Harkaitz Cano: Irudimena hegan

Harkaitz Cano: Irudimena hegan https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Harkaitz Cano: Irudimena hegan
Gaztea izanagatik, euskal literaturaren luma nagusietako bat da Harkaitz Cano. Oraintsu, "Neguko zirkua" izeneko ipuin bilduma argitaratu du Susa argitaletxearekin, eta hori gutxi balitz bezala, Euskadi Saria irabazi berri du "Belarraren ahoa" nobelarekin.
Harkaitz Cano 1975ean jaio zen Lasarten, eta 1993an egin zen ezagun, manifestu lotsagabe batez sortutako Lubaki Bandaren partaide gisa. Bi urte iraun zituen Lubaki Banda hartan, gerora zeresan asko emandako gazteak elkartu ziren: Cano bera, Xabier Gantzarain, Asier Serrano, Garikoitz Berasaluze, Xabier Aldai… Ez zen belaunaldi txarra izan, ez horixe!
Bobe Ieregi, jazz tronpeta jotzailea
Literatur sari askotan nabarmendu ondoren, Canok "Kea behelainopean bezala" izeneko lehen poesia liburua kaleratu zuen 1994an. Ondoren etorri zen "Beluna jazz" (Susa, 1996) izeneko lehen nobela, Bob Ieregi jazz tronpeta jotzailearen istorioa kontatzen duena. Halaber, lehen nobela haren garai berekoa da "Radiobiografiak" (Elkar, 1995), Canok Euskadi Irratirako egindako kolaborazioen bilduma.
 Lan haien ostean, Harkaitz Canoren ipuin bilduma ezagunenetariko bi heldu ziren: "Telefono kaiolatua" (Alberdania, 1997) eta "Bizkarrean tatuaturiko mapak" (Elkar, 1998). Bi ipuin bilduma horietan, ederki antzematen da Canoren estiloa: poesia eta surrealismotik gertu, ziztada ironikoez josia, eta maiz zinemari keinuka ari zaiona. Hain zuzen, zinema eta musika dira Canoren zaletasun handienetakoak.
New York, New York
Etapa emankor haren ondoren, Canok denboraldi luzea egin zuen New York-en, "hiri bateko tabernetako kamareroak kalean agurtzen hasten zaizkizunean, alde egiteko garaia da", esanez abiatu zen dorretzarren hirira. Hain zuzen, New Yorken bizitakoen kronika da "Piano gainean gosaltzen" (Erein, 2000), eta literatura beltzari keinu egiten dion "Pasaia blues" (Susa, 1999) bere bigarren nobelan ere harat-honat dabil New York-en itzala. Beste hainbeste gertatzen da "Norbait dabil eskaileran" (Susa, 2001)  poesia liburuan.
Baina, gatozen Euskadi Saria irabazi berri duen "Belarraren ahoa" nobelara. Batetik, Olivier Legrand izeneko pertsonaia topatuko duzue liburuko orrialdeetan: 1886an, Askatasunaren Estatuaren barruan gorderik, New Yorkera iritsitako polizoia. Bestetik, Charles Chaplin komediantea da nobelaren bigarren ardatza, Adolf Hitlerrek gidaturik AEBetako konkistari ekitera doan nazien ontzian preso dagoena. Irudimentsua, ezta? Horixe da Cano.