Gomendioa: "Workin' Moms"

Gomendioa: "Workin' Moms" Amatasuna ez da perfektua, alderantziz; kaos perfektu bat izan daiteke. Bizitza bezala. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gomendioa-workin-moms/@@download/image/wm.jpg
2021/01/22
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Amatasuna ez da perfektua, alderantziz; kaos perfektu bat izan daiteke. Bizitza bezala.
Gomendioa: "Workin' Moms"

Telesail kanadiar hau deskubritu dudanetik onartu beharra daukat amatasuna askoz modu lasai eta askeagoan bizitzeko prest sentitzen dudala nire burua; eskerrik asko, Catherine Reitman! Emakume paregabe honek zuzendu eta ekoitzitako Workin' Moms telesailaren lau denboraldiak eskuragarri dituzue Netflixen; Reitman bera dugu telesaileko protagonista bikaina, beste hainbat emakumerekin batera. Telesaila 2017an estreinatu zen Kanadan, eta Netflixera salto egin duenetik arrakasta biderkatu du, bosgarren denboraldia estreinatzeko zorian dagoelarik.

Ama izan ala ez (eta adi, aitentzat ere oso gomendagarria baita), telesail honek eguna alaituko dizu dudarik gabe; kapitulu motzak dira, umore nahiko basati eta naturalarekin osatutakoak, amatasuna eta lana erdigunean jarririk. Nolakoa da ama izatea zure lanbidea zure pasiorik sutsuena denean? Edota ama izan ondoren erditu ondorengo depresioa sufritzen duzunean? Amatasuna uste zenuen amets ideal hori bilakatzen ez denean? Edota haurdunaldia desiratzeari uzten diozunean?

Telesail honek emakumeek egunero bizi dituzten egoera konplikatu horiek umore bortitz eta aldi berean errealistarekin artatzen ditu, beste hainbat gairekin batera, hala nola, bikote arazoak, haur nerabeak, drogak, desioak, fideltasuna, abortua... bada bai, abortua ikuspegi komiko batetik ere landu daitekeela irakasten digu telesail honek.

Eta zer esan telesail honetako protagonistez? Bertan erretratatutako emakumeak ez dira inola ere ez perfektuak, eta gutxiago ere ama eredugarriak (terminorik zaharkituenean). Bizitza errealean bezala, ahal dutena egiten dute, haien identitatea eta nortasuna alboratu gabe; zeren, horixe da nire ustez telesail honen bikaintasun handiena, emakume horiek ama bihurtzerakoan ez direla soilik ama etiketarekin gelditzen, hori baino askoz ere gehiago dira.