Gure pratiken osasun prekarioa

Gure pratiken osasun prekarioa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gure-pratiken-osasun-prekarioa/@@download/image/60p24-1.jpg
2006/02/03
erreportajea
Unai Brea
Gure pratiken osasun prekarioa
Gehiago lan egin eta diru gutxiago jaso, horixe ei da joera. Bizitzea gero eta garestiagoa da, etxebizitzen prezio beldurgarrien erruz batez ere, eta gazte bat kontratatzea gero eta merkeagoa da, itxuraz. Gaur egun, zorte kontua da lanpostu finkoa lortzea, etxea edukitzea den hein berean. Biak daude oso lotuta.

Jagobak eta Vanesak 25na urte daukate, eta elkarrekin bizi dira orain dela urte eta erdi inguru. Biek ala biek, kontratu indefinitua dute euren enpresetan.

Vanesak gehitxoago irabazten du: 1.000 euro hilean. Jagobak, berriz, 900. Diru horren erdia, ia, etxeko mailegua ordaintzeko erabiltzen dute (845 euro). Erretiroa hartzeko garaian amaituko dute etxea ordaintzen, gutxi gorabehera, 40 urteko hipoteka daukate eta. Gauzak honela, Jagobak dio umeak edukitzea gustatuko litzaiokeela, baina ez dela ausartzen, bankuarekikoak kitatu ostean geratzen zaien dirua nahikoa ez delakoan.


Dirua gorabehera, Jagobak eta Vanesak segurtasuna daukate, behintzat, euren lanetan, eta hori bada Euskal Herriko gazte askok esan dezakeena baino gehiago. Iaz Hego Euskal Herrian sinatutako kontratuetatik, %7,4 baino ez ziren indefinituak edo finkoak. Gazteek sinatutako kontratuei erreparatzen badiegu, berriz, gauzak are okerrago daude: %4,8 besterik ez.

Kontratu gehienak, beraz, aldi baterako dira, eta ez oso aldi luzerako, gainera: "Gazteek sinatutako aldi baterako kontratuen %97,8 urtebete baino gutxigorako izan ziren, eta %77 hiru hilabete baino gutxiagorako", diosku Igor Ortegak, LABeko Gazte Arloko arduradunak. Langabeziak behera egin du, bai: baina orain prekarietate edo kolokatasunak hartu du haren lekua, sindikatuen esanetan.

Ortegaren iritziz, kolokatasunak badauka eraginik soldatetan. Eta adibide bat eman digu: "ETBn, bertako langilea izan edo azpikontratua izan, alde handia dago soldatan, lan bera eginda ere. Operadore batek, esaterako, %34 gutxiago kobratzen du azpikontratatuta badago; eta kamera batek %43". Ortegak dio gero eta azpikontratazio gehiago ematen ari dela, zerbitzu sektorean, batik bat. Kontua da, gero eta gazte gehiagok lan egiten duela horretan, eta gutxiagok industrian.

1.000 euroen belaunaldia

Baina, zenbat irabazten dute gazteek? Gatxa da horri erantzutea, era guztietako egoerak daudelako sektore bakoitzean eta ia enpresa bakoitzean ere. Hala ere, badago 1.000 euroen belaunaldi bat, ELAko Emakume eta Gazte Arloko arduradun Itziar Gabikagogeaskoaren esanetan. "Horrek ez du esan nahi gazte gehienek kopuru hori jasotzen dutenik; ia denek hori baino gutxiago jasotzen dutela baino". Berbarako, gazte askok 600-700 euroren bueltan izaten dute soldata. Badira gutxieneko soldatarekin konformatu behar direnak ere (580 euro inguru). "Merkatalgune handietan eta halakoetan, asko dabiltza horrela", dio ELAkoak. Gehienak, gainera, emakumeak dira. Horren ondorioz —baina ez horren ondorioz bakarrik—, gizon eta emakumeen soldaten arteko aldea %30ekoa da.

"
Lan bera eginez ere, soldata handiagoa dute gizonek", salatu du Gabikagogeaskoak, "kontratuan lanbide-kategoria txikiagoa ipintzen diotelako".

Sexuagatiko diskriminazioa agerikoa da. Eta adinagatikoa? Jagobak, konparazio baterako, gutxiago irabazten du bere lankide helduek baino. "Nik ez diot diskriminaziorik dagoenik, baina bai gehiago irabazi beharko nukeela egiten dudan lanaren arabera". Jagobak hiru urte daramatza soldata bera jasotzen, eta gaitzerdi: "Orain dela bost urte hasi nintzenean; zortzi orduko lanaldia egiten nuen, eta 480 euroko soldata neukan". Sindikatuetako kideek, berriz, ez dute uste adinagatiko diskriminaziorik dagoenik, kontratu eta lan mota bera edukita. Gazteek gutxiago irabazten dute, bai, baina hori prekarietateari zor zaio, Igor Ortegaren ustez.

"Enpresek iruzur egiten dute"

Igor Ortegaren esanetan, gazte bakoitzak, batez beste, hiru kontratu eta erdi edukitzen ditu urtean. Lanpostu berean izan daitezke, ala lanpostu desberdinetan. Enpresen jokabidea ez ei da behar bezain garbia, eta Itziar Gabikagogeaskoak berba gogorrak erabili ditu hori salatzeko: "Egun dagoen prekarietatea zeharo kezkagarria da, eta uste dugu instituzioek enpresetan ikuskaritza egin eta zer gertatzen den aztertu beharko luketela. Iruzurra ematen da enpresa askotan eta gure iritziz, instituzioek enpresa horiek zigortu beharko lituzkete, eta ez entzungorrarena egin".

Adibide bat eman digu ELAko kideak: "Enpresa batzuek astelehenetik ostiralera arteko kontratua egiten dute; obra edo zerbitzuko kontratua, hain zuzen. Larunbat eta igandean, gaztea ez dago kontratatuta, eta astelehenean berriro hasten da guztia. Baina zer obrak irauten du astelehenetik ostiralera arte? Jakina, zaila da hori kontrolatzea".

Etxea erostea, amets hutsa batzuentzat

Elederrek 700 euroko oinarrizko soldata dauka, baina normalean 1.200 edo 1.300era heltzen da, komisioei esker (salmentan dihardu). 25 urte dauzka, eta gurasoenean dago oraindik. Pisu bila hasi ere ez da egin, bere kontura bizitzea gustatuko litzaiokeen arren. Soldata ona eduki arren, bikotekiderik ez edukitzeak, etxe berri baten ateak ixten dizkio. "Bakarrik erostea amets hutsa da. Egunkaria zabaldu, eta dena da 40 edo 50 milioiren truk —pezetez ari da noski—; momentuz, Etxebiden izena emanda daukat, eta zain nago, ea inoiz `loteria´ hori tokatzen zaidan". Gainera, Elederrek ez dauka lan finkorik, sei hilabeteko kontratuekin dabil, amaitu eta berritu, eta orain dela gutxi, hainbat hilabete eman zituen langabezian, enpresak lan nahikorik ez eduki eta.

Igor Ortegaren ustez, egoera latza da oso, eta okerrera egingo du, gainera: "Gure gurasoen eredua izan dena, ongizate-estatu deritzon hori, alegia, bukatzen ari da, eta esango nuke gurea dela trantsizio belaunaldia. Enplegu-kolokatasunaz hitz egiten da, baina gure ustez kolokatasuna beste arlo batzuei ere dagokie, ez lanari bakarrik: etxebizitza arloan dagoen arazoa, aisialdiaren merkantilizazioa… Ondorioz, bizi-proiektu duina garatzeko behar diren baldintza materialak, une honetan, desegiten ari dira. Soldatari dagokionez, berriz, joera argia da: ordu gehiago lan egin eta diru gutxiago jaso".

Momentuz, gurasoen koltxoiak babesten gaitu kolpeaz, baina koltxoiak ez dira betiko izaten. Ez gaitezen ezkorrak izan, zelangura ere. Ortegak nabaritu duenez, "hori da datuek diotena, baina dena egongo da langileok egiteko gai garen erresistentziaren menpe". Handia egin beharko dugu gero!

Izenpetu aurretik



"Uste dut ez ditugula kontratuak arretaz begiratzen", diosku Itziar Gabikagogeaskoa ELAko kideak. Gazteak, lotsak edo beldurrak jota, askotan isildu egiten gara lan-baldintzen gainean itauntzeko orduan. Lotsa edo beldur hori gainditu beharra azpimarratu du Gabikagogeaskoak; "badirudi ez garela ausartzen gure lana, gure soldata, gure ordutegia… zeintzuk izango diren galdetzera".

ELAkoak aipatutakoak bezain oinarrizko kontuez galdetzen ez badugu, are gutxiago kontratu guztietan agertu beharko lirateeken beste batzuez. "Behin-behinekotasunarekin iruzur asko ari da egiten", azaldu digu LABeko Igor Ortegak: "Legeak dio lanpostu batean hiru urte egiten dituen langilea berez bi-hurtzen dela finko, baina askotan amarrua egiten da: langilea kalera bota, gero berriz hartu, opor garaian kontraturik ez egin… Horrek badakartza langilearentzako ondorio batzuk, eta garrantzitsua da ondo begiratzea kontratua sinatu aurretik". Hala ere, Gabikagogeaskoak bezala, Ortegak uste du beldurrak isilarazten dituela gazteak, protesta egiteko garaian. Hori da, besteak beste, egonkortasun ezaren ondorietako bat. "Sindikatuok dinamikak abian jarri nahi ditugunean ere, lanpostu ez-egonkorrak dituztenak izaten dira aurka azaltzen diren lehenengoak, lana galtzeko beldurrez".

Adi, beraz, kontratua sinatzerakoan. Batez ere, arretaz begiratu honakoei (guztiak agertu behar dira kontratuan):

-Soldata. Kontratuan egozten zaizun lanbide-kategoriarekin bat egin behar du.
-PFEZaren zein portzentaje kenduko dizuten soldatatik.
-Kaleratzen bazaituzte, zein da dagokizun ordain-saria.
-Ordaindutako zenbat opor egun dagokizun. Dagozkizun egunak ematen ez badizkizute, dirutan ordaindu behar dizkizute lana uzterakoan.

Kontratu mota ugari


Kontratuak multzo nagusi bitan bana ditzakegu: indefinituak (ia loteriaren pareko, gaur egun), eta aldi baterakoak. Horien barruan, baina, azpimultzo asko dago, aldi baterakoei dagokienez, batez ere.
"Arrakasta" gehien daukaten kontratu motak, gazteei nahiz helduei egindakoen artean, "obra edo zerbitzuko kontratua" eta "ekoizpen-beharretarako aldi baterako kontratua" dira. 2005an, INEMen bitartez Hego Euskal Herrian egin ziren kontratu guztien %73, mota bi hauetako batekoa zen. Gazteengan, berriz, kopurua handiagoa da: %79.


KONTRATU                                   2005ean HEGO EUSKAL HERRIAN            MOTA                                              SINATUTAKOEN PORTZENTAJEA*
Kontratu indefinitua                                                  %4,8
Obra edo zerbitzukoa                                                %33,3
Ekoizpen-beharretarako aldi baterako                       %45,9
Bitarteko lan-kontratua                                              %12,7
Praktikaldikoa                                                            %1,9
Heziketa-kontratua                                                     %0,9
Beste mota batzuk                                                      %0,6

*INEMen bitartez sinatutako kontratuak baino ez.

Soldatak, etxebizitzaren prezioaren erritmoari eutsi ezinik


Orain dela hamar urte, etxebizitza baten metro koadroa 647 eurotan ordaintzen zen Hego Euskal Herrian. Gaur egun, kopuru hori 1.781eraino hazi da, hau da, %164ko igoera izan da hamar urte hauetan. Eta hori batez bestekoa da, noski. Hiri batzuetan, etxebizitza askoz garestiagoa da beste batzuetan baino. Hego Euskal Herrian aipatzekoak dira Donostia, Gasteiz edo Getxo, besteak beste.

Denbora tarte berean, soldatak %32 besterik ez dira hazi. Gero eta gehiago, lanean irabazten duguna hipotekan joaten zaigu. ELA sindikatuaren ustez, gazte baten soldataren %70 etxea ordaintzeko erabiltzen da. “baita alokairuan egonda ere”, dio Itziar Gabikagogeaskoak, “horiek nabarmen egin dute-eta gora”. Gauzak honela, gaur egun, ia ezinezkoa da gazte batek etxea bakarka erostea. Besteak beste, ez dagoelako kreditua emango dion banketxerik. Gauzak horrela daude.