J MARTINA: "Guretzat imajinaezina da abestiak egitea inguruan gertatzen ari dena, gure errealitatea edo kezkak kontuan hartu barik".

J MARTINA: "Guretzat imajinaezina da abestiak egitea inguruan gertatzen ari dena, gure errealitatea edo kezkak kontuan hartu barik". J Martina taldeak 'Negu gorri' diskoa kaleratu berri du, gizarteari begira dituzten kezkak biltzen dituena eta antolakuntzarako deia egiten duena. Taldeko kide den Ane Barcenarekin (Larrabetzu, 2001) hitz egin dugu lan berriaz eta musikaren funtzioaz. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/guretzat-imajinaezina-da-abestiak-egitea-inguruan-gertatzen-ari-dena-gure-errealitatea-edo-kezkak-kontuan-hartu-barik/@@download/image/J_Martina_0017.jpg
2024/05/09
elkarrizketa
J Martina taldeak 'Negu gorri' diskoa kaleratu berri du, gizarteari begira dituzten kezkak biltzen dituena eta antolakuntzarako deia egiten duena. Taldeko kide den Ane Barcenarekin (Larrabetzu, 2001) hitz egin dugu lan berriaz eta musikaren funtzioaz.
J MARTINA: "Guretzat imajinaezina da abestiak egitea inguruan gertatzen ari dena, gure errealitatea edo kezkak kontuan hartu barik".

“Gazteen emozioak eta pentsamenduak islatzea” izan da zuen asmoa, “gizartearen krisialdi egoeran”. Gorka Urbizuk aipatu izan du bere diskoa soinu-babes moduko bat dela munduaren aurrean, “oso itsusi” dagoelako kontua. Sentipen horietatik abiatzen zarete zuek ere?
Bai, guretzat imajinaezina da abestiak egitea inguruan gertatzen ari dena, gure errealitatea edo kezkak kontuan hartu barik. Guk musika hortik egiten dugu, gure kezka sozial, politiko eta abarretatik. Gure musikan gure ardura guztiak islatzen dira eta gure inguruan gizarte iluna ikusten dugu, miseriaz betetako gizartea. Alde artistikotik tiraka, saiatzen gara musikalki sortzen dugunari garrantzia ematen, baina beti ere kontuan hartuta zer errelitatetan bizi garen, nondik jaiotzen garen eta norantz goazen.  

Zentzu horretan hitzek garrantzia hartzen dute, eta gai asko aipatzen dira: egoera sozioekonomikoa, politikarien eta norbanakoen promesa faltsuak, borroka egitearen aldeko aldarriak daude…
Disko honetan kezkatzen gaituzten gai desberdinak landu nahi izan ditugu. Abesti bakoitzean alderdi baten inguruan egiten dugu berba. Paktua kantuan, esaterako, fartsa instituzional eta politikari profesionalen fartsari buruz aritu gara, mitin politiko bat fikzionatu nahi izan dugu. Beste egoera batzuetara ere orokortu daiteke, norberak berea egiten du kanta eta gura duen moduan jasotzen du. Kantu honetan hori islatu nahi izan dugu, baina ondorio asko atera daitezke.

Gizartean ikusten duzuen miseriari kantatzen diozue, baina, aldi berean, dena ez da etsipena edo ezkortasuna, ezta?
Disko honekin bereziki, nahiz eta Negu Gorri deitzen den eta garai ilun bati egiten dion erreferentzia, kolore gorriarekin eta musikari eman dizkiogun soinu dantzagarri eta indartsu horiekin bestelako tonu hori eman gura izan diogu. Negu gorri kantak esaten duen moduan, “geratu zaitez nirekin mesedez”; antolakuntzarako eta aldarrikapenerako deia da. Esperantza zantzu hori ikusten da diskoan eta miseria honi guztiari aurre egiteko esperantza ere transmititu nahi dugu.

Izan ere, etsipena erabatekoa bada, esperantzarik ez badago, ez duzu uste horren aurrean ezer egin dezakezunik, ez dago mugimendurik…
Hori da! Disko honekin aldarrikatu nahi dugu badagoela alternatiba eta badagoela zer egin honen aurrean. Musikalki ere hori transmititu nahi izan dugu.

Fusila kantuan hala diozue: “Hain da polita artea fusila jantzita, agian hau ere ez da soilik musika”. Musika izan daiteke entretenimendu hutsa, baina beste funtzio batzuk ere bete ditzake, ezta?
Bai, guk ez dugu ulertzen musika dibertimendurako edo entretenimendurako diziplina gisa bakarrik. Musika egiten dugu gustatzen zaigulako eta esperimentatzea gogoko dugulako, baina uste dugu oso tresna baliagarria dela aldarrikapenak egiteko eta aldarrikatzen duzuna akonpainatzeko. Guretzat antolakuntza politikoa indartzeko tresna ere bada, badakigu musikak zelako eragina duen gizartean eta guk bilatzen duguna da musika politiko bat egitea edo antolakuntza politikoa eta antolakuntzaren aldeko jarduna indartu edo bultzatuko duen musika.

“Arima galduak, batu gaitu patuak” esaldia ere agertzen da Bilbo abestian. Askotan aipatzen da galduta gaudela…
Bilboren inguruko kantua da eta deskribatzen du parranda gau batek zelako intentsitatea duen askotan eta zelan hurrengo egunean ez den ezertan geratzen eta zure bizitzak aurrera jarraitzen duen. Gauean zein bizitzan, askotan galduta gabiltza eta bidean jende askorekin aurkitzen gara, egoerak komunean ditugulako edo ez dakigu ondo zergatik, eta sarri patuagatik dela iruditzen zaigu. Bakoitzak bere hausnarketa egingo du. Bilbo ere deskribatzen du. Gu Bilbon aritzen gara lanean eta musika egiten, eta bertako errealitatea agertzen da.

Soinuaren bilaketan ere aritu zarete, melodiak, ahotsak..
Bai, hasi ginenetik hona bilaketa prozesuan aritu gara. Musika elektronikoa egiten hasi ginen, askorik jakin barik, eta denbora tarte honetan ikertzen ibili gara, musika pila bat entzuten… Hirurok oso musika ezberdina entzuten dugu eta hortik ere jaiotzen da gure musika, gure erreferentzietatik, eta nik uste dut beste salto bat-edo eman dugula. Egindakoa dezente aldatu da aurreko diskoetatik, gu ere dezente aldatu baikara. Estilo bera izaten jarraitzen du, baina soinua zainduagoa da. Ez dugu aurrekoan bezainbeste esperimentatu; aurrekoan hutsetik hasten ginen eta oraingoan, berriz, ideia argi batzuekin, kanta bat egin jakinda zer soinu landu gura duzun, zer melodia… Kanta bakoitzerako soinu edo melodia jakinak aukeratzen saiatu gara. Uste dut elementu gutxiago erabili ditugula, baina hobeto pentsatuta edo buelta gehiago emanda. Antzematen da esperientzia gehiago dugula, eta emaitza aurrekoak baino garatuagoa edo osoagoa dela iruditzen zait.

Iazko udan hasi zineten diskoa prestatzen eta lan prozesu gogorra eta korapilatsua izan dela azaldu duzue. Zer dela eta?
Disko hau hasi aurretik baginen nonor, kontzertu asko ematetik gentozen. Ikusi genuen jendeak bazekiela J Martina zer zen, orduan motxila bat daukazu, nahiz eta oso pisutsua ez izan, baina jendeak baditu espektatiba batzuk. Prestatzen ari zarenean pentsatzen duzu hau aurrekoa baino kalitate hobeagokoa izan behar dela, publikoaren azalean jartzen zara askotan. Presio horrek laguntzen dizu zure buruari eta kantei buelta gehiago ematen, lantzen, baina oreka bilatu behar da, presio horrek ez jateko eta kantak lasaitasunez eta benetan zuri irteten zaizunetik egin ahal izateko. Askoz buelta gehiago eman diegu kantei, eta apur bat korapilatsua izan da konposaketa prozesua, presio handiagoa eduki dugulako eta espektatibak gainditu nahia. Hala ere, uste dut lortu dugula oreka bilatzea, eta emaitzarekin oso gustura geratu gara.

Irudiari ere ematen diozue garrantzia, diziplina artekotasunari: argazkiak, bideoetako estetika... Zaintzen duzue alor hori ere…
Bai, lanei osotasuna ematea gustatzen zaigu, eta kantua janzten duten beste arte diziplinak ere erabiltzea. Bidean jende pila bat ezagutu dugu, eta beste arte diziplina batzuetan aritzen diren lagunak ditugu. Talentu handia daukan jendea dugu inguruan eta haiekin elkarlanean aritzea asko gustatzen zaigu. Irudiari garrantzia ematen diogu, diseinuari… Disko berriaren azala Sahatsa Jauregik egin du, kamiseten diseinua Niko Bortolini gurekin teknikari lanetan aritzen denak, bideoklipetako jantziak Julene Gregoriok… Simon Agirrek diskoaren lehen kantaren biodeoklipa egin digu, animaziozko lehena, eta oso polita geratu da.

Hasieran singleak ateratzen zenituzten, eta gero diskoak kaleratzeko hautua egin duzue. Kontzeptu baten bueltan sortzeagatik izan da?
Bai, hala  da. Hasieran ez genekien oso ondo zertan ari ginen, probatzen hasi ginen, ideia argirik gabe, espontaneoki esperimentatzen, eta ez genuen uste lan luze bat ateratzeko ordua zenik. Gero heldu zen kontzeptu beraren inguruan arituko ziren kanta multzo bat eta hortik sortu zen Jaio naiz baina EPa. Hortik aurrera, gure asmoak hobeto finkatuta eta gure gogoari erantzunez, erabaki genuen beste disko bat sortu gura genuela, beti kontzeptu beraren baitan jaioko ziren kantekin. Oso prozesu polita da kontzeptu beraren inguruan hausnartzea, ideiak sortzea, hiruron artean brainstorming-ak egitea, kantu denak lotura batekin. Momentuaren arabera gauza bat edo bestea egiteko gogoa duzu, eta kasu honetan kontzeptu berarekin inguruko diskoa egin nahi genuen.

Zuzenekoak ematen pandemian hasi zineten. Hortaz, nahiko hasiera bitxia izan zenuten. Ez zen ohiko esperientzia izan. Nola aldatu da zuzenekoen esperientzia?
Ez daukate zerikusirik duela hiru urteko kontzertuek eta oraingoek. Pandemia garaian hasi ginen, ez genekien egiten genuen musikak zelako harrera izango zuen. Gainera, musika egiten hasi ginenean ez genuen oso musika dantzagarria egiten; gaur egun badauzkagu jai giroan jartzeko kantak, baina une hartan apur bat arraroak ziren jendearentzat. Hasierako kontzertuetan mundu guztia jesarrita egoten zen, musukoarekin, inolako kontaktu barik, ez genuen inoren aurpegirik ikusten, ez genekien jendearen aurpegiera zein zen… Pandemia pasatzen joan zen heinean, beste kontzertu mota batzuk ematen hasi ginen, baita txosnetan jotzen ere, espero ez genuena. Beti pentsatu izan dugu J Martina ez zela izango txosnetan jotzeko modukoa, baina aurreko udan txosnetan eta jaietan jotzen aritu gara. Pozgarria da gure musika halako plazetan ikustea. Oso publiko ona izan dugu orain arte, oso giro ona sortzen da gure kontzertuetan. Jendea abesten ikustea sekulakoa da. Gaur egun zuzenekoei garrantzia handia ematen diegu eta Negu Gorri diskoaren kontzertuetarako beste zerbait planteatu dugu, beste zuzeneko desberdin batekin gatoz. Kattalin eta biok ere joko dugu, ez da izango gu biok aurrean eta Javi atzean instrumentala egiten. Hirurok gura dugu banda edo talde moduan parte hartu zuzeneko musika egiten.

Aipatu duzu hasieran jendearentzat musika arraroagoa izan zitekeela, eta kantu dantzagarriagoak ere badituzuela orain. Harrera aldetik sumatu duzue aldaketa?
Hasieran ez zaitu jende askok entzuten, normala den moduan. Ateratako lehen kanta entzun eta gauza asko falta zaizkiola iruditzen zait, goitik behera aldatuko nuke, baina orduan hori ateratzen zen. Orain beste esperientzia batzuk pilatu ditugu eta beste kanta mota batzuk egin ditugu, dantzagarriagoak, baina horrek ez du esan nahi garai hartako kantak ez zirenik guretzat egundokoak. Egiten dugun musika momentukoaren eta entzuten ari garenaren araberakoa da, 80ko hamarkadako musika entzuten ari gara eta bat-batean garai hartako doinua ateratzen zaigu, diskotekakoa. Horrek baldintzatzen du eta beste kanta mota batzuk sortzen dituzu. Baina ikusi dugu garapena, bai, gero eta jende gehiagok entzuten du gure musika.

J MARTINAREN HURRENGO KONTZERTUAK:
Maiatzak 18. Donostiako Zentro Sozialistan
Maiatzak 25. Abadiñoko jaietan