Gure jaiak, unibertso osoan ezagunak

Gure jaiak, unibertso osoan ezagunak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gure-jaiak-unibertso-osoan-ezagunak/@@download/image/20p26-1.jpg
2002/06/07
erreportajea
Unai Brea
Gure jaiak, unibertso osoan ezagunak
GAZTEZULOn dokumentu harrigarria jaso dugu: Alfa-Omega-Epsilon konstelaziotik gurera iritsitako bidaiari intergalaktiko bik idatzitako txostena. Zur eta lur geratu dira Euskal Herriko festak ezagutu ondoren. Hona hemen beren kronika.

Etxetik zenbatzen hasita, hamabigarren galaxiaren inguruan matxura izan genuen eta Lurra izeneko planeta txiki bezain bitxi batean gelditu behar izan genuen konponketak egiteko. Han izandako denboran gauza interesgarri asko ikusi genuen, sarritan hagitz ulergaitzak, egia esan.

Planeta distritotan banatuta dago, gurea ez bezala. Gu egon ginenekoari batzuek Euskal Herria esaten zioten, beste batzuek Espainiako iparraldea, Frantziako hegoaldea… Tira, kontua ez da hori, planeta eguzkitik hurbilen dagoen aldian (itzuli oso baten erdia kasik) bertako biztanleek agertzen duten portaera harrigarria baizik. "Uda" esaten omen diote garai horri.

Zarata eta likidoak
Aipatu denboran, ia etengabe, "musika" izeneko zarata antzeko bat entzuten dute; askotan, hura entzun eta berehala gorputza era arraroan mugitzen hasten dira. Horrela ematen dituzte orduak eta orduak; berdin die eguzkia ikusten den ala ezkutatuta dagoen. Bitartean, kolore guztietako likidoak sartzen dituzte buruan duten zulo batera. Batzuetan, likido bi edo gehiago nahasten dituzte.

Likido asko hartuta (ez likido guztien kasuan, baina bai askorenean), lurtarren portaera aldatzen dela behatu genuen: hasieran alaiago, ondoren baldarrago eta amaieran, sekulako buruko minez izaten dira eta ezer gutxi egiteko gai. "Ajea", "biharamuna", "bestondoa"… hamaika izen ematen dizkiote egoera bitxi horri: ados jartzen ez direla seinale. 

Likidoenak garrantzi handia ei du eurentzat, horretarako propio sortutako tokiak baituzte. Batzuk eguzkiaren inguruko buelta osoan izaten dira; finkoak dira, sendoak eta "tabernak" deitzen dituzte. Beste batzuk ("txosnak" edo antzeko izen bat omen dute), berriz, eguzkitik hurbileneko garai horretan baino ez dituzte ipintzen. Hobeto esanda, ipini eta kendu, ipini eta kendu… hala ibiltzen dira. Hemendik kendu, eta han ipini. Izan ere, aipatu erritoak ("jaiak" edo "festak"; ez ginen izena ondoegi ulertzeko gai izan) ez dituzte beti toki berean egiten. Toki bat aukeratu, denbora tarte laburra eman eta beste batetara alde egiten dute parafernalia guztiarekin.

Erlijio ezberdintasunak
Itxura batean, denbora luzez gorputza mugitzeak eta likidoak hartzeak kalte egiten die lurtar bitxi hauei. Horregatik, bestelako gauzak ere egiten dituzte. Azkar ohartu ginen gauza horiek likidoak hartzeko toki mugikorren inguruan -"txosnak"- egiten dituztela. Gure hipotesietako bat zera da: likidotegi horiek jainko baten irudia direla, eta likidoa, haren odolaren ikurra. Auskalo. Toki askotan, lurtar batzuk likidotegi mugikorrak ipintzen saiatzen dira, baina beste batzuei ez zaie ondo iruditzen eta ez diete lehenengoei ipintzen uzten. Hortaz, sinesmen ezberdinak dituztela ondorioztatu dugu.  

Tira, buelta gaitezen harira. Esan bezala, "jaiak" edo izeneko erritootan, Euskal Herria distritoko lurtarrak kopuru handitan biltzen dira era guztietako gauzak egiteko. Lan banaketa arraro samarra dute, hala ere: gehienak geldi egoten dira, gutxi batzuek egiten dutenari begira. Eta horiek denetarik egiten dute.

Gorputzean launa hanka eta buruan bina kirten dituzten izaki handi batzuen aurrean korrika bizian ibiltzen dira atzuetan (ohitura hau maite zutenek zapi gorriz ibiltzen ziren toki batean); beste batzuetan, harri handiak altxatzen ahalegintzen dira… Bada, ordea, guztiek berdin egiten duten lan bat, baita gustura asko egin ere: solido batzuk buruan duten zulora sartzea, likidoekin egiten duten modu bertsuan.

Gunetik gunera alde ederra
Lekuaren arabera, errituala aldatu egiten da. Normalean, lurtar ero hauetako asko elkarrekin bizi diren "herri" edo gune handietan, luzeago irauten du eta ekitaldi gehiago izaten dira. Horrez gain, toki bakoitzak bere berezitasunak ditu. Euskal Herriko herririk handienean, adibidez, "Bilbon", likidotegi handi eta ikusgarrienak ipintzen dituzte. Musika entzuten da nonahi. Batzuetan, likodotegietatik euretatik dator zarata; besteetan, berriz, lauzpabost lurtarrek sortzen dute, tresna bitxi batzuei eraginez. Azken ohitura hau toki gehienetan ikusi dugu, baina ez omen du beti arrakasta bera. 

Beste gune edo "herri" handi horietako batzuetan keinu batez ohartarazten diote elkarri erritoa hasi dela. Toki batean, adibidez, lurtar bat soka bati helduta eta eguzkiaz babesteko tresna batez lagunduta, eraikin batetik amiltzen da jendartera. "Gasteiz" dela uste dugu. "Donostia" izenekoan, aldiz, zarata izugarria egiten dute gerrarako dirudien tramankulu batez. Esan dezagun, bide batez, keinua egin eta gero, askok geroago barra-barra hartuko duten likidoaren zati bat botatzen dutela… soberan izango balute bezala edo. Harrigarria, benetan. Lurtar-gune gehienak txikiak dira, ordea. Likidotegi gutxiago eta apalagoak izaten dira "herri" horietan. Likidoak hartu eta gorputza mugitu, berdin-berdin egiten dute, baina antza, gainerako eginkizunak ez dira gune handietan bezain ugariak izaten. Hala ere, horrelakoetan lurtarren arteko harremanak estuagoak direla ematen du: gehiago komunikatzen dira elkarrekin. Eta ez dakigu horrekin lotura ote duen, baina musika izeneko zarata ere ez da hain ozena izaten.

Azkenik, deskribatutako ohitura multzo hori planeta osoan egiten dela jakin dugu. Baina antza, inon ez Euskal Herrian bezala. Eurek hala diote behintzat. Kontuak kontu, ohituretako asko ulergaitz samarrak dira; guk, behinik behin, ez diegu inongo zentzurik bilatu. Dena den, lurtarrak, errito hauek egiten dituztenean, zoriontsuak direla dirudi.