Gorpuzkingz: “Entzun, dantzatu eta ongi pasatu, ez dago besterik.”

Gorpuzkingz: “Entzun, dantzatu eta ongi pasatu, ez dago besterik.” Euskal Herriko traparen heroiak direla diote eurek eta ados ez egonagatik ukaezina da euskaraz abestutako traparen aitzindariak direla. 2016. urtetik beraien musikan kaleko bizipenak gordinki islatzen dituzte letra gordin bezain umoretsuekin. Zakil Onil, Big Txiki eta Donald Trap-ekin elkartu ondoren frogatu dugu ahoan ez dutela bilorik. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gorpuzkingz-201centzun-dantzatu-eta-ongi-pasatu-ez-dago-besterik.201d/@@download/image/1551185566_captura.jpg
2019/09/24

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Euskal Herriko traparen heroiak direla diote eurek eta ados ez egonagatik ukaezina da euskaraz abestutako traparen aitzindariak direla. 2016. urtetik beraien musikan kaleko bizipenak gordinki islatzen dituzte letra gordin bezain umoretsuekin. Zakil Onil, Big Txiki eta Donald Trap-ekin elkartu ondoren frogatu dugu ahoan ez dutela bilorik.
Gorpuzkingz: “Entzun, dantzatu eta ongi pasatu, ez dago besterik.”

Euskal Kulturaren salbatzaileak zaretela diozue baina askotan aldarrikatzen duzue zuek dirua irabazi nahi duzuela, dirua nahi baduzue zergatik egiten duzue euskaraz?
Euskaldunak garenez gure ama hizkuntzan abesten dugu, baina batez ere, aukera ideologiko bat da hizkuntzak egiten gaituelako herri. Nazio eraikuntzaren barruan kokatzen dugu gure hautua. Ingelesak izango bagina ingelesez abestuko genuke eta espainolak izango bagina espainolez... Eta argi gera dadila, euskaraz abesten dirua irabazi daitekeela, bestela galde iezaiozue Gorka Urbizuri, Aitor Gorosabeli edo Alex Sarduiri...

Zein da zuen katxea?
Diru kontuak gure managerraren eta gure abokatuen eskuetan uzten ditugu, baina esan dezakegu lau zifra daudela tartean.

Zuek mainstream izan nahi al duzue?
Ez, mainstream-ak gu hala izatea nahi du. Gure ikus-entzuleek hala nahi izan dute eta beraiengatik eta gure lan gogorrari esker gaude gaur egun gauden tokian.

Euskal Herriko traparen heroiak zaretela diozue, ez du meritu gehiegirik ordea bakarrenetakoak zaretenean...
Ez gara bakarrenetakoak, badira rolloko beste talde batzuk baina oso txarrak dira. Horretan datza gure ezberdintasuna.

Zer da zuentzat trapa? Zergatik estilo hori?
Askotan esan ohi da trapa gaur egungo punka dela. Edonork bere etxetik egin dezake musika hau. Eskolagabekoentzat opari bat izan da. Guk orain arte gure kabuz egin dugu dena, eta guk egin badugu, besteek ere egin dezakete. Gu hiruok kanpoan bizi izan gera denboraldi luzez. Horrek eragina izan du gure gustu musikaletan eta Euskal Herrira ekarri nahi izan dugu. Gorpuzkingz gure oparia da euskal herritarrentzat eta munduarentzat...

Oraindik rocka da nagusi euskal musikan, betiko izenek ez diote aukerarik uzten talde berriei?
Ez, euskal panoramaren dinosauroak oso eroso daude dauden egoerarekin, ez dituzte talde hasiberriak laguntzen beraien pastel puska ez dutelako banatu nahi (nahiz eta kontrakoa abestu). Bestalde talde berri pila daude eta gehienak kaskarregiak dira, orduan zaila da nabarmentzea (guk egin dugun bezala).

Erraza al da kontzertuak lotzea?
Ba egia esan guk ez dugu halako arazorik izan. Hasieratik toki askotik deitu izan gaituzte gure emanaldiei esker. Nabari da eszenak gu bezalako talde baten beharra zeukala. Gure freskotasuna ezinbestekoa da gaur egun.

Zein dira zuen euskal erreferenteak?
Nerea Alias, Tomas de Zumalakarregi, Onintza Enbeita, Estepan Aldamitz, Txirri-Mirri-Txiribiton, Miren Arrieta, Telesforo de Monzón, Klaudio Landa, René, Aitor Valcarlos, La Otxoa, Oteiza, Txikito de Amorebieta, Blanca de Navarra, Etienne Lekunberri, Joxeina Etxeberria, Bittor Aiape, Rukulako abeslaria, Kontxu Odriozola, Ainhoa Etxebarria, Xabi Metal, Iñaki Perurena, Anne Igartiburu...

Zer musika entzuten duzue?
Egia esan musikazale amorratuak gara. Denetarik kontsumitzen dugu. Elkarrekin bizi garenez uneoro bestearen musika entzuten dugu. Azken bolada honetan etxean gehien bat entzuten dena Raggatek estiloa (Vandal DJ, MDtek...), High Energy estiloa (Bronsky Beat, Divine...), Italo Disco (Fun Fun, Ken Laszlo...), Rumba (Las Grecas, Los Chichos, Los Chunguitos...), Errusiako Hardbassa (XS Project, Gopnik MCBlyat...), Dabke musika (Arabiar munduko ezkontzetan dantzatzen den musika), Kalash Criminel, Ministry, Gzuz, Ennio Morricone, Angerfist, David Hasselhoffen disko berria... eta halakoak. Oso eklektikoak gara.

Euskal panorama serioegia al da?
Bai, oro har Euskal Herria serioegia da. Dirudi beti dena justifikatu behar duzula eta gu horren aurkakoak gara. Gertatu izan zaigu jendea guregana gerturatzea kontzertu bat amaitzerakoan galdezka ea zergatik esan dugun gauza bat edo bestea eta guk ez diogu garrantzirik ematen esandakoari, orduan besteek are gutxiago. Entzun, dantzatu eta ongi pasatu, ez dago besterik.

Nola ikusten duzue euskal musikaren panorama?
Tristea dirudi, baina oraingoz tronpetak gailentzen dira toki guztietan. Eta jai batzuetara joaten bazara Kortatu, Barricada, Su Ta Gar eta halakoak entzungo dituzu behin eta berriz. Garai berriak eta musika mota berriak iritsi dira Interneti esker, baina jendeak ez du aldatu nahi...

Zergatik tapatu aurpegia, zer ezkutatzen duzue?
Ospea ez dugu ondo kudeatzen eta gure egunerokotasunean baboagoak eta harroagoak ez bilakatzeko aukera aproposa iruditu zitzaigun. Batek daki, agian hurrengo diskorako gure aurpegiak erakutsiko ditugu...

Armak zergatik? Zeinen kontra borrokatzeko?
Gu Ipar Korea bezalakoak gara. Inoiz ez ditugu erabiliko beste norbait erasotzeko, baina erasotuak bagara erabiliko ditugu.

Zein da zuen droga gustukoena?
Drogak bizitza bezala dira. Une batzuetan batzuk beste batzuk baino gogokoak dituzu. Norberaren memento bakoitzeko aldartearekin bat dator. Laburbilduz esango genuke Amona dela batzen gaituena.

Noizko gizonezko kantinerak alardean?
Bazen garaia norbaitek galdera hori egiteko! Gure artean beti galdetu izan dugu hori. Bestalde, emakumea Alardean parte-hartzearen aldekoak gara, baina guk argi daukagu: ALARDERIK GABE ASKOZ HOBE!!!

Euskal pornoa beharrezkoa dela aldarrikatu duzue. Nolako izango litzateke?
Ba funtsean atzerrikoa bezalakoa: jendea biluzik agertuko litzateke kar,kar. Bestalde, Euskal Herrian betidanik eta arlo guztietan kanpoko jarduerak kopiatu ditugu eta gaizki gainera (musikan, zineman, artean, politikan...) eta pornoan badugu izugarrizko aukera bat gauzak bertatik eta diren bezala egiteko (orain arte egin ez delako). Aldenduko ginateke porno komertzial eta matxistatik eta zuzendari berrietan (Erika Lust, Maria Beatty, Annie Sprinkle, Julia Ostertag... ) oinarrituko (ez kopiatu) ginateke, baina kutsu euskaldun batekin gure kultura eta folklorea oso oparoak direlako eta erabili behar ditugulako.

Zein euskal ospetsu jarriko zenituzkete protagonista bezala?
Barbara Goenaga eta Borja Sémper.

Zein da independentziarako bidea?
Garai berrietara moldatzea eta norberak bere ekarpenak egitea. Gure ekarpena Gorpuzkingz da eta hala ikasiko dute haurrek etorkizuneko eskoletan. Interneta oso gailu erabilgarria da independentzia lortzeko, Euskal Memegintza Berria (Trapnaldo, Mc Eto, Tronpa Hereje...) horren adierazle bat da. Beraien meme kritiko eta autokritikoei esker herri bezala garatzen laguntzen gaituzte... Independentzia gure esku dago!

Zer galdera ez dizuete inoiz egin eta gustatuko litzaizueke egitea?
Pozik zaudete GAZTEZULO aldizkariaren azala izango zaretelako?

Zein da galdera horren erantzuna?
Berandu dator proposamena aspaldi hasi ginelako historia egiten, baina eskertzen da.