Gazteon aisia

Gazteon aisia https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2013/12/05
erreportajea
Ane Igoa. Toki Ona Institutua (Bera)
Gazteon aisia
Aurreko batean, egunkaria irakurtzen ari nintzela, ondoko informazioarekin topo egin nuen:

"Beharrezkoa zaigu aisialdiaren bitartez eguneroko ohituretatik irtetea, gizakiaren oreka mantentzeko. Horrela, gure denbora-tarte libre gehiena telebista aurrean –aisia pasiboa– ematen dugu eta honek gure parte-hartzeko gaitasuna murrizten du. Hala eta guztiz ere, gero eta gehiago dira aisia aktiboa praktikatzen duten pertsonak".



Irakurtzen hasi bezain laster, informazio horrek nire arreta guztia bereganatzea lortu zuen, irakurtzen ari nintzen bitartean, gero eta gehiago ohartzen bainintzen informazioaren garrantziaz. Egia esan, egoera horri buruz jende askok hitz egin ohi digu gazteoi, gurasoek gehienbat. Askotan esan digute gaur egungo aisia erabat pasiboa bihurtzen ari dela, eta hori kezkagarria dela, baina guk ez diogu garrantzirik ematen.

Ulertzekoak dira helduen kezka horiek, eta alde batetik arrazoia daukatela uste dut, gure ohiturak haien ohituretatik asko aldatu baitira. Gure gurasoek gazte garaian ez zuten guk beste denbora librerik, baserrietako lanak zirela medio... Baina aisialdian kirola egiten zuten edota, gutxienez, lagunekin herrira jolastera ateratzen ziren. Gaur egungo gazteok aldiz, telebista, mugikorra, eta abar direla medio, askotan ez gara etxetik irten ere egiten, eta arratsalde osoa mugitu gabe eman ohi dugu. Ondorioz aisialdia pasibo bihurtu dugu.

Nire iritziz, horrek guztiak ondorio okerrago batera ere eramango gaitu, osasunaren ezegonkortasunera hain zuzen ere. Denbora guztia telebistaren aurrean igarotzen badugu eta ez badugu kirolik praktikatzen, gure osasuna kaltetuko dugu. Egia esan, gero eta gazte gehiago dira kirola soilik eskolan egiten dutenak. Zenbait gaztek eskolatik kanpo ere praktikatzen duten arren, zoritxarrez gutxiengoa dira.

Aisia pasiboak beste ondorio bat ere sortu duela uste dut, sare sozialak direla-eta gazteen artean sortzen diren arazoak, hain zuzen ere. Dirudienez, gazte askok Whatsappa, Tuentia eta gisakoak erabiliz, aurpegira esatera ausartzen ez diren gauza asko argitaratzen dituzte, mundu guztiak irakurri ahal izateko, pertsona askori min eginez edota bazterketa soziala eraginez.

Hori guztia dela eta, eserita egon beharrean, gazteok kirol gehiago egitera animatzen zaituztet denbora librean, aisialdi pasibo horren hazkundea gelditzea gure esku baitago!