Zauria-ren kasuan, animazio teknika erabiliko dute. Emakumeen argazki erretratu zaharrak oinarri, lixiba, kuterra, tintak, lixa eta bestelako elementuekin plastikoki landuko dira. Kali-n, berriz, gorputzaren mugimenduak grabatuko dituzte eta postprodukzioan irudi bikoizketarekin jolastuko dute, gorputzaren azal geruza ezberdinei erreferentzia eginez. Bideo hauetarako, hiru artistekin kolaboratuko du: Ainara Gurrutxaga antzerkigilea, Idoia Beratarbide ilustratzailea eta Myriam Perez Cazabon dantzari garaikidea. "Emakumeen objektualizazioaz, pentsamenduak gutxiestearen zamaz eta gorputzaren botereaz" hausnartzeko parada izango dute horrela.

Crowdfunding kanpaina azaroaren 7ra arte egongo da martxan eta, ohikoa den moduan, hainbat ordainsari daude egindako diru-ekarpenaren arabera: diskoa, poltsa, fotograma, lantegia, kontzertu pribatua... E naz perfektua poltsa erosterakoan mezua jasoko du erosleak eta hark bere proposamena bidali ahalko du "e naz" horri jarraipena emateko hitz, adjektibo edo sentimenduarekin: e naz tonta, e naz zuloa, e naz histerika, e naz zurea, e naz zulo bat... Hitz guztiak bildu eta poltsan idatziko dituzte ondoren, "feminitatearen esanahia askatasunez bete eta gure/zure feminitatea denon artean berridazteko". 

Bi disko argitaratu ditu orain arte Hatxek, Lehena (auto edizioa, 2017) eta Panpin hautsien dantza (Mukuru, 2020). Horrez gain, Oscar Manso poeta eta musikariarekin 2bat proiektua konpartitzen du, eta Metrokoadroka Sormen Laborategia kolektiboarekin ere hainbat ikuskizun performatibotan parte hartu du. Enkarguz ere lan ugari egin ditu, adibidez, EIZIE Elkarteak Senez aldizkariaren 50. alea ospatzeko kanta (2018); konfinamendu garaian, Errenteriako Udalaren Kultur Labea egitasmorako bideo poetikoa (2020); Oiartzungo udalaren Kulturbirusa egitasmoaren barruan, Eneko Gil dantzariarekin egindako Hiru binaka ikuskizun laburra (2020) eta abar. Booktegin bertan ere kolaboratu du, Harkaitz Canoren Azken aurreko manifestua-ren aurkezpen musikatuan (2018), hain zuzen ere. Bere azken enkargua Ai Do Proyect dantza konpainiaren (En Picado, 2021) ikuskizuneko musika sortzea izan da.