Geuretik Sortuak: euskara hutsean egindako sormena Euskal Herriko bazterretara eramango duen ekimena

Geuretik Sortuak: euskara hutsean egindako sormena Euskal Herriko bazterretara eramango duen ekimena Udalbiltzak Geuretik Sortuak ekimena jarri du abian. 2021. urte osoa eta 2022aren lehen erdira arte luzatuko da kultur proiektu hau. Euskara hutsean sortutako literatura, antzerkigintza eta zinemagintza lehen lerroan jartzea du helburu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/geuretik-sortuak-euskara-hutsean-egindako-sormena-euskal-herriko-bazterretara-eramango-duen-ekimena/@@download/image/378228e8-9e3b-4de8-a2e4-978f93c4b13d.jpeg
2020/12/04

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Udalbiltzak Geuretik Sortuak ekimena jarri du abian. 2021. urte osoa eta 2022aren lehen erdira arte luzatuko da kultur proiektu hau. Euskara hutsean sortutako literatura, antzerkigintza eta zinemagintza lehen lerroan jartzea du helburu.
Geuretik Sortuak: euskara hutsean egindako sormena Euskal Herriko bazterretara eramango duen ekimena

Jabi Asurmendi Udalbiltzako lehendakariak asteazkenean egin zen aurkezpenean adierazi zuzen moduan: 2020an zehar luze eta zabal hausnartu dugu euskal kulturak egun bizi duen egoeraren inguruan, eta bertatik ondorioztatutakoak Udalbiltzatik zerbait egin behar genuela pentsatzera eraman gintuen. Izan ere, COVID-19ak eragindako pandemiak agerian utzi du zenbateraino diren beharrezkoak artea eta kultura gurean, gure herriaren kontakizun sentikorraren lekuko izan daitezen. Bada ordea lehentasuna behar duen beste egoera bat ere: euskara hutsean sortzen eta hedatzen den artea gero eta urriagoa dela. 

Hernaniko Kultura zinegotzi eta Udalbiltzako hautetsi den Koro Etxeberria, eta ezin hobe azaldu du euskaraz sortutako kulturaren zailtasuna zein den: Bi estaturen artean eta hiru administraziotan zatitua dagoen lurraldea izateak arazoak, zailtasunak eta oztopoak baino ez ditu suposatzen euskal kulturaren eta artearen sormena, garapena eta hedapena normaltasunez eta naturaltasunez bideratu ahal izaterako orduan.

Egoera horri buelta eman nahi dio Udalbiltzak Geuretik Sortuak proiektuarekin. Honela, 25-30 udalerri hautatu ditu Udalbiltzak lurraldetasun orekari eta tamaina aniztasunari erreparatuta, eta eurak izango dira proiektutik aterako diren sormen lanen laborategi eta agertoki. 

Hurrengo asteetan ekimenera herri gehiago batuko diren arren, ez da makala dagoeneko Geuretik Sortuak proiektuak bere gain duen udalerrien zerrenda: Durango, Usurbil, Oiartzun, Larrabetzu, Zuia, Artziniega, Oñati, Leitza, Lesaka, Bera, Lexantzu-Zünharre, Amasa-Villabona, Zestoa, Arrigorriaga, Zaldibia, Tafalla, Uztaritze, Etxarri-Aranatz, Bergara, Mendabia, Lodosa, Sartaguda eta Andosillak eman dute dagoeneko parte hartzeko baiezkoa.

Lau fasetan banatutako proiektua
Lehen fasea orain bertan gertatzen ari da, eta 2020ko irailean hasi eta abenduaren amaierara bitarte luzatuko da. Fase honetan herriekin elkarlanak bilatzen hasi da Udalbiltza, eta horretan ari da momentu honetan ere.

Bigarren fasean, kulturgileen deialdia eta horiek herriei esleitzea etorriko dira. Hori 2021eko lehen erdian gertatzea aurreikusten da. Deialdi publiko bat aterako du Udalbiltzak kulturgile horiek hautatu ahal izateko. Behin kulturgile bakoitza herri edo herri multzo bati esleitu zaionean, fase honetan ere, egonaldiak gauzatuko dira. Kulturgile bakoitzak hainbat aste igaroko ditu herri horretan, bere artelana sortzeko.

Hirugarren fasea hedapen fasea litzateke, eta 2021eko azken hiruhilekoan eta 2022ko lehen erdian burutuko da. Herri bakoitzean proiektu honen bitartez sortutako lan guztien emanaldiak eta aurkezpenak egingo dira, Euskal Herri osoan kultur zirkuitu bat sortuz. Honakoak dira aterako diren obrak: eleberri laburrekin egindako bilduma bat, 4 antzezlan inguru, eta sortutako film laburrak barnebiltzen dituen film luze bat. Eleberri laburren bilduma egingo duen argitaletxea, film luzearen muntatzailea eta antzerki obrak mugituko dituen areto-teknikaria kontratatzeko beste deialdi publiko bat egingo da fase honetan.

Azkenik, laugarren fasean helburuen betetze maila eta proiektuaren balorazioa egingo da, 2021 amaieran. Balorazio honek lagunduko dio Udalbiltzari hurrengo edizioaren diseinuan eta garapenean, etorkizunean Euskal Herriko herri gehiagotara iritsi ahal izateko, baita euskal kulturaren adierazpide gehiagotara ere.