GRISES: "Euskal Herrian zerbait mugitzen ari dela dirudi, baina hemendik kanpo jotzeko aukera gutxi dagoela ikusten ari gara".

GRISES: "Euskal Herrian zerbait mugitzen ari dela dirudi, baina hemendik kanpo jotzeko aukera gutxi dagoela ikusten ari gara". Talde zestoarrak pandemiaren eta itxialdiaren zailtasun guztiei aurre eginez kaleratu berri du 'Talisman' bere ibilbideko seigarren diskoa; udaberriko estreinaldia irailera atzeratuta, lehen kontzertuak eskaintzen hasi dira, pixkanaka musika jarduna berpiztuz. Dena da berria normaltasun berri honetan; larunbatean Donostikluba aretoan izango dira, eta datorren astean berriz, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/grises-euskal-herrian-zerbait-mugitzen-ari-dirudi-baina-hemendik-kanpo-jotzeko-aukera-gutxi-dagoela-ikusten-ari-gara/@@download/image/grises 2020.jpg
2020/09/30
elkarrizketa

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Talde zestoarrak pandemiaren eta itxialdiaren zailtasun guztiei aurre eginez kaleratu berri du 'Talisman' bere ibilbideko seigarren diskoa; udaberriko estreinaldia irailera atzeratuta, lehen kontzertuak eskaintzen hasi dira, pixkanaka musika jarduna berpiztuz. Dena da berria normaltasun berri honetan; larunbatean Donostikluba aretoan izango dira, eta datorren astean berriz, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.
GRISES: "Euskal Herrian zerbait mugitzen ari dela dirudi, baina hemendik kanpo jotzeko aukera gutxi dagoela ikusten ari gara".

Dagoeneko ibilbideko seigarren diskoa kaleratu duzue, 'Talisman'; ze sentsazio bizi dituzue?

Egoera berezia tokatu zaigu, dena oso arraroa izan da, baina pozik gaude, lasai gaude, diskoa kalean da jada eta pixkanaka joango gara ikusten nola egin aurrera.

Diskoa udaberrian kaleratzekoak zineten, baina pandemiak estreinaldia atzeratzera behartu zaituztete, iraileraino; nolakoa da pandemia batean diskoa kaleratzea?

Hasiera batean ilusio guztia kendu zitzaigun, dena beltza ikusten hasi ginen; diskoa hil egingo zela pentsatu genuen, bira bat ezin egiteak eta udako festibalak suspenditzeak pena handia eman zigun, kolpe gogorra izen zen eta ez genekien zer egin diskoarekin baina denbora aurrera joan ahala atera egin behar zela pentsatu genuen eta pozik gaude hartu dugun erabakiarekin, jendearen arrera oso ona izan baita.

Udako kontzertu eta egitarau guztiak ere bertan behera gelditu ziren, eta oraindik ere ez da erraza ekitaldiak antolatzea, publiko murriztuak, distantziak, maskarak... nola daramazue guzti hori?

Pazientzi handiarekin ari gara hartzen, ditugun kontzertu apurrak gogotsu hartu ditugu eta egunean egunekoa bizitzen ikasten ari gara. Itxaropena galdu gabe baina hankak lurrean izanda. Egun hobeak eta egun txarragoak daude baina hau da tokatu zaiguna eta alden ondoen ematen saiatzen ari gara.

"Egoera oso larria da, abandonatuta sentitzen gara; lagun asko ditugu lanik ezin eginda".

Kultura izan da itxialdian salbatu gaituena, eta halere, sektorerik kaltetuenetakoa suertatu da, laguntzarik gabe... horren harira kultur ekitaldien antolatzaileek protestak bideratu dituzte, kultura segurua dela aldarrikatzeko. Nola bizi duzue zuek egoera?

Egoera oso larria da, abandonatuta sentitzen gara; lagun asko ditugu lanik ezin eginda, milaka soinu teknikari, argi teknikari, promotore, ekipoa jartzen duen jendea eta abar oso luze bat lanik ezin eginda gaude; oso gogorra da bizitzen ari garena eta badirudi luzerako izango dela.

'Talisman' disko berriaren bi kantu aurreratu zenituzten itxialdian, Veneno eta Amazonia Arde, biak aldarrikapen handiekin; zein da disko honekin helarazi nahi duzuen mezua?

Diskoan ez dago dena biltzen duen mezu konkretu bat, baina oro har, inoiz egin dugun diskorik zuzenena dela esan genezake. Amorrua eta injustizia salatzeko gogoa nabaria da zenbait hitzetan.

Lan berrian Gartxot Unsain taldekide berria izan duzue bidelagun; zer nolako musika topatuko dugu? Aurreko lanekin alderatuta, berritasunik sumatuko dugu?

Diskotik diskora zerbait berria eskaintzen saiatzen gara, ez zaigu formulak errepikatzea gustatzen. Disko honetan gure disko guztietako elementuak daudela esan dezakegu, baina era berean elementu berri asko topa daitezke. Disko oso indartsua da, azkarra, gitarra-riff asko nabari daitezke, hitzak oso zuzenak dira, musika urbano pixka bat ere topa daiteke abestiren batean eta oso erritmikoa eta tropikala da.

Gure baxu jotzaile berriaren inguruan: Gartxot aspalditik dugu lagun eta lehenago ere izan genuen taldean Raul-en ordez jotzen kontzertu batzuetan. Aire freskoa eta ilusioa ekarri du taldera. Ederra da, horrelako jende positiboa inguruan izatea eta taldean ondo etorri zaigu espiritu hori sumatzea.

"Orain diskoa kalean da eta ikusiko dugu ea egoerak uzten digun disko hau zuzenean aurkezten. Guk gogo handia dugu baina dena berria da egoera honetan".

Zer moduz bizi duzue itxialdia taldean? Zaila izan da isiltasunaren ondoren itzultzea?

Lasai hartu dugu dena, denborari utzi diogu bere bidea egiten eta ez gara gehiegi larritu. Gogotsu geunden eszenatokira itzultzeko baina ez dugu meta handirik jarri. Pixkanaka joatea erabaki dugu. Orain diskoa kalean da eta ikusiko dugu ea egoerak uzten digun disko hau zuzenean aurkezten. Guk gogo handia dugu baina dena berria da egoera honetan.

Diskoa aurkezteko lehen kontzertua eskaini duzue Azpeitian; zer nolako sentsazioak bizi zenituzten? Zaila al da kontakturik, dantzarik gabe giroa sortzea? Maskarek hoztasuna transmititzen dute?

Guk dena eman genuen, gogo handiz aritu ginen ordu eta erdian gure ibilbide osoko abestiak jotzen eta, nahiz eta beste batzuetan baino hotzagoa izan, denbora osoan nabari genuen jendearen berotasuna. Ez da zuzenekoak emateko erarik aproposena baina ezin dugu esan ez genuenik gozatu!

Larunbatean Donostikluban izango zarete, datorren astean Gasteizko Jimmy Jazz aretoan... hasi da kontzertuen mundua pixkanaka berpizten?

Badirudi Euskal Herrian zerbait mugitzen ari dela gauza eta pozik gaude alde horretatik, baina hemendik kanpo jotzeko aukera gutxi dagoela ikusten ari gara. Orokorrean zuzenekoaren egoera benetan larria dela ikusten ari gara eta oso arduratuta gaude.

Ze beste kontzertu lotu dituzue datozen hilabeteetan?

Baditugu Euskal Herritik kanpo kontzertu batzuk itxita, Bartzelona, Madril, Galizia… baina uste dugu ezin izango direla egin. Egunetik egunera gauza denak aldatzen doaz eta egunetik egunera ikusi beharko dugu nola joango den diskoaren aurkezpena.