GUERRILLA GIRLS; ARTIBISMO FEMINISTA

Duela 30 urte artearen munduari honako galdera deserosoa egin zioten hainbat emakume ekintzailek: “Emakumeek biluzik egon behar dute M.A.M.-en (Metropolitar Arte Museoa) sartzeko?”. Galdera honako datuarekin lotuta zihoan: “Arte garaikideko sailean artisten %5 dira soilik emakumeak, eta aldiz, biluzien %85 femeninoak dira”. Horrela jaio zen Guerrilla Girls mugimendua.
Artearen munduko sexismo eta arrazismoa salatzeko helburuz, publizitate estrategiak diseinatzen hasi ziren, kale protestekin. Umorea aldarri, buruan gorila maskarak jantzirik hasi zituzten beren protesta aldarrikapenak, ingelesez “gorila” eta “gerrilla” hitzak nahiko ahoskera antzekoa zutela probestuz, eta zendutako emakume artisten izenak erabili zituzten ezizen bezala: Frida Kahlo, Rosalba Carriera, Eva Hesse, Zora Neale Hurston, Käthe Kollwitz, Anaïs Nin, Gertrude Stein, eta beste asko. Eta zergatik nortasuna ezkutatzeko hautu hori? Fokua helburuetan jartzeko borondatea zuten, ez beren nortasunean edota haietako bakoitzaren artelanetan.
Hala, 1989an New Yorkeko Metropolitan museoaren aurrean agertu ziren lehenbizikoz gorila maskarekin, eta hasieran aipatu dugun “Emakumeek biluzik egon behar al dute M.A.M.-en sartzeko?” galdera letra larriz eskegi zuten museoaren ate aurrean. Geroztik, mundu osoan egin dituzte antzeko protestak; 2016 eta 2017an, galdera berdina egin zuten Londresko Whitechapel Gallery-n, “Europan oraindik ere okerragoa ote da?” salaketa gehituz. Protesta talde honek Europako 400 museori bidali zien galdera, eta soilik 100 museoren erantzuna jaso zuten. Une horretan, datu deigarriak azaleratu ziren; museo guztietatik soilik bitan erakusgai ziren obren %40 emakumeek eginak ziren.
Artearen mundua
ez da uste duguna
bezain aurrerakoia,
liberala eta askea;
kontserbadorea,
klasista, matxista
eta arrazista da”
Bestalde, talde aldarrikatzaile honek 1992an egin zuen bere protesta entzutetsuenetako bat, The Women’s Action Coalition (WAC) taldearekin batera. Urte hartan, Carl Andre-ren atzera begirako bat inauguratu zuten New Yorkeko Guggenheim museoan; hain zuzen, Carl Andreri bere emazte Ana Mendieta hiltzea leporatu zioten, eta 1988. urtean aske utzi zuten azkenik. Andreren lanak ezer gertatu ez balitz bezala munduko museo onenetan erakusten zituzten, eta bitartean, Ana Mendieta ahanzturan erori zen. Baina ez Guerrilla Girls ekintzaileentzat; inaugurazioaren egunean, ‘Where is Ana Mendieta?’ leloa jarri zuten museoaren ate aurrean, eta galdera hori errepikatu dute behin eta berriro Andreren erakusketak egin diren tokietan, hala nola Espainiako Reina Sofia museoan 2015ean, Londresen 2016ean edota Los Angelesen (AEBak) 2017an.
Horren nekeza ote da ba emakume artisten egoera? Guerrilla Girls-ek galdera horri erantzun ironiko bikaina eman zioten (ikusi beheko zerrenda).
80ko hamarkada borrokalarian landutako feminismo hau ondoren etorritako garaiekin batera moldatzen joan da, baina aldi berean, orduan sortutako lelo aldarrikatzaileek efektu bera dute egun. Eta batez ere, ekintzaile talde honek lortu duena da mahai gainean ipintzea artearen alderik ilunena; artearen mundua ez da uste duguna bezain aurrerakoia, liberala eta askea; kontserbadorea, klasista, matxista eta arrazista da.
GUERRILLA GIRLS EUSKAL HERRIAN
2013. urtean, Xabier Arakistainek, Arakis, (GAZTEZULOko protagonista izan zen 2011n) Guerrilla Girls-en lana aldarrikatzeko erakusketa antolatu zuen Azkuna Zentroan. Arakisek berak azaldu zuenez, kolektibo honek emakume artisten haserrea ordezkatzen du, haien aitzindariek ez dutelako apenas espaziorik izan museoetan, erakusketetan eta oro har, Artearen Historian. “Artearen mundua gizonek menderatu dute” zioen Arakisek, eta hala izaten jarraitzen du.
Protesta taldeak lortu du aldaketaren bat bultzatzea noiz edo noiz; adibidez, 2002. urtean Oscar sariei begira jarri ziren, urrezko estatua bera kritikatuz: “Anatomikoki zuzena den estatua da; zuria eta gizonezkoa, irabazten duten pertsonen antzekoa!”. Garai horretan salatu zutenez, ordura arte zuzendari onenaren saria ez zen sekula emakume baten eskuetara iritsi (gaur egun ere, Oscarren historian soilik emakume bat saritu dute behin zuzendari onenaren sariarekin; 2009an, Kathryn Ann Bigelow, The Hurt Locker filmarengatik). Horrekin batera, garaian soilik saritutako aktoreen %5,5 ziren beltzak, eta gidoi onenaren saridunen %92,8 gizonak ziren.
Bada protesta horiek aireratu eta urtebetera, aldaketak iritsi ziren Oscar sarietara; 2003. urtean, Denzel Washington eta Halle Berry saritu zituzten, eta aipatu dugunez, urte batzuk beranduago iritsi zen Oscarren historiako sari bakarra emakume zuzendari batentzat, Kathryn Ann Bigelow-rentzat. Eta bola handituz joan da geroztik; oraindik ez da erabat hoztu Harvey Westein-en eskandalua eta #MeToo mugimendua, eta bestela, hortxe dugu Patricia Arquete aktorea emakume eta gizonen arteko arrakala ekonomikoa salatzeko prest.
Zoritxarrez, zinemaren mundua ia artearena bezain iluna da emakumeentzat, eta berdina gertatzen da beste hainbat diziplinetan. Espainiako Goya sarietako datuen arabera, azken edizioa izan da “parekideena”: emakumeek sarien %39,3 lortu dituzte, historia eginez. Edizio guztietako bataz-bestekoa egiten badugu aldiz, hauxe dira datuak; Goya sarien %72,2 gizonek eraman dituzte, eta emakumeek aldiz, soilik %22,5. Gainontzeko %5,1 talde mistoek eskuratu dituzte.
Euskal Herrian egoera ez da hobea; Donostia Zinemaldiak azken edizioko filmetako profesionalen genero-identifikazioari buruzko txosten bat argitaratu du lehen aldiz, eta ondorio hauek argitaratu ditu: Zuzendaritza, produkzio, gidoi, muntaketa, argazki eta musikako kategorietan parte hartu zutenen %70 genero maskulinokoak ziren eta %30 genero femeninokoak, bai inskribatutako filmetan, bai hautatutako filmetan.
Dena den, analisiak salbuespen nabarmenak zituen: New Directors sailean –zinemagileen lehen eta bigarren obrak hartzen ditu– emakumezko zuzendari, gidoilari eta muntatzaileen film gehiago programatu ziren eta Nest sailean –mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen film laburrak biltzen ditu– emakumezko zuzendari, produktore, muntatzaile eta argazki-zuzendarien lan gehiago hautatu ziren. Ikusmira Berriak sailean ere –proiektuak garatzeko egonaldian–, emakumezko zinemagileak gehiengoa izan ziren. Hala, txosten horretatik, antolatzaileek honako ondorioa atera zuten; zailtasuna ez dago emakumezko zinemagileak zinema-industriara sartzean, bertan gelditzean baizik.
Arte Ederren
ikasgeletan %70
emakumeak diren
arren, munduko
museo eta
erakusketetan
gizonak dira
nagusi”
Guerrilla Girls oraindik indarrean daude, eta artearen munduko kontzientziaren zaintzaileak direla esan daiteke; #MeToo mugimenduaz gain, Femen eta Pussy Riot mugimenduak inspiratu dituzte. Baina, oraindik ere hainbesterainokoa ote gizon eta emakume artisten arteko arrakala? Emakume margolarien lana bigarren planoan zenbateraino mantendu den ulertzeko, hona datu argigarri zein harrigarri batzuk: Arte Ederren ikasgeletan %70 emakumeak diren arren, munduko museo eta erakusketetan gizonak dira nagusi.
Emakumeak ere agertzen dira, baina musaren rola betetzen, objektu eder soilen moduan, eta gehienetan, biluzik. Pradoko museoan (Madril, Espainia) erakusgai dauden obra guztietatik soilik 6 dira emakumeek egindakoak, eta horietatik soilik 3 dira bildumaren parte. Ez da bakarra. Bartzelonako MACBA museo garaikidean antolatzen diren 10 erakusketetatik bakarra izan da emakume artista baten ingurukoa; eta Bilboko Guggenheim museo garaikidean soilik Joana Vasconcelosen piezak izan dira ikusgai. Museo horietan badira emakumeen lanak, baina gehienak sotoan gordeta; Guerrilla Girls-ek salatzen duen moduan, “beti bezala, emakumeak gizonen azpian daude”. Baina argi izan Gerrillako gorilek ez dutela Artearen industriaren pusketa bat nahi; egitura goitik behera dinamitatu nahi dute!
GERRILLA GIRLS:
Hona Guerrilla Girls-ek 1988an argitaratutako Emakume Izatearen Abantailak zerrenda:
– Arrakasta lortzeko presiorik gabe lan egin.
– Erakusketetan gizonekin elkartzeko arriskurik ez.
– Artistaren lanbideaz deskonektatzeko aukera autonomo bezala beste lau lan egin bitartean.
– 80 urte betetzean zure ibilbide artistikoak arrakasta izan dezakeela jakitea.
– Egiten duzun arte motak ez du axola, beti izango da arte femeninoa.
– Goi mailako irakasle postu batean ez zaituztela harrapatuko jakitea.
– Zure ideiak gainerakoen obretan iltzatuta ikustea.
– Ibilbide profesionalaren eta amatasunaren artean aukeratzea.
– Traje italiarrekin jantzita margotzea bezalako egora deserosorik ez jasatea.
– Zure bikoteak beste maitale gazteago batengatik uzteak lanerako denbora gehiago eskaintzea.
– Artearen Historiako liburuetan gainbegiratutako bertsioetan agertzea soilik.
– “Genio” hitza sekula entzun behar ez izatea.
– Zure irudia arte aldizkarietan agertzea gorilaz mozorroturik.