Gorka Gamarra: "Kreolerak Gineako kulturak batu zituen independentziaren aldeko borrokan"

Gorka Gamarra: "Kreolerak Gineako kulturak batu zituen independentziaren aldeko borrokan" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gorka-gamarra-quotkreolerak-gineako-kulturak-batu-zituen-independentziaren-aldeko-borrokanquot/@@download/image/gorka_gamarra_0_1423832285.jpg
2015/02/13
elkarrizketa
Saioa Baleztena @SaioB
Bartzelonako euskal Zinemaldiak aurrea darrai eta gaur arratsaldean aurkeztuko dute Gorka Gamarraren ‘Lantanda’ dokumentala. Zuzendaria lau urtez bizitu da Ginea Bissaun, eta bertako kultura aberastasuna ekarri nahi izan du pantaila handira. Harekin izan gara dokumentalaren inguruan solasean.


Guinea Bissaun errodatu duzu dokumentala. Noiz eta nola sortu zitzaidun ideia?

Dokumentalaren ideia 2012an sortu zitzaidan eta gidoiaren gainean lanean urte bereko abuztuan hasi nintzen. Ginea Bissaura iristen den edonorentzat berez hizkuntza ofizial bakarra dago: portugesa. Baina bertako jendearekin murgilduta, kreolera da gehien erabiltzen den hizkuntza. Bisitariak gutxi behar du Guinea Bissauk 30 kultura eta hizkuntza dituela ikusteko.

Hainbeste hizkuntza badaude zergatik aukeratu duzue kreoleraren inguruko dokumentala egitea?

Kreolerak Ginea Bissauko kultura desberdinak batu zituelako independentziaren aldeko borrokan murgilduta zeudenean.

Oker ez banago bertan bizi izan zara zu. Errodajeak zenbat denbora hartu zuen?

Lau urtez bizitu naiz Ginea Bissaun. Errodajeak aldiz, 25 egun hartu zituen. Egia esan, asko harritu nintzen Juantxo beloki –argazki zuzendaria– eta Jone Novo –soinu teknikaria– herrialdera egokitu ziren azkartasunarekin. Hala ere errodajea gogorra izan zen, bero izugarria ari zuen, eta gainera, boterean batzar militarra zegoen eta hainbat elkarrizketa egiteko zailtasunak izan genituen. Zorionez 2014an hauteskundeak egon ziren eta badirudi normaltasunera itzuli direla.

Zein izan zen, dokumentalean azaltzen diren protagonistak aukeratzeko erabili zenuen irizpidea?

Herrialdearen hiru momentu historiko desberdin azaldu nahi izan ditugu bertako musika eta literaturaren inguruko hainbat partaidekin. Lehena 50ko hamarkadatik 1973ra bitartekoa da, independentziaren eta askatasunaren aldeko borrokarena. Bigarrena, 1973tik 1998ra, eta azkena, gaurkotasuna.

Zein izan zen bertakoek kamaren aurrean izan zuten erantzuna?

Azkenaldian Ginea Bissau nazioartean estatu kolpeen eta droga-trafikoaren harira ezagutu izan dugu. Bertako gizartearen ikuspuntutik, eta zer esanik ez, dokumentalean parte hartzen duten intelektualentzat egoera erabat bidegabekoa zen. Horregatik, kreoleraren harira, Guinea Bissauko kultura aberastasunaren inguruko dokumentala egin nahi genuela azaldu genienean pozik hartu zuten

Donostiako Zinemaldian aurkeztu zenuen eta gaur Bartzelonakoan izango zara. Zenbaterainoko garrantia du honek zuretzat, zuzendari gisa?

Zinemagintzan lan egiten duen edonork badaki gure lanari ikusgarritasuna emateko maiz izaten ditugun zailtasunak. Horregatik, Donostiako Zinemaldiaren eta Bartzelonako Euskal Etxeak orain eman digun aukera funtsezkoa izan da. Baina ez hori bakarrik, zinema jaialdiek dokumentalak zineman ikusteko aukera ematen dute, eta etorkizunerako babes garrantzitsua da.  Esker on hitzak ditut bakarrik.

LANTANDA Trailer from ATERA FILMS on Vimeo.