[Gomendioa] Weezer - "Weezer" (White Album)

[Gomendioa] Weezer - "Weezer" (White Album) Oraindik udaberria izan arren, eguraldiak jada erabaki du udan sartu nahi duela. Hori dela eta Weezer taldearen disko hau entzuteko unea iritsi da. Izan ere, abesti sorta hauek uda giroa ederki islatzen duen pop lan sinple bezain bikaina osatzen dute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gomendioa-weezer-weezer-white-album/@@download/image/weezer-weezer-white-album-2.jpg
2020/06/02

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Oraindik udaberria izan arren, eguraldiak jada erabaki du udan sartu nahi duela. Hori dela eta Weezer taldearen disko hau entzuteko unea iritsi da. Izan ere, abesti sorta hauek uda giroa ederki islatzen duen pop lan sinple bezain bikaina osatzen dute.
[Gomendioa] Weezer - "Weezer" (White Album)

Weezer-en ahalmen edo madarikazio handiena diskorik borobilena egiteko gai diren bezain beste direla gai diskorik aldrebesena egiteko. Hain justu, disko borobil honen ondoren hainbat lan trakets argitaratu dituzte (ez entzun Black album faborez), baina noizean behin horrelako altxorrak eskaintzen dizkigutenez, merezi du taldeak egiten duenaz adi egotea.

Rivers Cuomo eta konpainiak hain ondo egiten dakiten power pop-era itzuli ziren taldearen izen bereko lan honetan. Lehen abestitik argi geratzen da bertan zer aurkituko duen entzuleak. California Kids bikaina old school estiloko abestitzarra horren adibideetako bat da. Soinu freskoa du, erraz sartzen da, baina horrelako abesti borobilak egitea ez da dirudiena bezain erraza, Cuomo berak badaki zerbait horretaz, eta bertan datza lan honen meritua.

Baina disko honetan asmatu zuten. Horrela, abesti horren jarraian datoz udako hit-ak izateko pentsatuak dauden beste abesti guztiak ere: Thank God for Girls, Do You Wanna Get High?, King of the World, L.A. Girlz... eguzki printzak musika eginak melodia bikainak nagusi diren lan honetan. 

Oro har, nerabezaroko inozentzia islatzen badu ere, badago ironiarako lekua ere Kaliforniako bizitza narratzen duen disko honetan. Hondartzak eta terrazak itxiko dizkigute beharbada, baina musikak salbatuko gaitu.