Gernikan mindutako txoriak

Gernikan mindutako txoriak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gernikan-mindutako-txoriak/@@download/image/42p41-1.jpg
2004/06/04
erreportajea
Teresa Sala
Gernikan mindutako txoriak
Oihane Enbeita eta Eneritz Artetxe gazte gernikarrek "Txoritxu bet dekot eskuetan" antzezlana sortu dute. Lana Gernikako bonbardaketaren ondoren emakumeek izandako sentimenduez mintzo da.

Gernika. Uda. 1937. urtea. Bonbardaketaren ondoren, Enara emakumeak ia hiru hilabete daramatza baserri zahar batean ezkutaturik. Euliei begira dago, ez baita erraza jazotakoa ahaztea. Horixe da "Txoritxu bet dekot eskuetan" antzezlanaren abiapuntua. Oihanek eta Eneritzek bonbardaketari buruz gogoeta egiten dute, emakumeari —"mindutako txoriari"— erreparatuta.

Bi gazte gernikarrek bonbardaketa bizi izandako emakumearen ikuspegia erretratatu nahi zuten. Eta erantzuteko hamaika galdera zuten: zer gertatu zen? Zelan bizi izan zuten herritarrek gertaera? Zein izan zen emakumearen rola? Zalantzak argitzeko, informazioa biltzeari ekin zioten: liburuak, grabazioak, bideoak, argazkiak, herriko emakumeekin egindako elkarrizketak…

Gazte zein helduentzat

Bonbardaketari buruz, gauza gehiegi dago esateko, Eneritzen eta Oihaneren ustez. Hala ere, Ohianek hitz bakarra eta gogorra nabarmendu du: "Bortxaketa. Gure amonak han zeuden, eta oraindik bizirik diren amona horietako baten begiradak dena gainditzen du. Isildutako gauza asko dago oraindik kontatzeko".

Egileak gazteak dira, eta esperimentazioari ekin diote: zuzeneko musika, bideo eta diapositiba emanaldia… Adin guztietako lagunak bildu nahi dituzte, ordea, gertaeraren beste ikuspegi bat izan dezaten: emakumeena.

Ez da antzezlan barregarria. Istorio tristea da, baina zahar zein gazte, denen arreta merezi du. Zure herrian ari badira, ez emanaldia galdu.