Hasi da Huhezinema jaialdia

Gaur, apirilak 2, hasiko da Huhezinema Euskal Film Laburren jaialdiaren 12. edizioa. Lau eguneko jaialdia hasteko, arratsaldeko 16:00etan Donostiako Zinemaldiko Nest Film Students saileko zenbait film labur proiektatuko dira Aretxabaletako Arkupe aretoan.
Donostiako 66. Zinemaldian izan ziren Huhezinema antolatzen aritu diren bost ikasle. Nest Film Students topaketa horretan epaimahaikide izan ziren, eta horrez gain, hiru film labur ekarri dituzte Huhezinemara laugarren aldiz, Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketaren eta Huhezinema jaialdiaren arteko lankidetza hitzarmenari esker. Hauek dira proiektatuko diren film laburrak: The Girl With Two Heads (Betzabé García, Mexiko, 13’), Count your curses (Lòrene Yavo, Belgika, 8’) eta El verano del León Eléctrico (Diego Céspedes, Txile, 20’).
Ondoren, 17:15ean hasita Josu Martinez zuzendariaren Jainkoak ez dit barkatzen ikusi ahalko duzue, Lezo Urreiztietaren bizitza jasotzen duen dokumentala. Martin Ugalde kazetariak Lezo Urreiztietari egindako 35 orduko elkarrizketa da filmaren bizkarrezurra. Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten filma; Adur Larrearen marrazkiak, artxiboko irudiak, elkarrizketak eta Joserra Senperenaren musika biltzen ditu.
Urtero bezala, zinemako profesionalek osatuko dute jaialdiko epaimahaia; aurtengoan Iratxe Fresneda, Natxo Rodriguez eta Izaskun Arandia izango dira bertan. Sari banaketa ekitaldia apirilaren 5ean egingo dute, Aretxabaletako Arkupe aretoan.