Guztiontzako telebistaren zain

Etxean bost lagun bizi gara: ama, aita, arreba zaharragoa, arreba gazteagoa, eta ni. Bost lagun gara etxean, eta telebista bakarra. Eta bazkaloste eta afalosteetan, denak egongelako sofan telebista aurrean esertzen garenean, jada ez gara bostak hain lagunak izaten. Telebistak sortzen digu arazoa, etxe askotan bezala.
Horregatik, aitak Olentzerori telebista txiki bat eskatu zion, informazio saioak bere gelako bakean ikusteko. Amak ere eskaera bera luzatu zion azken jentilari, "Goenkale", sukaldean, bakarrik eta patxadan ikusi ahal izateko. Arreba zaharragoak, zer esanik ez. "Gran Hermano"-ren zale amorratua da, eta gure etxearekin deskonektatuz, beste etxe horren barruko berri izateko, "Olentzero, ekar iezadazu behingoz urtero eskatzen dizudan telebista hori!", erregutu zuen gabon gau bezperan. Arreba txikia gozo dugu "Betizu"-rekin. Eta hark ere gutuna idatzi zion oparigileari. Zerrenda luze-luzea, eta zerrenda ixteko, paperaren azken muturrean, nola ez, TELEBISTA. Eta beste guztien eskaera ikusirik, nik ere zer egin behar nuen, bada! Telebista eskatu. Gainera, Champion League-ko partidak ikusi nahi ditut.
Baina Olentzerok ez zuen nonbait telebistarik bere erreserben artean. Edo ekarri nahi ez. Eta beste urtebetez, bost lagunek bakarrarekin konpondu beharko dugu. Horregatik, urte berriari eskatu beharko diot. Urte berriari, eta telebista kate guztiei. Mesedez, egin bezate programa bat, etxeko guztiek ikusteko modukoa. Telesaio bat, adin guztientzat, eta jende mota guztientzat balio duena. Gure telebista, eta denona, horretxen faltan dago eta.
Aimar eta Abel

Zorionak Aimar. Eta zorionak Abel. Batetik, jokatu zenuten finalarengatik. Eta bestetik, telebista marka guztiak apurtzea lortu duzuelako. Pilota partida batek inoiz izan duen audientzia mailarik handiena lortu zenuten. Pilota futbolaren arrastoan sartzen ari da. Eta Aimar eta Abel Euskal Herriko mutil koxkorren idolo bihurtzen ari dira. Zorionak. Merezi zenuten.
Telebista frantziarren zentsura

Demo-en auziaz zerbait entzunen zenuten. Euskal desobedientzialariek bildu zuten zafraldiaz. Hain justu, auzi hartan, telebista frantziar zenbait present ziren. Baina poliziak euskara ostikoka hartu zuelarik, telebistetako kameralariak, ostikorik bildu gabe, kamerak itzali, eta auzitegitik atera ziren. Begiak itxi zituzten.