Gezurren atzean ezkutatzen dena

Gezurren atzean ezkutatzen dena https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gezurren-atzean-ezkutatzen-dena/@@download/image/sexuak_gezurrak_1378717739.jpg
2013/09/09
erreportajea
Testua: Maider Jerico. Bitxigorria.
Gezurren atzean ezkutatzen dena
Bikote baten baitan gehien baloratzen dugun ezaugarriaz galdetuta, askok "zintzotasuna" erantzun ohi dute, gezurrak harremanaren etsai handi bihur baitaitezke. Izan ere, neska- edo mutil-lagunari gezurrak esateko beharrak konfiantza falta adieraz dezake.


Baina, nola jakin bikotekidea egia esaten ari ote zaigun? Gezurrak komunikazio ez berbalaren bidez antzeman daitezke, beraz, hainbat keinu interpretatzen jakitea lagungarria izan daiteke. Mikro-espresioez ari gara, emozio jakin bati lotutako aurpegi-espresio orokorra osatzen duten keinu txikiez. Segundu bakar batzuk irauten duten keinuak dira, automatikoak, eta emozio bat benetakoa den ala ez bereizteko pista izan daitezke. Esate baterako, "gogoko al dituzu nire lagunak?" galderari irribarre batekin erantzuten badio kideak, baina masailak igo gabe egiten badu irribarre, faltsua da.

Begiradak ere argigarriak izan daitezke. "Norekin egon zinen aurreko asteburuan?" Jar dezagun arreta bere begietan. Orokorrean, zerbait gogoratzen saiatzen garenean, ezkerretara begiratzen dugu eta, beraz, kasu horretan, benetako oroitzapena litzateke. Eskuinaldera begiratzea, aldiz, zerbait asmatu edo imajinatzearen adierazlea da. Era berean, ohikoa da gezurretan ari garela begirada jaistea, deseroso gaudenaren seinale. Hala ere, ez pentsa kontrakoa, begietara begiratzea alegia, egiaren adierazle denik beti. Gezurti batek begietara begira dezake, besterik gabe, besteak sinetsi ote dion jakiteko.

Aipatutako keinu horiek guztiak gezurra ezkutatzeko modu instintiboak dira, baina badira gehiago ere: ahoa estaltzea, sudurra ukitzea edo sudurrean hatz egitea, begia igurztea, belarria ukitzea edota hatzak ahora eramatea. Badira, bestalde, gezurra esatea saihestu nahi dugunean egiten ditugunak: ezpainak estutu, bekokia zimurtu, totelka hitz egin, lepoan hatz egin, beste zerbait egin arreta besteratzeko edota lanpentu plantak egiten.

Informazio gehiago ere bai
Baina gezurrak eta egiak bereizteko ez ezik, komunikazio ez berbala bestelako informazioa eskuratzeko ere lagungarria da. Esate baterako, familia bazkariak istilu iturri izan ohi dira, ezta? Orduan, nola jakin dezakegu gure bikotekidea benetan gustura dagoen ala ospa egiteko garaia heldu den? Buruaren pisu osoa esku gainean jarri badu, aspertuta dago; hatzekin mahai gainean kolpe txikiak emateak, aldiz, ezinegona adierazten du. Eskua masailean edo kokotsean jarrita buruari eusten badio, interesatuta dagoenaren seinale; hatz erakusleak goraka apuntatzen badu, interesa handia da, baina beheraka apuntatzen badu edo hatz lodiak kokotsa eusten badu, pentsamendu negatiboak edo kritikoak darabiltza buruan.

Era berean, gure bikoteak atsegin ez zaigun zerbait edo mindu gaituen zerbait egin baldin badu, bere keinuei erreparatuta jakin ahal izango dugu nola sentitzen den. Adibidez: "Barkatu, afaltzeko erreserba egitea ahaztu zait!" Hori esanda kopetan zaplazteko txikiak ematen badizkio bere buruari, bai, bere burua zigortzen ari da, baina ez du beldurrik adierazten. Bestalde, keinu hori egitearekin batera barkamena eskatzen badu, segur aski ez zaio gehiegi axola erreserba egitea ahaztu izana. Aldiz, zaplastekoa garondoan bada, edota garondoa laztantzen badu, lotsa edo ardura adierazten ari da, benetan damututa dagoelako.

Komunikazio ez berbala interpretatzen ikastearen helburua ez da detektibe bilakatuta gure bikotekidea gezurretan harrapatzea. Aitzitik, bera hobeto ezagutzea da kontua. Horrenbestez, ez gaitezen gezurrak detektatzera mugatu eta saia gaitezen gezur horien atzean egon daitekeena ikusten, ulertzen eta kudeatzen bikote harremana hobetzeko.

Aguakate eta izokin ketu pintxoa



Testua: Carlos J. Lahoz

Osagaiak:
Ogia, aguakate bat, tomate bat, izokin ketu zati bat, bi otarrainxka egosi, maionesa goilara bat, oliba olioa eta gatza.

Nola prestatu:
Ketutako izokina txiki-txiki moztu eta maionesarekin nahastu. Bestalde, bi ogi xerra txigortu eta tomatea igurtzi bertan. Oliba olioz zipriztindu, gatza bota eta aguakate xerra batzuk gehitu. Azkenik, gainean, izokin eta maionesa nahasketa jarri, eta otarrainxka batekin borobildu pintxoa.

Iradokizuna:
Aguakate hitzaren jatorri etimologikoak badu bere txispa. Mexikon eta Ertamerikan hitz egiten den Nahuatl hizkuntzako ahuacatln hitzetik dator, eta barrabilen eufemismo bat da; hau da, barrabilak izendatzeko erabiltzen den termino ‘politikoki zuzena’ da. Hortaz, pintxo hau jateko ez dugunez mahai-tresnarik erabiliko eta isurtzeko joera duenez, berehala jakin ahal izango dugu parean duguna zenbateraino den zuhurra eta neurritsua.