Gutxi bustitzen dira sorosleak

Gutxi bustitzen dira sorosleak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gutxi-bustitzen-dira-sorosleak/@@download/image/54p38-1.jpg
2005/07/01
elkarrizketa
Unai Brea
Gutxi bustitzen dira sorosleak
Profesionaldu izanagatik, sorosleen eginbeharrak ez dira larregi aldatuko. Agian, euren lana hobeto egin dezaten eskatuko diete, poltsikoa beteago edukiko duten ezkero. Baina lan horrek, funtsean, berdina izaten jarraituko du. Eta ez dauka zer ikusi handiegirik, "Baywatch" ("Hondartzako zelatariak") telesail ospetsuan ikus daitekeenagaz.           

Sorosleen lan eguna goizeko hamaikak aldera hasten da. Sorosgunea ireki, tramankulu guztiak prestatu eta, Bizkaian behinik behin, kamiseta laranja jantzi ostean, itsasoa zelan dagoen begiratzea da goizeroko lehen egitekoa. Horren arabera erabakiko da ipini beharreko banderaren kolorea, edo bandera bat baino gehiago ipini behar den. "Normalean begiz jakiten da itsasoa ondo ala txarto dagoen", diosku Gorka Blanco sorosleak, "baina, behar izanez gero, uretara sartzen gara".

Gorka Blanco bilbotarra da, eta hamar urte daroaz sorosle. Aurten, iaz bezala, Bakion dago; aurreko urte guztietan, Gorlizko badian ibili da (Gorliz, Plentzia…). Oso hondartza jendetsuak, beti ere. Horrek ez du batere errazten sorosleen zeregin nagusia: hondartzari begira egotea. "Dena dela, guk urari begiratzen diogu, ez lehorrari; harean dagoen inork ezbeharren bat edukiz gero, bera etorriko da guregana, senda dezagun".

Lan gutxi uretan

Lan gehien, hain zuzen, hortik datorkie, zauriak edo ziztadak sendatzetik. Eguraldi ona badago, egunero egin behar izaten dute, eta bat baino gehiago gainera. Bestetik, etengabe uretan erreskateak egiten ari den soroslearen irudia oso polita da telebistarako, baina ez dator bat errealitateagaz. Blancok dioskunez, Bakio bezalako hondartza batean (iaz, esaterako, 185.000 bisitari egon ziren ekainetik irailera) dozena inguru erreskate egiten dira bainu-sasoian zehar, ez gehiago. Normalean, aurreikuspen lana egiten dute, jendeari esanez non edo noiz ez den uretaratzea komeni. Zer ikusirik ez "Baywatch" telesailagaz eta David Hasselhoff aktorearen eta enparauen ohiko abenturakaz. "Telesail horretan, gainera, erreskate guztiak ertzetik oso hurbil izaten dira beti. Uretara sartu, metro batzuk egin igerian, eta arriskuan ei dagoen pertsona hartu orduko zutunik daude ".

Eta telebistako telesail ospetsuagaz segitzeko, esan dezagun edertasuna ez dela derrigorrezkoa sorosle izateko. Denetik dago, beste edonon bezala. Hori bai, noizean behin Pamela Anderson edo David Hasselhoffen antzeko bat igarotzen da sorosleen begi aurretik, eta horrek arreta behar ez den lekuan jartzea eragiten du, Blancok aitortzen duenez. Urteetako eskarmentuaz lortzen ei da, aldi berean uretan gertatzen denari eta ipurdi ederren bati begira egotea.

Hondartzako fauna



Sorosleek ordu askotxo ematen dute hondartzari begira. Eta batez ere, hondartza gainean dabiltzan kristauei. Hantxe batzen dira giza-tipologia guztiak, edo gehienak behintzat; bainu-jantziak denok berdintzen gaituen arren, batzuk jarreragatik dira ezagun. Hona adibide batzuk:

-"Txomin"ak: "domekazale" edo "igandekari" esateko lagunarteko berba da "Txomin". Edo sorosleartekoa, gurago baduzue. Haien eskarmentua eduki barik ere, urrunetik ikus daiteke "txomin" talde bat datorrela (hauek, piztia mota batzuk bezala, ez dira inoiz bakarka ibiltzen). Autoa guztiz beteta; familia osoa elkarregaz, pare bat amama eta guzti; janaria barra-barra, era guztietako ontzietan gordeta (zenbat zor dion hondartzako kulturak tupper-ari!); hamakak, guardasol erraldoiak, eta erosotasuna ematen ei duten beste zazpi mila tramankulu aldean… eta arratsalderako saltxitxa bezain erreta egongo den azal zurbil-zurbila.

-Zoroak: "Ni egon naizen hondartza guztietan, beti egon da zororen bat", dio Gorka Blancok. "Inork ez daki nondik irten diren, eta orokorrean ez dute arazorik ematen, oso gauza arraroak egin arren. Hutsik egin barik etortzen dira". Blancok gogoan dauka Plentziako hondartzan egunero-egunero egoten zen morroi bat: lubakizalea. "Eguraldia edozein zela ere, hantxe zegoen bera, harean egindako zuloan sartuta".

-Lagunak: sorostegitik hurbil, beti sorosleei "itsatsita" egoten direnei deitzeko eufemismo leuna. "Hondartzatik gertu bizi den norbait da, -dio Blancok- eta sarritan sorosleren baten laguna izan ohi da. Han egoten da, gugaz. Batzutan, lagundu ere egiten du".