Günter Grass: kontzientziaren danborra

Günter Grass: kontzientziaren danborra https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Günter Grass: kontzientziaren danborra
1927an Danzigen jaio izan ez balitz, auskalo zer gertatuko zen beti betaurreko txikien atzetik begiratzen duen gizon bibote handidun honekin. Argi dago, espazioak eta denborak markaturiko gizona dela, garai hartako beste asko bezala. Gaztetan pintore ikasketak burutu bazituen ere, poema-bilduma bat argitaratu ostean, bere bizitza markatuko zuen obra erraldoia izkiriatu zuen: "Latorrizko danborra" (1959). Hemendik aurrera, Grass Europako ahotsik sakon eta esanguratsuenetako bat bihurtuko da, bere herkidea zen H. Böllekin batera. Lehen maisulan honen atzetik beste bi obra etorriko dira, Danzigeko trilogia itxiko dutenak: "Katua eta Sagua" (1961) Ibaizabal argitaletxeak itzulia eta "Txakur-urteak" (1963). Grassek errealismo magiko ezberdin bat sortzea erdietsiko du, Hego Amerikan hain puntan dagoenarekiko arras ezberdina, "Gerraosteko errealismo magiko europarra" bezala defini daitekeena. Grassek ironia eta barrokismoaren bidetik jotzen du ikusten duen mundu axolagabea salatzeko. Benetan azpimarragarria da "Latorrizko danborra" obran agertzen den "Tipulen Ostatua" izenburuko atalean gertatzen den pasadizoa; nola jendea ostatu batean biltzen den tipulak moztu eta negar egiteko, barrengo negarra askatzera ausartzen ez den gerra ondorengo Alemania ziniko bezain materialistaren metafora paregabe bihurtzen dena. 1977an beste maisu lan bat idatziko du, "Erreboiloa", apika "Latorrizko danborra" bera baino hobea. Bertan, Grimm anaien ipuin zahar bat oinarri harturik, gizon-emakumeen arteko harremanak aztertzen ditu historiaren bilakaeran, sukalde-liburu baten forma jarraituz. Beranduago "Arratoisa" etorriko da eta, azkenik, gaur egun ezagutzen dizkiogun bere bi lanik berrienak: "Ipuin luzea da" eta "Nire mendea". Ezbairik gabe, Nobel saria merezimenduz irabazi duen bakan horien taldean dago Günter Grass. Beti gizakiaren gehiegikeriak eta injustiziak salatzeko prest, askotan jendearen aihergatasuna trukean jaso badu ere. Entzun nahi ez duena baino gorragorik ez dago.