Getxoko 'Iparra Galdu Gabe' festibalaren hamargarren edizioak abendura arte iraungo du

Getxoko 'Iparra Galdu Gabe' festibalaren hamargarren edizioak abendura arte iraungo du Odei, Frikun eta Anje Duhalderen kontzertuak, hitzaldiak eta haurrentzako ikuskizuna antolatu dituzte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/getxoko-iparra-galdu-gabe-festibala/@@download/image/argia-scaled.jpg
2022/10/20

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Argazki nagusia: Dani Blanco (Argia)

Odei, Frikun eta Anje Duhalderen kontzertuak, hitzaldiak eta haurrentzako ikuskizuna antolatu dituzte.
Getxoko 'Iparra Galdu Gabe' festibalaren hamargarren edizioak abendura arte iraungo du

Euskal Kultur Erakundeak eta Getxoko hainbat eragilek Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako hainbat artista eta eragileren parte-hartzea izaten duen Iparra Galdu Gabe festibala antolatzen dute, bi urtez behin. Jaialdi honen helburuak hauek dira: Iparraldeko ekoizpen artistikoen eta artisten zirkulazioa erraztea eta sustatzea, Getxoko herritarrei Iparraldeko baliabide kulturalak ezagutaraztea, eta Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko trukaketa artistikoak ugaltzea.

Hamargarren edizio honek abenduaren 3ra arte iraungo du. Patxi eta Konpainiaren emanaldia egin zuten urriaren 8an, eta gaur izango dute hurrengo hitzordua. Iparraldeko komunikabideen inguruan solasean arituko dira Kanaldude web telebistako Pantxika Maitia eta Euskal Irratietako Pepe Aizpuru, Unai Break aurkeztuta. Solasaldiaren ondoren garagardo dastaketa egingo dute. 

'Bekatorosak' liburu grafikoaren bueltako ekintzak Iruñean

Larunbatean Dom Campistronek Bekatorosak liburu ilustratuari buruzko solasaldia eskainiko du, eta igandean haurrei zuzendutako Maiteder ikuskizuna izango da. 

Hurrengo hiru ekitaldiak honako hauek izango dira: azaroaren 4an, Odei rap musikariak Terapia diskoa aurkeztuko du kontzertuan; azaroaren 5ean, Frikun taldeak joko du; eta abenduaren 3an, Anje Duhalderen kontzertua izango da.

Dom Campistronen irudia
Iparra Galdu Gabe zikloaren aurtengo irudia Baigorriko Dom Campistron marrazkilariak sortu du. “Ilustrazio honetan irudikatu ditut musika, dantza, literatura eta antzerkia. Bi artista queer ikusten dira, arte forma horiek guztiak nahasten dituzte emanaldi garaikide eta aitzindari baten osatzeko. Taulazko eszena zaharraren gainean dira, bertze artista anitz izan ziren bezala haiek aitzin. Badakite nondik etortzen den haien kultura eta nora eraman nahi duten. Ilustrazioaren gainean ipar izarra marraztu dut, erakusteko Iparraldera begiratzen dugula egun horietan", azaldu du egileak.