[Gomendioa] Standstill - "Adelante Bonaparte": "Resistiré" alternatiboa
![[Gomendioa] Standstill - "Adelante Bonaparte": "Resistiré" alternatiboa [Gomendioa] Standstill - "Adelante Bonaparte": "Resistiré" alternatiboa](https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gomendioa-standstill-adelante-bonaparte-resistire-alternatiboa/@@images/f05cfc8d-7fc2-4d54-95c8-b3a036b87ca9.jpeg)
Vivalaguerra lan bikaina hain kuttuna dudanez, onartzen dut argitaratu zenean (2010) ez zitzaidala horrenbesterainokoa iruditu. Baina ardo onaren moduan hobetzen doan taldea da Standstill, eta denborarekin, disko honengana taldearen beste lanetara baino gehiagotan itzuli naizela ohartu naiz.
Denborarekin ontzen diren lan hauek dira hain zuzen, norbere bizitzaren soinu banda bihurtzen direnak. Adelante Bonaparte apaltasunetik sortzen den asmo handiko lana da. Lan kontzeptuala da: 20 abesti hiru EP-tan banatzen dira. Abesti horietan denetarik aurki daiteke, lelo itxaropentsu eta itsasgarriak, kantu esperimentalagoak, interludioak eta baita pasarte instrumentalak ere.
Hasiera batean Cuando ella toca el piano bezalako letrak txepelak iruditu dakizkizuke, baina zintzotasunez entzuten baldin baduzu berehala ohartuko zara obra honek hunkiberatasun izugarrizkoa duela, zerbait benetakoa eta zintzoa dela. Gustatzen ez bazaizu ere hori ukaezina dela iruditzen zait.
Enric Montefusco, fake news eta itxurakeriaren garaian, artista berezia baita, erraietatik sortzen duelako musika, kanpoko iritziak kontuan hartu gabe. Alta, bere musikak unibertsaltasun erabatekoa du, guztion ezinegon eta kezkak abesti bihurtzen onena baita, egunerokotasun arrunta goraipatuz. Adelante Bonaparte lanaren kasuan Bonaparte deitutako pertsonaiaren bizitza kontatzen du diskoak, bere haurtzarotik hasi eta helduarora arte. Diskoa heriotza batekin hasten da (Todos de pie (prefacio)) eta jaiotza bat narratzen du lanaren azken abestiak (Canción sin fin (epílogo)). Diskoa desperazio eta itxaropenaren balantza bat bailitzan irudikatzen dut nik, non azkenean itxaropena garaile ateratzen den.
Diskoko hitz bakoitza aurretik ondo hausnartuta dago, melodia bakoitzak zentzua du, guztia kontatu nahi denaren mesedetan. Diskoa osotasunean entzun beharra dago erabat ulertzeko, abesti solteek ez dute zentzurik, batzuk bere horretan bikainak diren arren: La familia inventada, Moriréis todos los jóvenes, Adelante Bonaparte II... Azken honek duen mezua bizi dugun garai ilun hauetan argi bizigarri bihurtzen da gainera: Me voy a inventar un plan para escapar hacia delante (plan bat asmatuko dut aurrera ihes egiteko).
Hala ere, diskoko esaldi batekin laburtu beharko banu lana, El Resplandor abestikoa aukeratuko nuke: La suerte de poder bajar la guardia, el arte de saber con quién (guardia jaisteko zortea, zeinekin jakitearen artea). Izan ere, disko hau horixe da, gune seguru bat negar egiteko, oihuka abesteko, hunkitzeko, gogoratzeko, maite gaituztenak eskertzeko edo dugun zorteaz ohartzeko. Itxaropenaren melodiak garai ezegonkorretarako.
Post-data: Aipatu lan hau crowfunding bidez argitaratua izan zela, zaleok eman genuen diruaren bitartez. Hori eskertzeko edo, etxera iritsi zitzaidan diskoak eskuz egindako kutxatxo batean zeuden, oraindik lekeda usain bizia zuelarik. Oroitzen dut nolako ilusioz ireki nuen, munduko altxorrik preziatuena balitz bezala. Ohartu naiz denborarekin ez nebilela erratua, harribitxi bat da dudarik gabe.