[GOMENDIOA] UDAN ENTZUTEKO HAMAR DISKO

[GOMENDIOA] UDAN ENTZUTEKO HAMAR DISKO Ez dakit zuk, baina nik udan melodia argitsuagoak nahiago izaten ditut, egunerokotasunaren espiralak sortutako erritmoa moteltzen lagundu eta barneko zarataren bolumena jaisten didaten disko eta abestiak, hain zuzen. Hona hemen nire disko horietako batzuk, udan zehar zer entzun ez dakizula gelditzen zarenerako. Ez horregatik. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gomendioa-udan-entzuteko-hamar-disko/@@download/image/F4F981B9-F09C-48A4-A37D-75B2E55E51D6.JPG
2021/07/15

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Ez dakit zuk, baina nik udan melodia argitsuagoak nahiago izaten ditut, egunerokotasunaren espiralak sortutako erritmoa moteltzen lagundu eta barneko zarataren bolumena jaisten didaten disko eta abestiak, hain zuzen. Hona hemen nire disko horietako batzuk, udan zehar zer entzun ez dakizula gelditzen zarenerako. Ez horregatik.
[GOMENDIOA] UDAN ENTZUTEKO HAMAR DISKO

Weezer - "Weezer" (white album)
Abesti sorta hauek uda giroa ederki islatzen duen pop lan sinple bezain bikaina osatzen dute. Rivers Cuomo eta konpainiak hain ondo egiten dakiten power pop-era itzuli ziren taldearen izen bereko lan honetan. Lehen abestitik argi geratzen da bertan zer aurkituko duen entzuleak. California Kids bikaina, old school estiloko abestitzarra, horren adibideetako bat da. Soinu freskoa du, erraz sartzen da, baina horrelako abesti borobilak egitea ez da dirudiena bezain erraza, Cuomo berak badaki zerbait horretaz, eta bertan datza lan honen meritua.

girl in red- if I could make it go quiet
Taylor Swift-ek bere fana dela aitortu du eta LGTBI komunitateak begi onez hartu du. Maria Ulven, girl in red, 22 urteko gaztea norvegiarra da, eta bere belaunaldiko pop izar handietako bat bilakatu liteke. Ulven-en musikak asko du bere zalea den Taylor Swift-etik, baina baita Billie Eilish-en beats deserosoetatik ere, edota indie rock estiloko melodia argitsuetatik. Hain da horrela, ezen girl in read Billie Eilish-en bertsio argitsuago bat izan liteken nolabait. Izan ere, Finneas O’Connell, Eilish-en anaiak, ekoiztu dio girl in red-i Serotonin singlea. Sekulako abestitzarra, portzierto. Gaztearen musikak naturaltasuna eta mainstream-aren arteko oreka modu ia matematikoan mantentzen du, kutsu alternatibo bat eskainiz abesti guztiei. Gainera, depresioa eta, oro har, osasun mentalaren inguruko gaiak naturaltasunez jorratzen ditu, beti ere itxaropen izpi batekin. Bere kantuak errusiar mendi emozional baten laburdura dira eta belaunaldi oso bat identifikatua sentitu liteke. 

Daft Punk - Random Access Memories
Frantziar bikoteak disko honekin zerua ukitu zuten eta Get Lucky abesti itsaskorrak munduari buelta eman zion guztiok dantzan jarriz. Disko honetan ordea, beste hainbat abesti bikain ezkutatzen dira. Aipatu gabe doa diskoak duen ekoizpen lan bikaina ere. Denbora pasa ahala hazten, sekula ez ahazten, den disko horietako bat da. Daitort argitaratu zenean ez niola kasu gehiegirik egin, baina egun nire disko kuttunenen artean dago merezimendu osoz. Bikotearen oinarrietara itzultze bat izan zela esango nuke, nondik datozen ez ahazteko oroigarri bat. Orain, bikote musikalaren banantzearen berri izan dudan honetan, diskoa berriz berreskuratu dut eta entzuten nabilen bitartean esandako guztia berresten dut: a zer diskotzarra! 

Physis Versus Nomos - Arraro nioenean
Physis Versus Nomos Beñat Antxustegiren proiektu ezin intimoagoa da. Oraingo disko honetan, lehengo aldiz, atzean talde bat izan badu ere grabatzerako orduan, proiektuak ezin pertsonalago, eta horrenbestez, ezin unibertsalagoa izaten jarraitzen du. Harribitxia. Izarkia abestian jada argi uzten du diskoaren mezu nagusia izango dena: Lasai bizi, ez dago ezer gehiago. Pandemia garai ezegonkor honetan mezu positibo, baina ez horregatik txepelen, beharretan bazabiltza hauxe da zure diskoa. Gauza txikien aldarria baita Arraro Nioenean, xumetasunaren ereserkia. Amestearen ardura ez galtzearen garrantzia azpimarratu nahi horretan sortu direla abestiak dirudi.

 

Phosphorescent - Muchacho 
Goizean kafe katilu bat dastatzen ari zara, udako eguzki izpiak apurka-apurka gela argitzen duten bitartean eta momentu horrek hasiera berri baten sentsazioa eskaintzen dizu, orri zuri bat balitz bezala. Bada Phosphorescent-en Muchacho diskoa gehitzen badiozu ekuazio horri, ziur dena are hobeto joango dela. Sun, Arise! (An Invocation) eguzkiari ongi etorria da, modu ezin epikoagoan, esan nahiko baligu bezala istant honetatik aurrera guztia hobetuko dela, berriz hasi gaitezkeela. Testua irakurtzen jarraitu aurretik mesedez entzun abestia, hitzek ezin baitute helarazi behar bezala kantu honek bere baitan duen baretasuna. Udako argi urrearekin gozatzen baduzu diskoa esperientzia are eta gogoangarriagoa izango da; eta gainera letrei erreparatzen badiezu, argia eta ilunaren arteko konbinaketa paregabea osatuko dute letra lazgarriek eta musika argitsuak. Gauzak datozen bezala hartu eta aurrera egitea gogorarazten digun mantra bikaina da lan hau. 

The Format - Dogs Problems
Dogs Problems
goxoki bat da ahoan letra larriz idatzitako popa gustuko dutenentzat. Hasiera batean dirudiena baino soinu sofistikatuagoa du; bertan entzun daitezke tronboiak, tronpetak, biolinak eta bestelakoak, pop diskoetan aurkitu daitezkeen gitarra eta piano jostalariekin batera. Armoniak xarmagarriak dira, eta leloak nahi gabe ere abestekoak. Horien artean dago Time Bomb kantua, behin buruan sartuta txikle bat ilean baino gehiago kostatzen dena gainetik kentzen. Batzuetan aurkitzen diren detaileak gehiegizkoak suertatu badaitezke ere, orokorrean ugaritasun horrek ase beharrean gehiagorako gogoarekin uzten du entzulea. Izan ere, abesti arinak dira entzuteko, baina ez txepelak, zintzotasun artistikoa eta helburu komertzialen arteko oreka ederki mantenduz.

Lorde - Melodrama
Etxean egindako festa bat inspirazio bezala hartuz, Zeelanda Berrikoak maitemintzeaz eta desamodioaz hitz egiten digu disko honetan, barne bidaia ezin ederragoan. Alta, batez ere gaztetasunaz hitz egiten digu, nerabezaroko beldurrez eta kezkez, baina baita berriz itzuliko ez den etapa hori bizitzeaz ere. Batzuek entzun eta berehala pentsatuko duzue pop itsaskorra besterik ez dela, horrenbeste aldiz errepikatutako formulak kopiatzen dituen beste gaztetxo bat. Aurreiritziak apur batez eranzteko gai bazara, ordea, detaile txikiz osatutako lan erraldoia topatuko duzu eta zure harridurarako pop itsaskorrak ere hunkitu zaitzakeela ohartuko zara.

Rhye - Woman
Zaila da Rhye-ren musika eta sentsualitatea bereiztea. Euren Woman diskoa da beharbada horren adibiderik garbiena, taldearen debuta izateaz gain, euren estiloa hobekien islatzen duen abesti borobilez josita baitago. Tempo pausatuak, gitarra isilak eta proiektu guztiaren oinarria den ahots androgino iradokitzaile eta limurtzailea. Sentsuala da bai Rhye-ren musika, baina ez esplizitua. Sexuari buruzko erreferentziez gainezka dagoen gizartean, non gorputzaren gehiegizko kultua dagoen, Rhye oasi bat da. Mike Milosh-ek ez du agintzen, iradokitu egiten du. Entzulea ez du inozotzat hartzen eta guztia xehatuta eman beharrean, bere mezua zolitasunez zabaltzen du, ulertu baino, zentzumenekin gozatzen diren erritmoak sortuz. Rhye-ren musika iruditan jarri behar balitz, plano motelez betetako zuri beltzeko pelikula dotore bat litzateke. Mundu gero eta hotzago honetan “Open” bezalako kantuak erre gabe berotzen duten eguzki izpiak dira.
 

Balmorhea - Clear Language
Musikaren bidez adierazi al daiteke isiltasuna? Austineko Balmorhea ("bal-mə-ray" ahozkatuta) talde instrumentalak baiezkoa erantzungo luke. Sei musikari eta hamaika instrumentuk osatutako taldea 2007tik dabil edertasuna musika gisa sortzen. Taldearen influentziak anitzak dira, Max Richter, John Cage edo Beethoven-etik hasi eta egungo talde post-instrumentaletaraino. Distortsioa kendu eta muina besterik gelditu ez zaion Mogwai-ak izan litezke, eskoziarren baimenarekin. Egia da taldeak ez duela ezer berririk asmatu, besterik gabe argiak berekin dakartzan itzalen ahaztutako angeluak erreproduzitzera mugatzen da. Euren musika egun eguzkitsu bat da zuhaitz baten itzal freskotik behatua. Tanpez, sentitzen duzu ez duzula pantailadun ezer behar, Texasekoen musikan dagoela bizitzan benetan axola duen guztia.

White Reaper - You Deserve Love
Gitarra itsaskorrak, rockaren garaia izartsua gogorarazten duen nostalgiadun abesti freskoak eta pop espiritua. Disko honetan ez dago inoiz entzun ez duzun ezer berririk, ez eta itxurakeriarik, ez tranparik, besterik gabe power popeko abesti argitsuak daude , gidatzen ari zarela edo harrikoa egiten, alai ahopeka kantatzeko. Zaila da abesti bat nabarmentzea horrenbeste abestitzarren artean, baina aitortu behar dut Headwind kantuaren leloa liluragarria dela. Tony Espositoren ahots melenga bezain adarjotzailea ederki moldatzen da Thin Lizzy gogorarazten duten gitarren gainean dantzan. Erraz entzungo duzu diskoa, hori bai, ondoren bere melodiak ez dituzu horren erraz burutik aldenduko.