Haizea Beruete: "Bertsotan, kantuan, rapean... egiten dut dutxan!"

Haizea Beruete: "Bertsotan, kantuan, rapean... egiten dut dutxan!" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/haizea-beruete-quotbertsotan-kantuan-rapean-egiten-dut-dutxanquot/@@download/image/haizea_beruete_1391686094.jpg
2014/02/10
elkarrizketa
Haizea Beruete: "Bertsotan, kantuan, rapean... egiten dut dutxan!"
Haizea Beruete. Iruindarra. 20 urte. Iaz Nafarroako Bertso Txapelketan aurrenekoz aritu ostean, hilabete honetatik aurrera Bardoak-en lehiatuko da.


Zein dira bertso saio on baterako ezinbesteko osagaiak?
Bertsolarien arteko konplizitate minimo bat, presio (itogarririk) eza, eta publikoaren berotasuna.

Nola oroitzen duzu iazko estreinaldia?

Egia esan behar badut, momentu hartan handiegi heldu zitzaidan espazio hori. Nahiko urduri egon nintzen eta ez nuen nahi bezain gustura aritzerik lortu. Hala ere, ez naiz damutzen. Izan ere, esperientziak zer sentitu, hausnartu eta ikasia eman dit. Une zailetatik ikastea ere ederra da!

Eta nola egingo diozu aurre aurtengoari?
Datorren hau ezberdina da, formatuak, berez, eskaintzen duen izaeragatik, eta bereziki osatu dugun taldeagatik (Gora 12 obario ta 11 pedrada! ). Aurtengoari usain oso ezberdina hartzen diot.

Zer ikusten duzu telebistan?
Ez dut telebista ikusteko ohiturarik. Horren ordez, pisukideak Tele5 kateko Mujeres, hombres y viceversa edo halakoren bat ikusten dauden bitartean haien aurpegiak behatzea nahiago dut.

Eta zein liburu duzu mesanotxean?

Azterketak bukatu berri ditut, eta oraintxe bertan azkenaren inguruko apunte batzuk ditut bertan. Horien azpian, Limoi bat imintziorik egin gabe jaten baduzu (Sergi Pamies, 2006), Abaraska (Asel Luzarraga, 2008) eta Ez naiz ni (Karmele Jaio, 2012).

Taula gaineko adrenalinak on egiten dizu bertsoak osatzerako orduan?
Ona da tentsio puntu bat, bertsolaritzaren oinarri den bat batekotasunari laguntzen dio eta. Aldiz, tentsio hori presio bihurtzean dator arazoa, edo, zehatzago esanda, presio horrek sorkuntzarako gaitasuna blokeatzea lortzen duenean.

Eta dutxan, bertsotan aritzen zara?
Bertsotan, kantuan, rapean...

Etxetik atera aurretik egiten duzun azken gauza?
Ahaztu dudanaren bila joan —barrez—.

Eta iritsitakoan lehena?
Ozen agurtu, norbait dagoen jakiteko.

Norekin egingo zenuke gustura puntukako lana?
Konfiantza handia dudan pertsona batekin.

Eta zeren inguruan ariko zinateke Kartzelakoan?
Normalean hitzek existentzia lapurtzen dieten bizitzaren detaile horien inguruan.

Bizio bat?
Belarretan oinutsik ibiltzea.

Aldiz, gorroto duzu…

Argi naturala dagoela, artifiziala piztea.