Gorka Urbizu: “Musikak ostia txarra kanporatzeko balio duela sinesten dugu”

Gorka Urbizu: “Musikak ostia txarra kanporatzeko balio duela sinesten dugu” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gorka-urbizu-musikak-ostia-txarra-kanporatzeko-balio-duela-sinesten-dugu/@@download/image/80p22urbizu3_1363797250.jpg
2007/12/07
elkarrizketa
Testua eta argazkiak: Lander Garro
Gorka Urbizu: “Musikak ostia txarra kanporatzeko balio duela sinesten dugu”
Gorka Urbizu Euskal Herrian, eta baita Euskal Herritik kanpora ere, erreferente bihurtutako musika talde bateko kantaria da. Baina horrez gainera, buruari asko eragiten dion gazte horietakoa da. Gai ugariri buruz hitz egin daiteke Lekunberrikoarekin: musika, jendearen arteko harremanak, Euskal Herria, bizitza bera…

Euskal Herrian inon gertatzen ez dena gertatzen da: talde independenteek behin eta berriro lortzen dute arrakasta izatea, milaka lagun biltzea, jarraitzaileak zoko guztietan edukitzea, tabernetan beraien kantak jartzea, herrietako jaietan jotzea… Asko hitz egiten da musikaren krisiaz, baina hemen, batek jakin nola, musika taldeek krisi ospetsuaz haratago lortzen dute publikorantz zubi bat eraikitzea.

Azken urte hauetan entzule gehien izandako taldeen artean, Berri Txarrak aipatzea derrigorrezkoa da. Musika gogorra egiten dute, komertzialtasunari zirrikitu bakarra ere uzten ez dion horietakoa, baina gogortasun hori Gorka Urbizuren ahots leunaz gozatzen dute. Urbizu musikari petoa da, musikaz (eta beste gauza askoz) gogoeta egiten duena: non dabilen jakiteko parada eskaintzen dio zorroztasun horrek. Buruko altzariak horren ondo paratuak dituelako, arrakastaren erdi-erdian harrotu ordez, betiko mutil apala izaten segitzen du.

25 hilabete eman dituzue nomaden moduan, batetik bestera, herrialdez herrialde; nola sentitzen zarete?

Ongi! Esperientzia honek jendearengana heldu gaitezkeela ikusteko balio izan digu. Mexikon, Dublinen edo edozein tokitan jota, ez ginen tokiz kanpo sentitzen, eta hori lezio polita izan da. Bidea egitea da sekretua. Katalunian lehen aldiz jo genuenean ez gintuen jende gehiegik ezagutzen. Hiru disko geneuzkan garai hartan, eta, hara iristerako, ikusi genuen jendeak zertxobait ezagutzen zuela, ez ginela zerotik hasten, baina beharrezkoa zela berriro itzultzea, lana gutxinaka egitea… Hasieran, hala ere, ez zen erraza izan. Bigarren aldiz joan ginenean, ordea, aurrekoan baino hobeto joan zela ikusi genuen. Bartzelonan jo genuen azken aldian Apolo aretoan egin genuen, eta sarrera guztiak saldu genituen: 1.300 sarrera… Hor ikusten duzu ekinez gauza asko lor daitezkeela. Akaso, helburua ez da ezer lortzea, baina egia da horrelakoek animatzen zaituztela.

Jaio. Musika. Hil
diskoa zuentzat garrantzitsua izan da, eta agian, bira testuinguru horretan sortutakoa da.
Jaio. Musika. Hil diskoa halako apostua zen. Aitorrek taldea utzi zuen, eta erabaki bat hartu behar genuen; segitu ala ez (nahiko argi genuen jarraituko genuela), hiruko moduan jarraitu, beste gitarra jotzaile bat bilatu… Hirukora moldatzeak bazuen halako arriskua, baina erakargarria zen. Beste gitarra jotzaile batekin (bakarra) egin genuen froga, baina oso sentipen arraroak izan genituen. Hamar urte generamatzan ordurako, eta hori asko da; ez da eszenatokia bakarrik, baizik eta konplizitatea eta antzekoak. Horrek pisu handia zuen, eta froga egunean, hirurok elkarri begiratu genion, eta ezetz erabaki genuen, ez genuela beste inor nahi. Egoera berezia zen, eta testuinguru hartan, diskoarekin ere zerbait berezia egin nahi genuen.

Hemen grabatu, AEBetan nahasi…

Karlos Osinaga Txab-ekin grabatu genuen, baina nahasketak egiteko atzerrira jo genuen, Ed Rose ekoizlearengana (Nirvanarekin aritutakoa, besteak beste). Kansaseraino jotzeak halako beldurra ematen zigun, diskoa esku askotatik pasatuko zelako. Aurrera egin genuen, hala ere. Ez gara oso maniatikoak kontu horiekin, baina, kasu honetan, esperimentatu egin nahi genuen. Hark baiezkoa eman zuenenan, pozgarria izan zen, ez baita batere erraza.

Beste mundu batetik dator…

Bai, eta hasieran gure musikarekin egin zuena ez zitzaigun gustatu!

Eta nola erantzun zenuten?

Halako tentsio unea izan zen, baina ez pentsa gehiegizkoa izan zenik. Elkarlana izatea nahi genuen, eta berak ere oso jarrera ona zuen. Guk esan genion ez genuela horrelako soinua bilatzen, eta berak ohartarazi zigun guk nahi genuen gordintasun hura txarra zela hango merkatuan, ez zutela hango irratietan pasatuko. Hango show bussines-a horrelakoa da… Guri hemen ez digu inork esaten musika nola egin behar dugun. Ildo horretatik, beti izan gara independenteak, eta beti izango gara. Ez genuen kezka handirik, ez ginen horretan pentsatzen ari. Beraz, lasai hartzeko esan genion, ez genuela han saltzeko asmorik. Orduan, ados jarri ginen; ondo ulertu zuen zer nahi genuen.

Beharbada, diskoak saltzeko aukera ona galdu zenuten…

Auskalo! Bitxia izan zen, zeren eta soinu aldetik oso bestelako proposamena egin zigun… Ez dakit, gitarretan halako deelai moduko bat… U2 ematen genuen!

Rise Against taldearekin biran aritzea zer nolako esperientzia izan zen?

15 kontzertu egin genituen, zazpi edo zortzi herrialdietan, eta sarrera guzti-guztiak agortu genituen. Zaila da horrelako arrakasta edukitzea, ez baduzu alboan Rise Against edo antzeko talde bat. Munduan punk-rock talderik handienetakoa da. Bad Religion eta haien belaunaldiko taldeak kenduta, handienetakoak dira. AEBetan hockey zelaietan jotzen dute. Alemanian zenbat jende mugitzen duten ere ikaragarria da; kontzertu batean 1.500 lagun biltzea ez da erraza. Geffen diskoetxean daude, eta horrek interes handiak sortzen ditu. Rise Againstekin jotzeko zerrenda handia dago, denek nahi dutelako haiekin jo. Eta askok ordaindu ere egiten dute: guk hainbat ematen dizuegu, eta zuek kartelean sartzen gaituzue. Horrela funzionatzen du. Guk ezin dugu dinamika horretan sartu, normala denez. Adiskidetasunarengatik lortu dugu.

Timek [Tim McIlrath, Rise Againsteko abeslaria] zuen diskoan egindako kolaborazioa da horren hazia?

Bai, guk diskoan parte hartzeko konbentzitu genuen [Libre © diskoan], eta baietz esan zuen, diskoa gustuko zuelako. Oso gustura aritu ginen, eta harremanak, horregatik, adiskidetasunera jo zuen. Horrek zabaldu dizkigu ateak. Badakigu Tim gure taldearen jarraitzailea dela, eta hori guretzat gauza handia da, ikaragarria. Hau guztia oso azkar pasatu da, arrapaladan, eta zaila da dena barneratzea.

Zertarako amestu
dokumentala ateratzea erabaki duzue. Zergatik?

Bost disko ditugu dagoeneko, eta zuzeneko diskoa ateratzeko presioa sentitzen genuen. Jende askok esan digu. Guk, ordea, zuzeneko diskoak ez ditugu oso gustuko; zuzenekoak zuzenean ikusteko dira. Hortik dator DVD-aren ideia. Bestalde, geure burua ordenatu beharra sentitzen genuen, azken bi urteak gehiegizkoak izan baitira. Beraz, hori guztia nolabait batzeko eta kanporatzeko modua da Zertarako amestu dokumentala

13 urte, bost disko, gora doan bidea, harrera bikaina… Eta hori guztia printzipioei uko egin gabe. Berri Txarrek-ek mezu bat dakar, konpromiso bat…

Guk gauzak geure modura egin ditugu, eta gainera, jendea hurbiltzea lortu dugu. Ez dugu entzuleen oniritzia bilatu, baina asko-asko eskertzen dugu. Talde batek ezin du hori ukatu…

Besteak beste, horregatik igotzen da oholtza gainera, ezta?

Hori da. Mega-alternatiboa izanda ere, denoi gustazen zaigu ondo ari garela entzutea. Egia da aurrean bost edo 5.000 edukita dena eman behar dela, transmisioa dela garrantzitsuena. Eta trasmisio horretan, gauzak esan daitezke. Guk musikak ostia txarra kanporatzeko balio duela sinesten dugu. Jende batek mezuarekin bat egiten duela sentitzen dugu, gainera, eta horrek zerbaiten parte sentiarazten gaitu. Musikak, neurri batean, norberaren ezinak kanporatzeko balio dezake, eta jendeak mezu hori hartu eta bere egiten duenean, oso sentimendu handia sortzen da. Oso polita da ikusleen atxikimendua izatea. Gu, alde horretatik, pribilegiatu hutsak gara.  

[Lekunberrin egin dugu hitzordua Gorka Urbizurekin, herriko plazako taberna batean. Txupa beltzez azaldu da. Kafea eskatu dugu, eta Gorkak bere kafezaletasuna aitortu du: “Kafe pila hartzen dut: adiktoa naiz!”. Musikaz "off the record" hitz egin dugu, eta Sade gustuko duela aitortu digu. “Denetik entzuten dut”. Mutil irribarretsua da, eta elkarrizketara erraz lotzen da. Badaki hitzez azaldu nahi duena azaltzen, hitz egiterakoan pentsatzeko isiluneak egin arren. Kazetariaren eta elkarrizketatuaren arteko solasaldia baino zer edo zer gehiago ematen du: erraz lortzen da lasaitasuna berarekin].

Gaia pixka bat aldatuta, irudipena dut zuri ezetz esatea asko kostatzen zaizula; hamaika diskotan parte hartu duzu, kantak egin dituzu halako edo honelako ekimenentzat...

Kar, kar… Ezetz esaten jakitea garrantzitsua da, bai. Hala ere, azken urtean behin baino gehiagotan esan dut ezetz. Gogoan dut hasieran nik ere ilusioa sentitzen nuela hau edo beste hura gure diskora gonbidatzeko, eta horregatik, talde hasi berrien jarrera ulertzen dut; oso egoista nintzateke, ulertuko ez banu. Baina egia da ezin dudala disko guztietan izan. Beraz, une bat iristen da non ezetz esan behar duzun. Eta hori, noski, ikasi egiten da.

Aipatutako proiektu horietako bat Katamalo da; literatura eta musika uztartzea interesatzen zaizu?

Gero eta gehiago irakurtzen dut; asko erakartzen nau mundu horrek. Katamalo poesia eta musika nola lotzen diren ikasteko modu ona da.

Dena dela, zuk hori egiten duzu hasieratik; zeure hitzetan asmo poetikoa nabari da, rock-ak poesia neurrian (eta ez gehiago, akaso) onartzen duela kontuan hartuz…

Baina gauzak esateko beste bideak bilatu behar dira. Gauzak asko errepikatzen ditugu. Hori da gaur egungo musikan aurkitzen dudan akats handienetako bat: ez daukagu letra onik. Askotan, gainera, errazagoa da letra on batekin kanta on bat izatea, eta ez alderantziz.

Agian, ez dago horretarako tradiziorik. Horren froga da Gorka Urbizuri hamaika diskotan kantatzea eskatzen zaiola, baina ez letrak egitea, horretan bost diskoko eskarmentua eduki arren…

Askotan nor bere estiloan oso preso egoten da. Nik uste dut Berri Txarrak nahiko talde irekia dela estilo aldetik, eta baita hitzen aldetik ere. Geure borroka nagusia aurreiritzien kontrakoa da. Egia da, era berean, guk ezin dugula ranchera-rik egin. Hor dago koxka: oreka bilatu beharra dago, baina aldi berean, bide berriak ikertu.

Katamalon parte hartzeak horrekin guztiarekin zerikusia du?

Musika akustiko pixka bat dastatzeko aukera ematen dit. Ezin baitut Berri-rekin hori egin. Dibertigarria da niretzat… Beste jende batekin elkartu, ibili, konpartitu… Horrek aberastu egiten duela uste dut. Nik horrelako gauzak asko miresten ditut, garai batean Ubeda anaiek egindakoa adibidez (Dana lanbrotute ikustot), eta banuen probatzeko gogoa. Katamalo ez da nire proiektua, Bihotz Bakartien Klubak sortu zuen, baina nik lau kanta egin ditut, eta emanaldi batzuk ere egingo ditugu, nahiz eta oso garbi dudan Berri dela nire ardatza.

Joko bat proposatuko dizut: zure hitzak erabilita egingo dizkizut galderak, esaldiak testuingurutik aterata.

[Irribarre egin du] Ados!

“Gure gezur propioak sinetsi ditugu, besteen gezurrekin aspertuta”.

Horrelako galderak latzak dira! Bai, tira... Gero eta argiago dut mundu guztiak duela arrazoi pixka bat. Gero eta galdera gehiago sartzen ditut kantetan, eta uste dut etorkizunean horrela izango dela. Ez dakit esaldia anbiguoa ote den… Nire ustez, denok sentitzen dugu hori tarteka: besteak ere baduela arrazoi pixka bat eta errespetatu egin behar dela, alegia.

“Zergatik konformatu eskaintzen digutena gutxiegi bada”?

Ez gara sekula asetuko! Kar, kar… Zor zaiguna lortu arte jarraitu beharko dugu, amorruz. Ez gaude hemen denbora pasatzeko, zerbaiten bila goaz. Nekagarria da errepikatzen ibiltzea, eta horregatik saiatu behar dugu gauzak beste modu batez esaten, beste formula batzuk bilatuta. Batzuetan, gauzak esateko modu batzuk entzuten ditudanean, haserretu egiten naiz… eskatutakoa zilegia izan arren. Uste dut ez zaidala niri bakarrik gertatzen. Hala ere, burugogor izan behar bada, burugogor izango gara. Ezin dugu garenaz lotsatzen ibili.

“Herri batzuek beste herri batzuen historia ikasten dute, eta herri batzuek beste herri batzuen historia idatzi ere bai”.

Kanpora ateratzen garenean askotan sentitzen dugu ezintasun hori: “Nongoa zara?”. “Euskal Herrikoa”. “Zer da hori? Hori ez al da…?”. “Bada, teorian bai, baina niretzat ez”, eta abar. Euskaldunok beti daramagu zama hori. Nahi gabe, kanpora ateratzen garenean, enbaxadore bilakatzen gara. Nik, batzuetan, nahikoa dut nire burua defenditzearekin, baina… Egia da kultura baten parte garela eta saiatzen garela nondik gatozen azaltzen. Eta gero, Nafarroako kontua dugu, batik bat estatuan: “Nafarroakoak, eta euskaraz!”… Herrigintzan ibiltzen gara beti.

“Bizi bat daramagu beste bizi baten bila”?

Eta horrela joaten zaigu bizitza! Lotuta dago dena. Ez gara asetzen, ez dagoelako agian asetzeko arrazoirik. Batzuetan, ordea, konturatzen zara bizitza osoan ibili zarela hau aldatu nahian. Baina, bitartean, gozatu egin al dugu? Horiek sentimendu unibertsalak dira, nahi baduzu, baina ia denok pentsatu dugu
hori: Nora goaz? Aurrera goaz? Baina tira… segi horretan!
“
Batzuk mila kilometrora bihotzetik gertu, beste batzuk, bertan bizita, horren urrun”.

Kanta hori presoen sakabanaketa salatzeko idatzitakoa da, baina beste gauza askori buruzkoa ere izan daiteke. Batzuk urrun egon gaitezke edo lau hormen artean, baina isolamendu hori gainditu egin daiteke; elkartasunaren bidez, esaterako. Beste batzuk bizilagunengandik urrun bizi gaitezke. Eta hori gero eta nabarmenagoa da: Navarra eta Nafarroa, Iruñea eta Pamplona, Vitoria eta Gasteiz. Ez omen gara elkarrekin bizi, eta hori, oharkabean pasatzen bada ere, oso gogorra da. Elkarrizketa hau, adibidez, ez digute Iruñeko hedabide batean egingo, ez bada Euskal Herrira begira dagoen hedabide batean. Gu, berez, Nafarroako taldea gara, baina komunikabide ofizialetatik kanpora bizi gara. Partzialak guztiok gara, baina batzuetan itsuarena oso modu deigarrian egiten dute.

“Pare bat akorde, melodia urdin bat”. Hauxe da besteongatik egin duzuna?

Kar, kar…  Musika da gure adierazpidea, eta gutxienez, badago publiko bat gu entzuteko prest… Beste norbaiten bizitzaren parte izatera pasatu zarela sentitzen duzu, edo jendeak zeure kantak oroitzapen edota sentipen jakin batekin lotzen dituela. Musikaren funtsa hori da, nire ustez, eta lortu dugula esan daiteke. Talde moduan gertatu zaigun gauzarik handiena horixe da.

Gorka Urbizuren kuttunak



Literatura: Raymond Carver. “Ezin dut liburu bakarra aipatu: dena irentsi dut! Ez nuen ezagutzen, eta duela bi urte deskubritu nuen. Zeharo harrituta utzi ninduen. Inkomunikazioa zer den, adibidez, berak oso ondo islatzen du”.
Literatura: Poesia. “Euskal Herriko poesia asko irakurri dut. Jose Luis Otamendiren azkena irakurri dut (oraindik argitaratu gabe zegoen irakurri nuenean), eta asko gustatu zait. Askotan aipatzen den beste bat Sarrionandia da, baina ezin dut bat aipatu gabe utzi: Hnuy illa nyha majah yahoo. Maiz irakurri dut, eta beti aurkitu diot zerbait berria”.
Musika: Avett Brothers. “Hiru tipo dira: banjoa, gitarra eta kontrabaxua. Besterik ez. Horrelako musika asko entzuten ari naiz, eta ikaragarri gustatzen zait. Nire "puntalak" beste batzuk dira, noski (Nirvana, Weezer, eta abar), baina tira…”.
Zinema: Leon de Aranoa. “Berak egindako ia dena gustatzen zait, baina batik bat, Los lunes al sol”.
Zinema: Pulp Fiction. “Lehengoan ikusi nuen, enegarren aldiz, eta beti bezala flipatu nuen”.
Komikia. Alvarez Rabo. “Komikia pila bat gustatzen zait, eta bat esateagatik, Alvarez Rabo esango dut; bere sarkasmoa asko gustatzen zait. Beste bat ezezagunagoa aipatzeagatik, Rocky aipatuko dut, Kellerman izeneko komikigilearena. Erosle amorratua naiz”.